Berriak Herrizaingoa
Eu

Su-etenen garaia "pasa dela" esan du Aresek

2010.eko irailak 02

Sailburuak kaleko indarkeriaren "kontrako jarrera zorrotza" agertzeko eskatu die ezker abertzaleko buruei 

Eskolten zerbitzua arriskuen ebaluazio baten arabera berrantolatuko da "eraginkorragoak izateko" eta "objektiboki arriskuan dauden" pertsonak babesteko, adierazi du Aresek. 

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak gaur esan du euskal gizarteak ez duela su-eten bat espero, ETA "behin eta betiko desagertzea" baizik. Aresen ustez, su-eten bat talde terroristaren eta haren inguruaren "barneko desadostasunak konpontzeko baliagarria izan liteke, baina ez da nahikoa". "Su-etenen garaia pasa da, badakigulako nola bukatu diren beste su-eten batzuk", esan du sailburuak. 

Rodolfo Aresek bere saila "babes zerbitzua zeukaten eta daukaten pertsonen arriskua ebaluatzen ari" dela ere azaldu du gaur. Sailburuaren hitzetan, "arriskuen ebaluazio horren eta babestutako pertsona bakoitzaren egoeran aldatzen diren baldintzen arabera erabakiak hartzen dira", eta ez dela "aurreztearekin lotutako arazo bat" gehitu du. 

Garai batean erantzukizun instituzional edo politiko bat zeukaten eta "orain ez daukaten" pertsonak "egon daitezke eta daude", azaldu du sailburuak. "Hori dela eta, arriskuen ebaluazioaren arabera zerbitzua berrantolatu egiten da eraginkorragoa izateko eta pertsona bakoitzak bere egoeraren arabera daukan arrisku mailaren arabera eskaintzeko", erantsi du. 

Aresek esan du zerbitzuak berrantolatzeko lana horrekin lotutako kolektiboekin eta kolektibo horien arduradunekin batera egiten ari dela, adibidez, alderdi politikoak, epaileak, enpresak, etab. 

Abuztuaren bigarren erdian kaleko indarkeria "berriz agertu" izanari dagokionez, "aurreko urteetan baino askoz gutxiago" izan dela adierazi du eta bere ustez, ezker abertzalearen barruko "desadostasunak" islatzen ditu, edo bestela, ezker abertzaleak "onartu" egin duela esan nahi du. Azken hori egia bada, Aresek ezker abertzaleko buruei kaleko indarkeriaren "kontrako jarrera zorrotza" agertzeko eskatu die, "politikan egotearen alde egin nahi duten apustuarekin bateraezina baita".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Rodolfo Ares