Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Mundu osoko 20.000 bisitari baino gehiago erakartzen ditu urtero Surfak Euskadira

2010.eko irailak 03

Surfak 6 milioi euro baino gehiagoko ekarpena egiten dio Euskadiren BPGari eta 600 lagun baino gehiagori ematen die enplegua

Itsasoan egonaldi aktibo bat egiteko helburuarekin Euskal Kostaldera datorren bisitariarentzat pentsaturiko turismo-produktu bat da 'Surfing Euskadi'.

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak BASQUETOUR Turismoaren Euskal Agentziaren bidez abiarazitako 'Surfing Euskadi' produktu berria aurkeztu du Zarautzen. SAN MIGUEL PRO ZARAUTZ txapelketarekin aldi berean gertatu da aurkezpen hori, hau da, WQS surfeko munduko zirkuituko maila handieneko proba batekin, 6 izar baititu. Sailburuordea eta Basquetour agentziaren zuzendari Ana Izaguirrek Euskadiko surfaren produktu turistikoa definitzeko landuriko azterlanaren eta haren ondorengo garapenaren ondorio nagusiak helarazi dituzte. Azterlan horren bidez Euskadiko merkatu turistikoaren erronka eta eskari berriei erantzuna eman nahi zaie, aisiarekin, kirolarekin eta naturarekin loturiko produktuetarako, turisten joera eta premia berriekin bat datozenetarako.

Euskadik surfaren inguruko produktu turistiko bat garatzeko duen potentziala oso handia da. Euskal Kostaldeko olatuen kalitateari eta Euskadiko helmuga turistiko batzuetan kirol-modalitate horrek duen arrakastari zor zaio hori batez ere. Barietate eta kalitate handiko 38 surf-hondartzako eskaintza dauka 250 kilometroko kostaldean, eta ia urte osoan dago olatuez gozatzeko aukera. Kirol horrek mundu osoko 20.000 bisitari baino gehiago erakartzen ditu gure hondartzetara eta 600 lagun baino gehiagori ematen die enplegua. 6 milioitik gorako ekarpena egiten dio horrek BPGari.

Euskadik gaur egun lehiakortasun-maila egokia du Surfaren kirolean espezializatu diren kostaldeko helmugetan, eta horien artean daude honako hauek: Sopela, Bakio, Mundaka, Zarautz eta Donostia Kirol horretako helmuga estrategikoenak diren horietaz gain, Euskal Kostaldeko udalerri guztiek ere aktiboki parte hartu dute produktuaren definizioan. Eusko Jaurlaritzak, produktu hori indartzeko egiten ari den lanaren bidez, munduko surf-helmuga garrantzitsuenetako bat bihurtu nahi du Euskadi.

Horrenbestez, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Basquetour agentziaren bidez ezarritako helburuen artean honako hauek defini daitezke: Surfaren praktikarako bokazio argia duen Euskadiren helmuga bereiztea, zerbitzu turistiko integratu batzuekin osatuta; egungo surf-eskaintza egituratzea Euskadin; kalitatezko produktu bat sortzea, beste helmuga batzuen eskaintzatik bereizteko elementu gisa balioko duena eta administrazio publikoen eta Euskadiko surf-turismoaren enpresa-sektorearen arteko lankidetzarako eta inplikaziorako tresna izatea.  

Helburuak lortzeko lasterrerako aurreikusiriko jardunetako bat 'Surfing Euskadi produktuko kluba' garatu eta abiaraztea da. Erakunde hori arduratuko da inplikaturiko agenteek (eskolak, klubak, surf-kanpamenduak, hartzaile-gidak, denda espezializatuak, alojamenduak, turismo aktiboko enpresak) gutxieneko eskakizun batzuk (kalitate-arloan) betetzen dituztela egiaztatzeaz produktuaren beraren zati izateko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Zorrilla (Merkataritza eta Turismoko sailburuordea )