Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak negoziazio aldi berria ireki du eta sindikatuei dei egin die Sektore Mahaira jar daitezen

2015.eko abenduak 23

Osakidetzaren zuzendaritza nagusiak sektore-mahaia deitu du sindikatuekin elkarrizketak eta negoziazioak berrabiarazteko, Osakidetzaren 2014-2015 aldiko lan-eskaintza publikoaren inguruko desadostasunen ondorioz etenda geratu baitziren. Lan-eskaintza, azkenean, berme juridikoen arabera egin zen, eta parte-hartze handiarekin. Hala, gaur eguerdian, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendari Jose Maria Armentia eta Osasun Arretako zuzendari Antonio Arraiza doktorea sindikatuen ordezkariekin bildu dira, Urdulizko Ospitale berria datorren urtean martxan jartzeak ekarriko dituen berritasunak eta hobekuntzak eta Araban bi erakunde sanitario integratu berri sortuko direla ezagutarazteko.

Aurrerapausoa da, datorren urteari begira ados jartzea helmuga duena, negoziazio-aldi berri bati ekin ahal izateko.Gasteizen egin den ekitaldian, Osakidetzako Osasun Arretako zuzendariak jakinarazi die sindikatuen ordezkariei Urduliz Ospitale berriak 2016ko ekainean ateak irekiko dituela. 148 ohe izango ditu eta 32 oheko erreserbako ospitaleratze-unitatea, 8 ebakuntza-gela, Larrialdietako zerbitzua (pediatriako larrialdiak barne), kanpo-kontsultak eta proba funtzionalak, endoskopiak, mamografiak, OTA, EMN, etab. Horien guztien bidez eman ahal izango zaie arreta Uribe eskualdeko 197.000 biztanleei.

Osakidetzako Osasun-arretako zuzendariak sindikatuen ordezkariei berri eman dienez, 2016ko lehen seihilekoan jarriko dira martxan kanpo-kontsultak eta proba funtzionalak, irudi bidezko diagnostikoa eta prebentzio-medikuntza Ospitalearen eraikinean bertan.Bestalde, faseka egingo den irekieran, 2016ko bigarren seihilekoan jarriko da martxan Larrialdietako zerbitzua, Endoskopia, Anestesiologia, Laborategia, Farmazia, EOB kirurgikoa eta KHA zerbitzuak. Arraiza doktoreak nabarmendu duenez, Urdulizko Ospitaleko Larrialdietan pediatriako larrialdien zerbitzua ere eskainiko da, orain arte Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak baizik eskaintzen ez zutena, eta «bi ospitale horietako pediatriako larrialdietako arreta-zama arindu ahal izango da. Era berean, Uribeko Eskualdeak, azken urteetan biztanle-kopurua gehien hazi den Euskadiko eskualdeetako bat denak, eskualde-ospitale berria izango du, eta eskualdeko biztanleak ez dira Gurutzetara joan beharko, eskualdean bertan arreta jasoko dutelako. Horri esker, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak jasaten duen arreta-zama arindu ahal izango du».

Hilabeteek aurrera egin ahala, Osakidetzaren Osasun Arretako zuzendariak bileran adierazi duenez, 2017 urte hasieran, jardun betean egongo da Urdulizko Ospitale berri eta modernoa, orduan jarriko baitira martxan ospitaleratze medikoko zerbitzua, ABUa, medikuntzako, kirurgiako eta psikiatriako unitateak eta ebaketa-gelak. Era berean, Antonio Arraiza doktoreak ezagutarazi du Euskal Osasun Zerbitzuak ospitalea martxan jartzeko egin duen inbertsioa 59,4 milioi eurokoa izan dela eta 350 lanpostu berri sortuko direla.

Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendari Jose Maria Armentiak nabarmendu duenez, azpiegitura berri hori martxan jarrita, sindikatuekin negoziatzeko aukera berri bat sortu da, «ados jartzeko gai izan gaitezen eta Osakidetzan eskaintzen dugun arretan ekitate-, irisgarritasun- eta kalitate-irizpideak bultzatzeko, pertsonak ditugunez helburu, erakundearen beraren helburuen gainetik eta garbiketa-, sukalde- eta garbitegi-zerbitzuak Osakidetzako funtzionarioen edo kanpo-enpresetako langileen bidez gauzatzen dituzten gainetik. Ospitale berri bat martxan jartzea eta 350 lanpostu berri sortzea beti da albiste ona, euskal herritarren kezka nagusietako bi direnez».

Halaber, Osakidetzako arduradunek datorren urtarrilaren 1ean Araban martxan jarriko diren bi erakunde sanitario integratuek ekarriko dituzten aldaketak eta hobekuntzak jakinarazi dizkiete sindikatuei. Bi zentro horien bidez, Osakidetzaren antolaketa-eredu berriaren osaera amaituko da. Eredu berri hori aipatu du arrakasta-adibide gisa Osasun Sistema Nazionalen Munduko Konfederazioko Europarako zuzendari Elisabetta Zanonik; Euskadi eredugarria da osasun-sistema osasun-arreta integral bihurtzeko trantsizio-prozesuetan.

http://nhsconfed.org/blog/2015/12/what-makes-integrated-care-work

Bileraren ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak berriz ere adierazi die sindikatuei elkarrizketei eta negoziazioei heltzeko prest dagoela eta 2016 hasieran sektore-mahaia bilduko dela iragarri du, Osakidetzako langileen laneko baldintza orokor berriei buruzko negoziazio kolektiboari berrekiteko.       

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 23an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)