Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Itsaso eta arrantzaren sektoreko laneko osasuna eta langileen prestakuntza erregulatzen dituen espainiako arauaren aurkako errekurtsoa jarriko du Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegian. (2015-12-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko abenduak 29

Erabakia, zeinaren bidez baimena ematen baita lege honen zenbait aginduren aurka Konstituzioaren aurkakoak direla adieraziz errekurtsoa jartzeko: 47/2015 Legea, urriaren 21ekoa.

LABURPENA

Laneko osasuna babesteaz, sustatzeaz eta hobetzeaz eta prestakuntza-planak prestatzeaz Itsasoko Gizarte Institutua ardura dadila: horra hor Espainiako Gobernuaren helburua.
Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du Espainiako Gobernuak itsaso eta arrantzaren sektoreko laneko segurtasuneko, higieneko eta laguntzako Euskadiren eskumenak gutxiesten dituela -Gernikako Estatutuak biltzen ditu eta 1985, 1996 eta 2010. urteetan eskualdatu zitzaizkion-.
Errekurtsoa jarri aurretik, Eusko Jaurlaritzak bere ustez Euskadiren eskumenak inbaditzen dituzten artikuluak Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean negoziatzea proposatuko dio.

Jaurlaritzaren kontseiluak baimena eman du gaur urriaren 21eko 47/2015 Legeari, itsas- eta arrantza-sektoreko langileen babes soziala arautzen duenari, konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat jartzeko, Gernikako Estatutuaren 12.2 eta 18. artikuluetan Euskadiri aitortzen zaizkion eskumenak urratzen dituelako, hau da itsasoaren sektoreko laneko osasunarena, segurtasunarena eta laguntzarena eta lanbide heziketakoa eta prestakuntzakoa.

Laneko osasuna babesteaz, sustatzeaz eta hobetzeaz Itsasoko Gizarte Institutua ardura dadila da Espainiako Gobernuaren helburua. Hain zuzen ere, halako jarduerez arduratzea: azterketa medikoak, osasun-baldintzen ikuskaritzak, itsasontzietako botikinen kontrola, langileen osasunaren zaintza, etab. Hala, Espainiako Gobernuak edukiz hustuko lituzke Euskadik laneko segurtasunaren eta higienearen arloan eta osasun-laguntzaren arloan dituen eskumenak, hurrenez hurren, 1985. eta 1996. urteetan eskualdatu zitzaizkionak(*).

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek ohartarazi dute Espainiako Gobernuak Itsasoko Gizarte Institutuari beste zeregin hauek ere esleitu dizkiola: itsasoko-arrantzako prestakuntza-planak onartzeko gaitasuna, prestakuntzaren onuradunak eta emateko lekuak zehaztekoa. Ondorioz, Euskadiri itsasoaren eta arrantzaren arloko prestakuntza-eskaintza diseinatzeko, planifikatzeko eta programatzeko gaitasuna aitortzen dion eskumena, 2010ean eskualdatu zitzaiona, gutxiesten du(**).

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak itsas- eta arrantza-sektoreko langileen babes soziala arautzen duen 47/2015 Legearen, urriaren 21ekoaren, 38., 39.c) eta 41. artikuluen aurkako errekurtsoa jarriko du.

ALDEBIKO BATZORDEA

Errekurtsoa jarri aurretik, Eusko Jaurlaritzak bere ustez eskumenak inbaditzen dituzten artikuluak sei hilabetez Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean negoziatzea proposatuko du, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako moduan.

(*) 1946/1996 Errege Dekretua, abuztuaren 23koa, Itsasoko Gizarte Institutua (IGI) erakundearen ardurapekoa den sanitate-laguntza arloko Gizarte Segurantzako egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen dizkiona.
2557/1985 Errege Dekretua, abenduaren 18koa, laneko segurtasunaren eta higienearen arloan Estatuak dituen zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa.
(**)1442/2010 Errege Dekretua, azaroaren 5ekoa, Itsasoko Gizarte Institutuak hezkuntza, enplegua eta enplegurako lanbide-heziketaren arloan dituen zereginak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzkoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau