Berriak Segurtasuna
Eu

2015ean, Euskadin berrogeita hamahiru pertsonak galdu dute bizia trafiko-istripuak direla eta

2016.eko urtarrilak 01
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iazko aldean heriotza kopurua handitu bada ere, oraindik ere mantentzen da duela hamar urte baino gehiago hasitako joera beherakorra

2015ean 53 pertsona zendu da trafiko-istripu baten ondorioz: hau da, iazko aldean gora egin du kopuruak, 2014an datu hori bereziki positiboa izanik (29 hildako). 2013ko eta 2012ko urteen aldean, berriz, behera egin dute 2015eko datuek (56 eta 59 hildako, hurrenez hurren). Duela hamar urte, 2005ean, trafiko-istripuek 124 heriotza eragin zituzten Euskadin. 2003tik (207 hildako) bilakaera positiboa izan dute datuek, argi eta garbi, erantsitako grafikoan ikus daitekeen moduan. 

Datu horien informazio-iturria Ertzaintza eta tokiko poliziak dira; hau da, hiri barneko eta hiri arteko errepideetan gertatutako istripuak jasotzen dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, Garbiñe Sáez Molinuevok, hildako kopurua murrizten jarraitzeko lan egiteko premia azpimarratu du, eta sentikortzea, kontzientzia hartzea, zaintza eta kontrolak areagotzea proposatzen ditu bide gisa: «Duela hamar urte urruti zirudiena –urtean ehun hildakotik beherako kopuruetara iristea– lortu egin zen, tarteko administrazio eta eragileen lan saiatuari esker, bai eta, jakina, gidari, oinezko, txirrindulari eta abarren kontzientzia handiagori esker ere. Laburbilduz, bide-erabiltzaile garen guztion kontzientziazioari esker. Horixe da jarraitu beharreko bidea, eta horixe ere Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak hartutakoa.

«2016an, enpresa, osasun-etxe, udal eta ikastetxeetan presentzia izango du Trafiko Zuzendaritzak. Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jardungo duten pertsonen sare bat ehuntzen jarraituko dugu, bide-segurtasunaren aldeko prebentzioa eta kontzientziazioa lantzen lagundu diezaguten –gaineratu du Sáez Molinuevok «Kanpaina espezifikoak egingo ditugu, beste administrazioekin elkarlanean, langileak prebentzioaren arloan prestatuko ditugu, kalteberenen artean kontzientziazioa sustatuko dugu... Gure Plan Estrategikoak 2020ra bitarteko bide-orri bat zehazten digu, helburu argi batekin: are gehiago murriztea istripu kopurua eta, batez ere, hildako kopurua».

2015ean hildako 52 pertsonatatik, 30 gidariak ziren (2 txirrindulari, 8 moto-gidari eta 19 auto- edo bestelako ibilgailu-gidari), 10 bidaiariak eta 13 ibilgailuek harrapatutako oinezkoak. Lurralde historikoaren araberako banaketari dagokionez, Gipuzkoan 30 pertsonak galdu zuen bizia, Bizkaian 14k eta Araban 8k.

Hildako biktima gehienak gizonezkoak dira

Datuek argi erakusten dute, beste behin, Euskadin trafiko-istripuan hildako gehienak gizonezkoak direla (42 gizon eta 11 emakume). Hildako 30 gidarietatik, 27 gizonezkoak ziren eta 3 emakumezkoak. Bidaiariei dagokienez, 8 ziren gizonezkoak eta 2 emakumezkoak Azkenik, ibilgailu batek harrapatuta hildako oinezkoen artean, 7 ziren gizonezkoak eta 6 emakumezkoak.

Adinei erreparatuta, ohartzen gara hildako hamaika emakumetatik zazpi 70 urtetik gorakoak zirela; hildako gizonen artean, berriz, zabalagoa da adin tartea –25 eta 64 urte–, eta hildakoak ibilgailu gidariak dira batik bat.

Istripu gutxiago, baina larriagoak

Nahiz eta behin-behinekoak diren guztizko istripu kopuruari eta zauritu kopuruari buruzko 2015eko datuak –behin betikoak otsailean ezagutaraziko dira–, orain arte jasotako zifrek aditzera ematen dute trafiko-istripuen kopurua txikitu dela, baina istripuen ondorioen larritasuna handitu. Ertzaintzak 7.191 istripu erregistratu ditu (2014an baino 735 gutxiago) eta istripu horietan 393 pertsona zauritu ziren larriki (264 gidari, 58 bidaiari eta 71 oinezko).

Horrez gain, aintzat hartu behar da 2015ean % 3 hazi dela ibilgailuen zirkulazioa euskal errepide-sarean. Beraz, kontuan eduki behar da ezen, Euskadiko errepideetan ibilgailu gehiago izanik, gora egiten duela istripuak gertatzeko arriskua ere.

«Urtean zehar egiaztatu dugunez, iaz baino istripu gutxiago ari da gertatzen, baina hildakoen kopuruari dagokionez, larriagoak izan dira istripuok. Ildo horretan, istripu bakoitza aztertzen ari gara, kausak eta ondorioak analizatzeko eta, hartara, neurri egokiagoak zehaztu eta hartzeko. Egia da, hala ere, oraindik arreta-galtzeak eta abiadura desegokiak direla istripu-kausa ohikoenak –adierazi du Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak–.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)