Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketaren Lege Proiektua. (2015-12-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko abenduak 29

LABURPENA

Euskadiko Lanbide Heziketaren eraldaketa estrategikoa bultzatzen du Lege-proiektuak
Lanbide Heziketako eredu berri bat ezartzen du Euskadin, Prestakuntza Integratuko, Berrikuntza Aplikatuko eta Ekintzailetza Aktiboko Eredu Konbinatu bat

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Euskadiko Lanbide Heziketaren Lege-proiektua onartu du gaurko bileran.

Urteetan zehar, lanbide-heziketak funtsezko zeregina bete du une zailenetan pertsonei laguntzen, dela enplegua galdu dutenean, dela prestakuntza handiagoa lortu behar zutenean.

Baina, batik bat, Lanbide Heziketa haiek behar zutena eta bizitza pertsonal nahiz profesionalean aurrera egiteko nahi zutena zela uste izan duen hainbat gazteri erantzun eraginkorra ematen segitu diolako. Baita enpresei ere, haien giza kapitalaren kualifikazio-premiei dagokienez, edota askotariko proiektuak abiarazi edo garatzeko orduan. Baina krisialdian gertatutako aldaketek, batez ere krisitik ateratzen ari garen aldi honetan gertatzen ari direnek, eraldaketa sakonei eman diete bide:
-Gure ekoizpen-sektoreen lehiakortasunean eraldaketak
-Enpresetan eta enpleguan eraldaketak
-Gaitasun eta ezagutzetan eraldaketak

Eta Lanbide Heziketak funtsezko eginkizuna betetzen du horietan guztietan.
Onartu den Lege-proiektu honen helburua zera da: Euskadiko Lanbide Heziketaren eraldaketa estrategikoa abiaraztea. Eraldaketa horrek arau-esparru fidagarri, zabal eta zorrotza behar du: helburu konplexuak lortzeko bidean aurrera egiteko aukera emango duen esparru bat, hartara, enpresa eta enpleguaren premia berrietara egokitu ahal izateko.

Proiektu landua da oso, eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren barruko patroi nahiz sindikatuen arteko adostasuna lortu du, bai eta Lanbide Heziketako zentroena ere. Era berean, akordioa lortu da Enplegu Sailarekin eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailekoekin ere, bai eta Lanbiderekin eta Foru Aldundiekin ere. Azken horiek egindako ekarpenak eta agertutako lankidetza lagungarri izan dira gaur onartu den Lege-proiektuaren azken testua hobetzeko.

Proiektuak hogeita hamahiru artikulu hartzen ditu barruan, honela banatuta: atariko kapitulu bat eta beste bederatzi kapitulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, bi xedapen indargabetzaile eta bederatzi azken xedapen.

Atariko kapituluak Legearen xedea eta helburua du hizpide, bai eta testuaren jomugak eta enpresa, eragile sozial eta beste erakunde eta entitateekin lankidetza ere.

Lehen kapituluak Lanbide Heziketako eredu berri bat ezartzen du Euskadin: Prestakuntza Integratuko, Berrikuntza Aplikatuko eta Ekintzailetza Aktiboko Eredu Konbinatu bat, hain zuzen.

Lanbide-heziketako ikasleei, biztanleria aktibo landun nahiz langabeari zuzendutako prestakuntza integratua.

Bestelako ikasketa batzuk, metodologia berriak, eta bestelako antolamolde, ikasgela eta ikastetxe batzuk garatzera zuzendutako berrikuntza aplikatua. Baina baita Enpresa Txiki eta Ertainentzako lehen laguntza-maila izatera ere zuzendua, berrikuntza gara dezaten, bai produktuetan, bai ekoizpen-prozesu eta zerbitzuetan.

Eta ekintzailetza aktiboa, ikasleen artean ekin-nahiaren kultura bultzatzera eta lanbide-heziketako zentroetan enpresagintza sustatzera bideratua.

Bigarren kapituluan, hainbat sektoretan Espezializatutako Sare Nodoak sortzea aurreikusi da; hain zuzen, enpresen eta haien inguruneen premiei berehalako erantzunak emango dizkieten Lanbide Heziketako ikastetxeek eratuko dituzte nodook.

Hirugarren kapituluak Euskadiko Lanbide Heziketa Duala du ardatz. Diseinu erabat aurreratuko eredua da: lau urteko esperimentazio-aldi baten ostean, pertsonen prestakuntza-premietara egokitzen den eredu ondo egituratua ezartzea lortu da, haren bitartez gure enpresen lehiakortasuna eta Euskadiko lanbide-heziketan prestatzen diren pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko.

Laugarren kapituluak Lanbide Heziketa Koordinatzeko Goi Mailako Organo bat sortzen du: sailarteko organo bat da, eta hari dagokio lanbide-heziketaren arloko politikak koordinatzea, Sailek garatutako estrategietan eragin dezaten.

Bosgarren kapituluak Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparrua ezartzen du. Esparru horri esker, erantzun azkarra eman dakieke enpresek bertan jardungo duten langileen prestakuntzaren eta espezializazioaren inguruan izan lezaketen premiei.

Seigarren kapituluak Euskadiko lanbide-heziketaren nazioartekotzean jartzen du arreta. Nazioarteko campus bat sortuko da horretarako; Europan maila horretan sortzen den lehenengo campusa izango da, eta euskal enpresei kokatzen diren herrialdean estaldura eskainiko die, haien giza kapitala prestatzeari dagokionez. Halaber, Euskadiko Lanbide Heziketan metatutako ezagutza eta eskarmentua beste herrialde batzuetara hedatzeko aukera zabaltzen du.

Zazpigarren kapituluak eredu elebiduna ezartzen du Lanbide Heziketarako, bigarren mailako hezkuntzan ezarritako hizkuntza-tratamenduaren jarraitutasuna bermatzeko. Era berean, eredu hirueleduna txertatzen du, atzerriko hizkuntzak sartuta, ingelesa lehenetsirik hirugarren hizkuntza gisa.

Zortzigarren kapituluaren gaiak hauek dira: Lanbide Heziketako ikerkuntza, berrikuntzaren eta etengabeko hobekuntzaren sustapena, eta irakasleen prestakuntzaren sustapena.

Bederatzigarren kapituluak Euskadiko Lanbide heziketako sistema guztiaren ebaluazioa du ardatz.

Lehen xedapen gehigarria lanbide heziketako aholkularitzako erakunde teknikoei buruzkoa da.

Legeak Lanbide Heziketa moderno, aurreratu eta flexiblea ezartzen du Euskadin, eta gure LHko sistema babesteko eta indartzeko aukera emango digun eredu bat ezartzen du.

Hezkuntza-sistemari dagokionez, prestakuntza mota horretako ikasleen prestakuntza eta kualifikazio maila areagotuko eta hobetuko duen eredu bat sortzen du. Horrez gain, egokia da gure enpresen premiei erantzun azkar eta eraginkorrak emateko ere.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • Autokanporatutako erabiltzailea
    2015.eko abenduak 30

    Enhorabuena a los responsables de FP de esta comunidad. Sois los avanzados de esta enseñanza en España, desde luego. Mis felicitaciones por vuestro trabajo