Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordeari (CEAR-Euskadi) zuzeneko diru-laguntza bat emateko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak, hark eraberean sarea finantza dezan. (2015-12-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko abenduak 29

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzak Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordeari (CEAR-Euskadi) 80.000 euroko zuzeneko diru-laguntza bat emateko baimena eman du, hark Eraberean Sarea finantza dezan. Eragilez osatutako sare horrek arrazagatik, jatorri etnikoagatik, sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik bazterkeria jasaten dutenei laguntza eta orientazioa ematen die.

Immigrazioaren arloan, Euskadiko Estrategiaren laugarren jarduera-ildoak bazterkeriaren, arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko programa bat jasotzen du. Ildo horretan, arrazarekin, jatorri etnikoarekin, sexu-orientazioarekin eta genero-identitatearekin lotutako bazterkeriaren aurkako jarduerak premiaz gauzatzeko beharra nabaritu du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak. Horrenbestez, arlo pribatuan halako bazterkeriaren biktima direnentzako laguntza- eta orientazio-zerbitzuz hornitu nahi du lehenbailehen Euskal Autonomia Erkidegoa.

Eraberean sarea helburu horrekin sortu zuten 2014an, besteak beste, hurrengo elkarte hauek: CEAR Euskadi, Gurutze Gorria, GAO LACHO DROM, KALE DOR KAYIKO, NEVIPEN, Errespetuz, CITE-CC.OO., EHGAM, GEHITU, AGIFUGI eta Sos Arrazakeria Gipuzkoa. CEAR Euskadi elkartea arduratzen da herri-administrazioekin koordinatzeko eta bitartekari lanak egiteko funtzioez, bereziki, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin.

Aipatutako elkarte horiek zeregin nabarmena izan dute etorkinekin, ijitoekin eta LGTB kolektiboekin lotutako gizarte-ekintzaren arloan.

Eraberean sareak, hain zuzen ere, arrazarekin, jatorri etnikoarekin, sexu-orientazioarekin eta genero-identitatearekin lotutako bazterkeria jasaten edo jasan duten pertsonei edo halako egoerak ezagutzen dituztenei laguntza eta aholkularitza ematen die bulegoan, telefono bidez edo posta elektronikoz.

Zerbitzua ez da kexak edo salaketak kudeatzeko mekanismo hutsa, komunikatzaile edo eragileek arreta espezializatua, zehatza eta, ahal izanez gero, pertsonalizatua ematen baitute.

Eusko Jaurlaritzatik jasoko duen diru-laguntzari esker, Eraberean sareak arrazarekin, jatorri etnikoarekin, sexu-orientazioarekin eta genero-identitatearekin lotutako bazterkeria jasaten edo jasan duten pertsonei edo halako egoerak ezagutzen dituztenei orientazioa eta laguntza emango die bulegoan, telefono bidez edo posta elektronikoz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau