Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadin publizitate eta komunikazio ez-sexista izateko Kode Deontologikoa eta Autorregulaziokoa prestatzeko parte-hartze prozesuaren ondorioak

2015.eko abenduak 29

Begira publizitatea eta komunikazioa modu ez-sexistan erabiltzeko aholku-batzordeak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikita dagoenak, lan-prozesua gauzatu du sektore horietan Euskadin erreferenteak diren komunikabideekin, publizitate-agentziekin eta gainerako eragileekin. Prozesu horren helburua «Euskadin publizitate eta komunikazio ez-sexista izateko Kode Deontologikoa eta Autoerregulazioa» eta kode hori garatzeko eta errazago ulertzeko eta betetzeko dekalogo sorta bat batera osatzea izan da.

Prozesuak urtebete baino gehiago iraun du eta 9 lan-jardunaldikoa izan da. Aipatutako agiriak modu adostuan osatzeko balio izateaz gain, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko sentsibilizazio- eta prestakuntza-esparru bat sortzeko ere balio izan du. Sektore bietako eragile askok parte hartu dute; guztira, 50 banako, 5 publizitate-agentzia eta 15 komunikabide jardun dira.

Zirriborroak ahalik eta adostasun zabalenaren fruitu izan daitezen, kontraste-jardunaldi bat egin da agentziekin eta tokiko komunikabideekin (20 eragile), eta herritarrentzako kontsulta-prozesu bat abiarazi. Harrera ona izan dute bi ekimenek, eta Euskadin egindako publizitatea eta komunikazioa zuzentzeko tresnak eskuratu beharra nabarmendu dute hainbat ekarpenek. Erabilera sexistak saihestu, eta berdintasunaren aldeko mezuak sustatzea da helburua, 4/2005 Legeko 26. artikuluan ezarritakoa betez. Izan ere, oso gogoan hartzekoa da komunikabideak eta publizitate-agentziak funtsezko elementuak direla estereotipo sexistak indartzeko, baina baita horiek eraldatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako balioak nagusi izan daitezen sustatzeko ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau