Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak itsas bazterreko arriskuengatiko alerta laranja aktibatu du, nabigaziorako, bihar astelehenerako eta etzi astearterako

2016.eko urtarrilak 03
Zazpi metrorainoko olatuak ekar ditzake
 
Segurtasun Sailak itsas bazterreko arriskuengatiko alerta laranja aktibatu du bihar asteleheneko (urtarrilak 4) 12:00etatik etzi astearteko (urtarrilak 5) 24:00etara arte. Izan ere, olatuek zazpi metroko altuera ere har lezakete. Kostaldeko inpaktuari baino, nabigazioari eragingo dio gehien bat alertak, mareak ez dira-eta bereziki biziak izango.
 

Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Atlantikoan olatualdi bizi bat sortzen ari da, Britainia Handiko kostalderantz doan beheragune sakon baten eraginez. EAEra bihar (urtarrilak 4) iritsiko da nabarmenki, eta Errege egunera arte iraungo du.

Euskalmeten iragarpenei jarraikiz, urtarrilaren 4ko eguerdi partean olatuen altuera adierazgarriak 5 metroak gaindituko ditu, batez ere hondoko itsasoa dela medio, eta 6 metro izateraino ere irits liteke.

Hurrengo egunean (urtarrilak 5) are handiagoa izango da olatuen altuera adierazgarria, 6-7 metroen inguruko balioak harturik. Nolanahi ere, urtarrilaren 6ko azken orduan olatuen altuera adierazgarriak 4 metro inguru izango dituela estimatu da.

Laburbilduz, beheragune urrun horrek eguraldi nahasia eta batez ere olatu biziak utziko dizkigu; horrez gain, EAEn eragingo duten hainbat fronte ekarriko ditu eta, beraz, datozen egunotan euriak eta mendebaldeko haizeak espero dira. Tenperaturek behera egingo dute, bereziki urtarrilaren 5ean eta 6an.

Gomendioak

Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologiako Zuzendaritzak, eragin litezkeen ondorio negatiboak saihestu eta arintze aldera, gomendio hauek eman dizkie herritarrei:

Prebentzio-neurri gisa:

  • Ez bainatu itsasoan.
  • Urpean ibiltzeko asmorik izanez gero, utzi beste baterako.
  • Ez erabili itsasontzirik eta egiaztatu ondo amarratuta daudela. Ez ezazu inola ere uretako kirolik egin.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Itsasora eroriz gero, saiatu olatuak lehertzen diren lekutik aldentzen, eskatu laguntza eta egon erreskatatu bitartean.
  • Olatuek arrastatuz gero, egon lasai; ez egin igeri korrontearen kontra, kostako korronteek indar gutxiagoko zatiak dituzte.

Oharra.- Eguraldi iragarpenak eta abisuak jarraitzea gomendatzen da, Euskalmeten (http://www.euskalmet.euskadi.eus) edo Twitter bidez (@Euskalmet).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko