
Gobernu Kontseiluak Autonomia-Erkidegoaren eta Sustapen Ministerioaren arteko hitzarmen bat onartu du, Itsas Etxeako lokal bat Getariako Itsas Barrutiaren egoitza gisa erabiltzeko. (2015-12-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)
Erabakia, Sustapen Ministerioarekin lankidetza-hizarmena sinatzeko baimena ematen duena. Horren bidez, Itsas Etxean kokatuta dagoen lokal bat lagatzen da, Getariako itsas barrutiaren egoitza izateko.
LABURPENA
Gobernu Kontseiluak Euskadiko autonomia-erkidegoaren administrazio orokorraren eta Sustapen Ministerioaren arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartu du, Itsas Etxean kokatutako lokal bat Getariako Itsas Barrutiaren egoitza gisa erabil dadin lagatzeko.
Esleitutako eskumenen artean, Estatuaren Administrazio Orokorrari dagokio, Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, itsas nabigazioaren antolaketa orokorraren eta flota zibilaren arloko eskumenen erabilera; horretarako, Itsas Kapitaintza bat edo Itsas Barruti bat dauka nabigazio maila jakin bat duten edo itsas segurtasuneko baldintzek hala eskatzen duten portu bakoitzean. Horrenbestez, Pasaiako Itsas Kapitaintzak Itsas Barruti bat izango du Getariako udalerrian.
Aipatutako eskumenak baliatzeko, Getariako Itsas Barrutiak lokal batzuk bete eta erabili behar ditu udalerri horretan; izan ere, gaur egun arrain-lonja barruan alokatutako lokal batean du egoitza.
Euskadiko Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio portu arloko eskuduntza esklusiboa; hala, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari dagokio, Ingurumen eta Lurralde Politikaren Sailaren barruan, portuen antolamendua, portuetako zerbitzuen kudeaketa eta kontrola eta, azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen diren portuetan eta portu-instalazioetan garatutako jarduerekin zerikusia duen guztia.
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak zenbait lokal dituenez Getariako portuan, portu jabari publikoaren barruan (Itxas Etxeko lehen solairuan), bidezkotzat jo da lankidetza-hitzarmen bat sinatzea horien erabilera lagatzeko; aldez aurretik, Itsasoko Gizarte Institutua zegoen lokal horietan, baina gaur egun erabilgarri daude, eta Pasaiako Itsas Kapitaintzari lehen solairuan kokatutako gune batzuen erabilera lagatuko zaio: 101,27 metro karratu guztira, Getariako eraikin horretan, Getariako Itsas Barrutiaren bulegoetarako.