Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariaren urte amaierako mezua

2015.eko abenduak 31

Gabon:

Ordu gutxi barru, 2016 urte berria hasiko dugu.

Ilusioarekin hasiko dugu. Itxaropenarekin. Konbentzimendu osoarekin aurrean ditugun erronkei aurre egiteko gai izango garenaz.

Euskadi kultura eta aukera herri bat da, modernoa eta lehiakorra, elkartasun izpiritu irekia duena; eta horrela aurkeztuko du bere burua 2016an Europaren aurrean.

Ordu gutxi barru, Europako Kultur Hiriburua izango da Donostia. Herri proiektu bat, elkarbizitza sustatu beharra indartuko duena. “Elkarrekin bizitzea bata bestearen bizikide izatea da”, horixe da bere mezua eta izpiritu horrexekin ekingo diogu urte berriari.

Elkarrekin bizitzea, elkartasunaren, batera egindako ahaleginaren eta gizarte kohesioaren balioak oinarri hartuta. Elkarrekin bizitzea da jabetzea ezberdintasuna eta aniztasuna aberasgarri direla. Elkarrekin bizitzea da partekatzea balioak eta etorkizuneko proiektuak, elkarrekin lan egitea proiektu komun baten alde. Hori da gure proiektua Euskadirentzat.

Munduko ekonomiak zalantza uneak bizi ditu, krisialdi sakon eta luze batetik atera nahian. Gure erabakia da jarraitzea, aurrera eginez eta hobetuz egunetik egunera. Euskadin, erakunde publikoen eta ekimen pribatuaren ahaleginari esker, hazten hasi gara.

Jakin badakigu hamarkada honetako urte guztiak beharko dituguna erabat suspertzeko eta krisialdiaren hasierako egoerara itzultzeko. Ezer ez da lehen bezalakoa izango. Egia da. Baina gaur konfiantza gehiago daukagu ezinbestekoak diren aldaketei aurre egiteko eta etorkizun hobea eraikitzeko.

Eusko Jaurlaritzak aurrerantzean ere “pertsona helburu” izaten jarraituko du. Osasun eta Hezkuntzaren zerbitzu publikoak eta gehien behar duten familia eta pertsonen babesa, baita segurtasuna ere, bermatuta egongo dira aurrerantzean ere. Krisialdiak eragindako ezberdintasun eta txirotasun egoeren aurrean, elkartasuna, kohesioa eta justizia soziala lehentasunezkoak izango dira gure gobernuarentzat aurrerantzean ere, gizartearentzat ere lehentasunezkoak dira eta.

Euskal gizarteak, arduraz eta zentzuz, pertsona guztien bizi duintasuna bermatu behar du inor atzean utzi gabe, gizartean bizitzea merezi dezan.

Elkarrekin bizitzeak errespetua eta berdintasuna ere esan nahi du. Gaur bereziki ekarri nahi ditut gogora aurten emakumeen aurka jasan ditugun indarkeria kasuak. Gizartearen gaitz hori errotik atera eta garaitu behar dugu. Elkarrekin bizitzeak berekin dakar apustu egitea gizonen eta emakumeen benetako aukera berdintasunaren alde. Berdintasunaren eta errespetuaren balioetan heztea oinarrizko premisa da aurrera egiteko indarkeriarik gabeko gizarte batean, baita emakumeen zein edozein gizakiren kontrako indarkeriarik gabeko gizarte batean ere.

2015 honek ekonomia suspertzen hasi dela erakutsi du. Hasi dela. Joera hori finkatzea da gure zeregina, giza garapen jasangarrirako dugun eredua aplikatzen jarraitzea. Hazkuntzarako eta enplegurako politika ekonomikoaren kemenari eutsiko diogu: enpresaren berrikuntzaren eta nazioartekotzearen aldeko apustuari; inbertsioari; “basque industry 4.0”, teknologizatzea eta digitalizatzea, espezializazio adimentsua eta zerbitzu aurreratuak sendotzeari.

“Pertsona helburu” ezaugarri duen giza garapen jasangarriarekin batera, ekoizpen‑ekonomia laguntzeko dugun ereduari eutsiko diogu, itunen, lankidetzaren eta hitzarmen publiko-pribatuaren alde eginez. Jaurlaritzaren politika ekonomikoak inbertsioa eta hazkundea lehenetsiko ditu aurrerantzean ere.

Ezagutzen ditugu lan merkatuak dituen zailtasunak, batez ere, gazteentzat eta iraupen luzeko langabezian dauden pertsonentzat. Eusko Jaurlaritza elkarlanean ari da erakunde guztiekin, prestakuntza-esparruarekin eta enpresekin honako lehentasun hau partekatuta: kalitate handiagoko enplegu-aukerak sortzen laguntzea. Hori egiten jarraituko dugu egunez egun, enpleguz enplegu, krisialdiaren aurretik genuen tokia berreskuratu arte.

