Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Konstituzio Auzitegiari bere epaiak betetzen ez dituztenei zigortzeko eta autonomia erkidegoetan bermerik gabe esku hartzeko ahalmena ematen dion erreformaren aurkako errekurtsoa jarriko du Eusko Jaurlaritzak. (2015-12-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko abenduak 29

 

Erabakia, zeinaren bidez baimena ematen baita lege honen zenbait aginduren aurka Konstituzioaren aurkakoak direla adieraziz errekurtsoa jartzeko: 15/2015 Legea, urriaren 16koa.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak bidegabe, onartezin eta neurrigabetzat jo du Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegiaren atribuzioak aldatu izana, Konstituzioari lotutako gainerako organoen gainetik jarri baitu eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak xedatutako bermeez aparte autonomia-erkidegoetan esku-hartzeko gaitasuna eman diolako.
Aldaketa horrek sistema politikoa aldatu, lurralde-oreka moldatu, 1978ko Konstituzioaren inguruan lortutako adostasuna hautsi eta, Konstituzioaren balioei dagokienez, inoiz ikusi gabeko krisialdi bat sortu duela ohartarazi du.
Konstituzio Auzitegia erabat politizatzeak, pluraltasun politikoa defendatzen duten beste bizikidetza-eredu batzuk baztertzen dituen Estatu eredu baten alde, ospe gero eta okerragoa ematen diola adierazi du.

Jaurlaritzaren kontseiluak baimena eman du gaur konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat jartzeko urriaren 16ko 15/2015 Legearen esku-sartze bidegabe, oker, premiagabe, eta neurrigabeagatik. Lege horrek Konstituzio Auzitegiari buruzko 2/1979 Lege Organikoa, urriaren 3koa, erreformatzen du, Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak betearazteko zuzenbidezko estatuaren berme gisa.

Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegiari eman dion botereari esker Konstituzioarekin lotutako gainerako organoen gainetik jarri duela salatu du Eusko Jaurlaritzak, eta eragiketa hori 1978ko Konstituzioaren inguruan lortutako adostasunaren aurkakoa dela eta Konstituzioaren balioak baztertzen dituen eta inoiz ikusi gabeko krisialdia sortuko duela. Espainiako Konstituzioak berak auzitegi horri esleitu zizkion funtzioak goitik behera aldatu ditu, erakundea desnaturalizatzen du eta horretarako, gainera, sistema politikoa nabarmen aldatzen du eta lurralde-botereen aurkako orekari eragiten dio.

Zehazki, errekurtsoa artikulu bakarraren 3. paragrafoaren, 4. paragrafoaren b eta c idatz-zatien eta 92. artikuluko 5. paragrafoaren aurkakoa izango da, Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, uste duelako:

Espainiako Gobernuak auzitegi horri eman dion ahalmena -hain zuzen ere, bere epaiak betetzen ez dituzten agintariei eta/edo langile publikoei isunak jarri, lanik eta soldatarik gabe utzi edota zigor-erantzukizuna eskatzekoa- Konstituzioaren aurkakoa da. Gainera, onartezina da arauaren arlo zigortzailearen zehaztasun eta doitasun eza: mekanismo zigortzaileak artikulatu arren, ez du identifikatzen debekuaren esparrua, ezta horien ondorioak ere.
Aforamenduei dagokienez, indarrean dagoen legedia hausten du.
Ez ditu kontuan hartzen autonomia-erkidegoen autonomia politikoko printzipioa eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluan aurreikusitako bermeak(*), Espainiako Gobernuari zuzenean eta alde bakarretik autonomia-erkidegoen gainean esku-hartzeko gaitasuna ematen diolako.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Konstituzio Auzitegiaren epaiek konstituzio-kontrakotasun adierazpena bistaratzen dute, ezin baita haien betearazpena inposatu, are gutxiago, koaktiboki eta alde bakarretik. Edonola ere, instituzioen arteko etengabeko elkarrizketa demokratikoaren bidez betearazi behar dira, eta botere publiko bat ezin zaio beste bati gainjarri.

Ildo horretan, Konstituzioaren funtsezko balioen artean defendatzen den pluraltasunean oinarritutako ereduak baztertzen dituen estatu-ereduaren aldeko etengabeko politizazioa dela eta, Konstituzio Auzitegia gero eta narriatuago dagoela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak.

Azkenik, erreformaren funtsa ez ezik, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak erreforma egiteko modua ere kritikatu du: premiazko prozedura, zuzeneko izapidetzea eta irakurketa bakarra erabilita, parlamentuko taldeen zuzenketa eta eztabaidarako gaitasuna murrizteko.

Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua: 1. Erkidego Autonomo batek Konstituzio edo bestelako legeek ezarritako eginkizunak beteko ez balitu, edo Espainiako ongitasunaren aurka astun jokatuko balu, Gobernuak Erkidego Autonomoaren Lehendakaria deituz, eta honek erantzun ezik, Senatuaren gehiengo absolutua lortu ondoren, onarturiko eginkizunak nahitaez betetzera bortxatzeko edo ongitasun orokorra lortzeko beharrezko diren erabakiak har ditzake. 2. Goragoxe aipaturiko erabakiak betetzeko, Erkidego Autonomoen agintari guztiei behar diren azalpenak emango dizkie Gobernuak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau