Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskal Kultura Ondareari begirada gaztea: abian da Kultura Ondarea Sariaren bigarren edizioa

2016.eko urtarrilak 05
  • Lanak aurkezteko epea apirilaren 8ra arte irekia
  • DBHko, Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleei zuzendutako sariketa da
  • kultura ondarea ezagutarazteko 3-10 minutuko bideoa egin beharko dute
  • Irlandara 7 eguneko bidaia irabaziko dute hiru lan onenek

Gutxienik hiru eta gehienez sei laguneko taldea osatu, euskal kultura ondarearen inguruko gai bat aukeratu, eta gai horrekin ikus-entzunezko lan bat egitea, 3-10 minutuko bideoa osatzea. Horixe proposatzen die Kultura Ondarea Sariak gazteei. Kultura ondarea, izan materiala, izan ez-materiala, zentzurik zabalenean har dezakete parte hartzaileek, eta euren inguru gertueneko elementuren bat bada, askoz hobe. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Kultura Ondarea Sariaren bigarren edizioa ipini du martxan 2015-2016 ikasturte honetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, eta Batxilergoko nahiz Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehen mailetako ikasleei zuzenduta.

Talde bakoitzak bi bideo aurkeztu beharko ditu. Bata, aukeratu duten gaiaren inguruko 3-10 minutuko bideoa: gai librea, baina euskal kultura ondarearekin zerikusia duena. Eta beste bideoa, aurrekoaren making of-a, sariketara aurkezten duten bideo nagusia nola gauzatu den kontatuko duen lana.

Kultura Ondarea Saria gure inguruari bestelako begi batzuekin begiratzeko gonbidapena da, eta kultura ondarea ulertzeko moduen gaineko eztabaida sustatu nahi du, bai ikastetxeetan, eta baita euskal gizartean ere. Euskal kultura-ondarearen gaineko sentsibilizazioa du helburu nagusi, gizarteko arlo guztietan, baina hezkuntza arloan eta gazteen artean batik bat. Horretarako, beraien kontakizuna eratu eta gai honen inguruko euren ikuspegia kontatu beharko dute gazteek, talde-lanean, eta sormen ariketa bat burutuz. Ondoren, webgunearen bidez, ikuspegi hori gizarte guztiarekin partekatzeko aukera izango dute.

Hezkuntza eta Kultura arloen arteko elkarlanaren emaitza izanik, sariketak helburu pedagogiko nabarmenak ere baditu. Ikasle zein irakasleei proiektu berritzaile batean parte hartzeko aukera eskaintzen die, oinarrizko konpetentzien garapenarekin bat datorrena. Kultura Ondarea saria tresna egokia da honako oinarrizko konpetentziak bultzatzeko: konpetentzia artistikoa, digitala, linguistikoa eta gizarte-konpetentzia. Gainera, ikaslea bere ikasketa prozesuko protagonista bihurtzen du.

Aurkeztutako bideoetan, epaimahaiak honako alderdi hauek baloratuko ditu: bideoa osatzeko egindako dokumentazio lana, elkarrekintza gizarte ingurunearekin (aukeratutako gaian garrantzitsuak diren pertsona edo eragileekin elkarrekintzan aritu izana), elkarrizketen egokitasuna eta kalitatea, sormena, dibulgazio izaera, eta kultura ondarearen tratamenduan berrikuntza,

www.kulturaondarea.euskadi.eus

Kultura Ondarea Sariak parte hartzaile guztien elkargune izan nahi duen webgunea ere badu: www.kulturaondarea.euskadi.eus Parte hartzaileek gune honen bidez egin beharko dute izen ematea, eta bertara igo beharko dituzte sariketara aurkeztu beharreko bideoak ere. Baina horrez gain, sariketan parte hartzeko eta euren ikus-entzunezko lanak egiteko lagungarri izango zaizkien bideo tutorialak ere ikusi ahal izango dituzte, hala nola, storytelling teknikari buruzko bideoa (istorioak kontatzeko teknika), elkarrizketak nola prestatu, bideo preprodukzioa nola egin edo bideo edizioari buruzko azalpenak.

Baina kultura munduko izen ezagunek ere parte hartu dute Kultura Ondarea sariketan, eta euren ekarpena utzi dute webgunean. Material Didaktikoa atalean sartuz gero, kulturgile ezagunekin grabatutako elkarrizketak ikus daitezke atari honetan. Kultura ondareari buruzko euren gogoeta utzi digute kulturan aditu eta arituek, besteak beste, Nestor Basterretxeak, Toti Martinez de Lezeak, Jesus Mari Lazkanok, Kepa Junkerak, Bernardo Atxagak, Lolo Ricok, Kirmen Uribek, Roman Gubernek, Ramiro Pinillak edo Jesus Altunak.

Kontuan hartzekoak:

  • Gaia: euskal kultura ondarearekin erlazionatutako edozein, dela kultura materiala, dela ez-materiala.
  • Taldeak: DBHko 3.eta 4. mailetako, Batxilergoko lehenengoko edo Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehen mailako ikasleak. Gutxienik 3 ikasle eta 6 gehienez taldeko, tutore batekin.
  • Bideoa: gutxienik 3 minutu, gehienez 10 minutuko iraupena, bereizmen handian.
  • Bigarren bideoa: aurreko bideoaren making of gisakoa
  • Epeak: Bideoak aurkezteko azken eguna, 2016ko apirilaren 8a
  • Saria: hiru bideo onenen egileek 7 eguneko bidaia egingo dute 2016ko udan Irlandara. Gidari  baten laguntzaz, Irlandako toki enblematikoenetako batzuk, bertako historia eta kultura ondarea ezagutuko dituzte,

Oinarriak zehatzago ezagutzeko, jo www.kulturaondarea.euskadi.eus atarira

2014-2015 ikasturteko edizioan, Euskadiko 26 institututako 67 taldek hartu zuten parte Kultura Ondarea Sarian. Guztien artean, epaimahaiaren baloraziorik onena jaso zuten lanak, eta beraz irabazleak, hauek izan ziren:

-         “Surfing our traditional basque boat rebuilding”. Julio Caro Baroja Institutua (Getxo). Aukeratutako gaia: Getxo eta itsasoaren arteko harreman historikoa, eta ontzi tradizionalak berreraikitzea.

-         Orozkoko garrafak”. Laudio Ikastola (Laudio). Aukeratutako gaia: Orozkoko San Antolin jaietako garrafak.

-         Euskara. Axular Lizeoa (Donostia). Aukeratutako gaia: Hizkuntza, herri baten ondare.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @MaritimoBilbao
    2016.eko urtarrilak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [Patrimonio Cultural Vasco] Ya está en marcha la segunda edición del Premio Kultura Ondarea ➡ https://t.co/JyhKiHeeV9

  • @PNV_Indautxu
    2016.eko urtarrilak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [Patrimonio Cultural Vasco] Ya está en marcha la segunda edición del Premio Kultura Ondarea ➡ https://t.co/GWr4u8M8aF

  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 05

    Comentario de Twitter:
    [Patrimonio Cultural Vasco] Ya está en marcha la segunda edición del Premio Kultura Ondarea ➡ https://t.co/GWr4u8M8aF

  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 05

    Comentario de Twitter:
    Abian da #Kultura Ondarea Sariaren bigarren edizioa: Euskal Kultura Ondareari begirada gaztea ➡ https://t.co/E2eMY1VFPC

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)