2016 urte berri hau aukera ere bada bakearen eta elkarbizitzaren kultura zabaltzeko.

Euskadin gure konpromisoak beteko ditugu aurrerantzean ere: konpromisoa hartu dugu, balioetan heztearekin ez ezik, terrorismoaren biktimen memoriarekin eta errekonozimenduarekin ere; Gogora Institutuaren ateak ireki ditugu; eta aurrera egin dugu Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planean. Egoera politiko berriak aukera eman digu berriro esateko aurrera egin behar dela erakunde eta politika hitzarmenean, heldutasunez, Bake eta Bizikidetzarako benetako estatu-politika bat aplikatuz. Horretan sinesten dugu eta horri eutsiko diogu lortu arte.

Aurten, bestalde, hurbil hurbiletik nozitu ditugu nazioarteko terrorismoaren ondorioak. Erantzunak, Europar Batasunak kanpo politikan, lankidetzarakoan segurtasun politika bateratu batean parte hartzea eskatzen du.

Gatazkak sortzen diren lekuan konpondu behar dira eta, lehenik eta behin, gure zeregina da gizarte kontzientzia mobilizatzea eta harreraren eta elkartasunaren balioak finkatzea, izan ere, bakea eta etorkizuna aurkitu nahi dute Europan gerraren eta hondamendien biktimek. Une egokia da hau, gogora ekartzeko, ez ahazteko, lekuz aldarazitako eta errefuxiatutako milioika familien zorigaitza. Europa osoko guztiok egin behar dugu zerbait eta irtenbideak eskaini behar ditugu.

Euskadiren etorkizunean ilusioa izaten jarraituz ekingo diogu urte berriari.

Gizarte kohesionatu bat finkatu dugu, ekimena eta hazteko gaitasuna duena. Ekonomiaren krisialdi sakon eta luzean zehar, egoerari eustea lortu dugu, oinarrizko zerbitzu publikoei eustea eta gehien behar dutenentzako laguntza lehenestea.

Horretarako, zorroztasuna, erantzukizuna eta errealismoa erabili ditugu.

Orain konfiantza gehiagoz begiratzen diogu etorkizunari. Gure historiak eta lan kulturak erakusten digute helburu komun bat partekatzen badugu badugula gaitasuna helburu hori lortzeko. Euskadi – Basque Country deitzen da helburu hori mundu global eta ireki honetan.

Etorkizunari begiratzen diogu eta gure helburua da eraikitakoaren gainean eraikitzen jarraitzea: herri modernoa, kohesionatua eta lehiakorra. Herrialde horrek badaki bere aktiborik handiena pertsonak direna; balioak dituzten pertsonak: ahalegina, konpromisoa eta elkartasuna dira belaunaldiz belaunaldi jaso ditugun balioak, zaindu eta hurrengo belaunaldiari utzi behar dizkiogunak.

Datorren 2016 honetan 80 urte beteko dira Euskadiren lehen Estatutua atera, lehen Eusko Jaurlaritza eratu eta Jose Antonio Aguirre lehen lehendakari izendatu zutela. Aguirre lehendakariak utzitako legatuak ere indarrean jarraitzen du: Euskadiren erakundetzea; pertsona, humanismoaren balioak eta gizarte justizia ardatz dituen politika; kultura eta euskararekiko konpromisoa; foru lurraldeen eskubide historikoak oinarri hartuta, herrialdea egunez egun eraikitzeko proiektua, konpromiso nazionalean eta konpromiso sozialean finkatutakoa.

2016. urte honetan gure zeregina da eraikitakoa defendatu eta autogobernuan aurrera egiten jarraitzea, lankidetza eta partaidetzatik abiatuta. Betiere, politika eta erakunde-ordezkariek erabaki eta euskal gizarteak legez berretsi ondoren.

Beste urte bat hasiko da laster, jarrai dezagun lanean elkarrekin, Euskadi elkarbizitzaren herria izan dadin, giza garapenaren eta garapen jasangarriaren eredua izan dadin. Mundura zabalik dagoen Euskadi, kulturaren alde egiten duen herria, hori baita bizikidetzarako eta elkarbizitzarako oinarria.

Mila esker zuen arretagatik, zorionak eta urte berri on!

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2016.eko urtarrilak 07

    pues me alegro tanto

  • @PNV_Indautxu
    2016.eko urtarrilak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Ez bazenuen ikusi Lehendakariaren urte amaierako mezua, hemen duzu aukera ➡ https://t.co/3uWqF9vbMR https://t.co/WgGwOhreKT

  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 04

    Comentario de Twitter:
    Ez bazenuen ikusi Lehendakariaren urte amaierako mezua, hemen duzu aukera ➡ https://t.co/3uWqF9vbMR https://t.co/WgGwOhreKT

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)