Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

1,15 milioi euro Ikerbasque Fundazioarentzat, bikaintasuneko ikertzaileak erakartzeko programatarako. (2015-12-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko abenduak 29

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Ikerbasque Fundazioari 1.149.999 euroko diru-laguntza zuzena emateko erabakia hartu du, bikaintasuneko nazioarteko ikertzaileak erakartzeko programekin jarraitzeko, Research Fellow eta Research Professor deialdien bidez.

Ikerlari gazteentzako Research Fellow programak helburu hau du: Euskadin 100 ikertzaile gazte kontratatzea 2013-2017 aldian, urteroko deialdien bidez. Ikerbasquek 5 urteko ikerketa kontratuak eskaintzen dizkie, jakintzaren arlo guztietako ikertzaileei, euren ikerketa lana Euskadiko ikerketa zentroetan burutu dezaten. Hiru eta hamar urte bitarteko ikerketa esperientzia duten ikertzaileei zuzenduriko deialdia izaten da.

Bestetik, ikertzaile seniorrentzako Research Professor programak 2014-2017 aldian Euskadin 50 ikertzaile kontratatzeko helburua du, kasu honetan ere urteroko deialdien bidez. Deialdi hau ibilbide luzeagoko ikertzaileei zuzendua izaten da, ikerketan 10 urtetik gorako esperientzia dutenentzat. Hauek ere, Euskadiko ikerketa zentroetan eta unibertsitateetan burutzen dute euren lana, hautatuak izanez gero.

Bai Reserch Fellow programak eta bai Reserch Professorrek, ikerketarako talentua Euskadira erakarri eta bertan eustea dute helburu. Funtzio bikoitza dute bi deialdiek: batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (euren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea.

Ikerbasqueren bi programa hauek Europako Batzordeak garapen zientifikorako ekimen europar onenetariko gisa hautatu zituen. Research Fellow Europa guztiko 64 proposamenen artean izan zen aukeratua, eta Research Professor aldiz, 70 poposamenen artean.

Programa hauen bidez hautatutako zientzialariek ezagutzaren arlo guztietan garatzen dute beren lana, Zientzia Esperimentaletan (Biologia, Kimika, Fisika), Biziaren Zientzietan eta baita Medikuntzan, Matematikan eta Ingeniaritzan, Humanitate eta Gizarte Zientzietan ere.

2014ra arte, Fundazioak 146 kontratu mugagabe egin ditu Research Professors zientzialari seniorren kategorian, eta Research Fellows zientzialari gazteen 44 kontratu. Ikerbasque-ko ikertzaileek 760 artikulu eman dituzte aldizkari indexatuetan argitara 2014an, urteko % 13ko gehikuntzarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau