
8,94 milioi euro Zorrotzaurre urbanizatzeko lanetarako. (2015-12-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzeko dena. Helburua: Bilboko Zorrotzaurreko UE 1 Jarduketa Integratuko Urbanizatzeko obrak.
LABURPENA
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ángel Toñak, hala eskatuta, Gobernu Kontseiluak urte askotako aurrekontu-sail bat onartu du (2015-2020 aldirako): 8,94 milioi euro guztira, Zorrotzaurreko 1 jarduketaren 1. egikaritza-unitatearen urbanizatze-lanak finantzatzeko.
Zorrotzaurreko Plana jarduketa integratuko bi eremutan banatuta dago. Horietako lehenak beste bi esparru hartzen ditu barruan (1. eta 2. egikaritza-unitateak), plana faseka gara dadila ahalbidetzeko. Gobernuak gaur onartutako gastuak unitateotako lehenengoari egiten dio erreferentzia: 389.654 m2-ko azalerarekin, Deustuko kanalaren eskuin bazter osoa hartzen du barruan, bai eta etorkizuneko irlaren ipar eta hego-muturrak ere. Iragan abenduaren 16an 1. egikaritza-unitatea birpartzelatzeko proiektua onartu zuten.
Zorrotzaurreko hiri-birgaitzerako egitasmoaren hirigintza-esparruak 838.781 m2-ko azalera hartzen du orotara. Industria-gune zena eraldatuko du, eta Bilboko itsasadarreko sarrera-hall berri bihurtuko, proiektu integral eta jasangarri baten bitartez. Zaha Hadid arkitekto angloirakiar prestigiodunak diseinatutako Master Planean oinarritutako proiektu bat da, hain zuzen, eta honako hauek biltzen ditu: etxebizitza eskuragarriak, enpresa-ezarpenerako eta garapen ekonomikorako guneak, eta auzotarrentzako ekipamendu sozial eta kulturalak eta aisialdi gune zabalak.