Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Adinekoen autonomia sustatzeko politiken alde hitz egin du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak

2010.eko irailak 02

 

"Gure gizartea zahartzen ari da, eta egoera horrek ekartzen digun eskenatokian, zahartzaroak eragindako mendekotasunari dagozkion beharrizanei erantzuteaz gain, autonomia sustatzeak eta mendetasun hori prebenitzeak izan behar dute lehentasuna". Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Donostian esan ditu hitz horiek, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatutako udako ikastaroen barruan, zahartzerako politika eta sustapen-plenai buruzko mahai-inguruan.

Kalkulatzen denez, 2020. urtean Euskadiko herritarren % 26,4k 65 urtetik gora izango dituela (2001. urtean % 17 ziren). Egoera horren ondorioz, "hobeto zahartzea" gure gizarteak dituen erronka nagusietako bat da. Sailburuaren iritziz, "adinekoen autonomia sustatzen duten politikak zehaztea lagungarri izango litzateke erronka horri aurre egiteko eta, bide batez, horrek bizi‑kalitate handiagoa ekarriko lioke gure gizarteari".

Adin guztietako pertsonentzako gizartea eraikitzen lagunduko luketen ongizate-planak eta -programak bilatzen ari garen testuinguru honetan kokatzen da Zahartze Aktiboa izenekoa; izan ere, horren arabera, adinekoek badituzte eskubideak, eta ekarpen handia egiten diote gizarteari.

"Hainbat hamarkada igaro ditugu oinarrizko beharrizanei erantzuteko lanean murgilduta, nagusiki sorospen-izaera duten helburuen atzetik; baina, orain, laguntza horiek hobetzen jarraitzeaz gain, garapen pertsonalerako aukera gehiago eta hobeak eskaintzen dituzten proposamenez osatu behar ditugu", adierazi du Zabaletak.

"Zahartze Aktiboak hezkuntza-izaerako alderdi ugari ditu; izan ere, pertsonek beren buruez duten pertzepzioa aldatu eta hobetu baitezake. Bizitza osoko ikaskuntzari buruz Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Lege berriak oinarri handia du ildo horretan; izan ere, jadanik gauzatu diren ekimenak eratuko ditu, eta ideia eta jarduera berriak sustatuko", iragarri du sailburuak.

Horren ildotik, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen eta Autonomia pertsonala eta mendetasun egoeran dauden pertsonentzako arreta sustatzeko Legearen garapen eta aplikazioan lan egiten ari da Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila. "Ziur gaude etxez etxeko eta komunitateko gizarte-zerbitzuen garapena eta gizarte- eta osasun-koordinazioa giltzarri izango direla, gero eta gehiago, gizartean adinekoak ahalmentzeko prozesuan", adierazi du Gemma Zabaletak amaitzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta