Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
qrcode

Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilbao Dendak-ek 2015-2019rako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoa aurkeztu dute batera

2015-12-28

Agiriak bost jarduketa-ardatz eta 56 lan-ildo jasotzen ditu, ingurune erakargarri, irisgarri eta eroso batean kalitate handiko merkataritza-eskaintza moderno eta osoa bultzatzeko helburuarekin

Hiriak datozen lau urteetarako bertoko sektorearekin hartu duen konpromisoaren helburua establezimendu berriak zabaltzea erraztea eta jadanik badaudenak sendotzea da

Bilboko merkataritzak jardueraren eta enpleguaren higiarazle gailen gisa dirau, hirian 5.156 establezimendu ireki eta 14.301 lanpostu baitaude

Krisi ekonomikoak eragin negatiboa eduki du sektorean: 2007-2014 aldian establezimendu-kopuru guztia % 18 murriztu da

Abando erreferentzia-puntu gisa sendotu da erosketei dagokienez, 1.861 saltoki baitauzka, guztizkoaren % 36; ondoren, Alde Zaharra dago, % 18rekin, eta jarraian, Deustu eta Begoña, % 11rekin 

Bilboko historia, hasiera-hasieratik, herritarren bokazio komertzialari lotuta egon da. Tradizio horrek indarrean jarraitzen du eta hiri gisa definitzen gaituen ezaugarria da. Bilbok 5.156 merkataritza-establezimendu dauzka, eta 14.301 pertsonak lan egiten dute horietan. Egia da krisi ekonomikoak sektorean izan duen eraginak, 2007tik 2014ra, kopuru hori % 18 murriztea ekarri duela. Hala ere, egia da orobat merkataritza gaur egun hiriko enpresa guztien % 15,83 eta enpleguaren % 8,6 dela. Abando Bizkaiko hiriburuko erreferentzia-puntu gisa sendotu da erosketei dagokienez, 1.861 saltoki baitauzka, guztizkoaren % 36; ondoren, Alde Zaharra (Ibaiondo) dago, 944 baititu, hau da, % 18; eta jarraian, Deustu eta Begoña, % 11rekin (550 eta 572 establezimendu, hurrenez hurren).

2015-2019rako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoa

“Hiri-merkataritzarako laguntza” Bilboko Udalaren gobernu-planaren lehentasunezko helburu bat da, eta haren lehen ardatza “Enplegua eta Ekonomia Jarduera” dira. Jarduketa-esparru horretan kokatzen da 2015-2019rako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoa, udalbatzak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilbao Dendak-ek hiriko merkatarien elkarteen izenean bultzaturikoa.  Agiria, Xabier Ochandianok (Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak), Itziar Epalzak (Merkataritzako sailburuordeak) eta Juan Carlos Erkorekak (Bilbao Dendak-eko presidenteak) gaur aurkeztu baitute, erakundeen eta sektorearen arteko elkarlanaren eta akordioaren emaitza da. Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilbao Dendak-ek erronka daukate: hiriak “erosketetarako erreferentzia-puntu” gisa daukan erakargarritasuna sendotzea, ekonomia-jarduera gehiago eta enplegu gehiago sortzeko asmoz.

56 lan-ildoko “paketea” merkataritza-eskaintza sendotzeko

Hiriak datozen lau urteetan merkataritzaren alde egingo duen apustua eta horrekiko konpromisoa zehazten dituen ibilbide-orriak, alde batetik, establezimendu berriak irekitzea erraztea eta, bestetik, jadanik instalatutako negozioak sendotzea du helburu. Horretarako, 56 neurriko “pakete” orokorra hartzen du barne. Neurriok bost ardatz handitan banatuta daude: “Oreka komertziala”, “Hirigintza komertziala, mugikortasuna eta irisgarritasuna”, “Lehiakortasuna”, “Sustapena, erakarpena eta irudia” eta “Koordinazioa eta lankidetza”.  Modu horretan, ingurune erakargarri, irisgarri eta eroso batean kalitate handiko merkataritza-eskaintza moderno eta osoa bultzatu nahi da.  Gainera, 2015-2019rako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoa ekonomia suspertzen eta kontsumitzaileen konfiantza gora egiten ari den une batean abian jarriko da, eta alderdi horiek funtsezkoak dira salmentei dagokienez.  

Hiri bat, hiru publiko desberdin

2015-2019rako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoak hiru publiko bereizten ditu: hirian bizi diren erosleak, erosle higikorrak (Bizkaiko hiriburuko eragin-eremuan bizi direnak) eta erosle bisitariak, turistak zein eguneko txangozaleak izan.  Bilbon bizi direnek erdialdean erosi nahiago dute, eta gune hori protagonismoa irabazten ari da; hirian erosten dutenean hurbiltasuna eta erosotasuna balioesten dituzte, eta hirigunetik kanpo egiten dutenean, aldiz, aniztasun handiagoa eta prezio hobeak. Udalerrian bertan Bilboko eragin-eremuan bizi direnen artean kontsumo-ehunekoa nabarmen handitu dela igarri da: hain zuzen,  2011n % 38 zen eta 2014, berriz, % 57. Jendea arropa, oinetakoak, osagarriak, liburuak, CDak eta DVDak erostera joaten da gehienbat Bizkaiko hiriburura. 

Hiri-merkataritzaren erronkak, indarguneak eta ahuleziak

Erosketa-aztura berriak, Internet bidezko merkataritza eta kontsumitzaileen bizitza-erritmo berriak dira, ordena horretan, Bilboko merkataritzak aurre egin behar dien hiru erronka nagusiak, Ikerfelek Bilboko Udalarentzat egindako txostenaren arabera. Halaber, jaiegunetan ireki ala ez eta ordutegiak luzatu ala ez eztabaidagaiak dira, baina hein txikiago batean, % 18 eta % 16rentzako hain zuzen.  Azterlanak agerrarazi duenez, Bilbon erosketetarako gune gisa gehien balioesten diren hiru alderdiak hiriaren garbitasuna eta zaintza, haren eraldaketa eta oro har ingurunea dira. Aitzitik, hobetu beharko liratekeen hiru alderdiak aparkatzeko zailtasuna, erakundeen laguntzarik eza eta kontsumoari laguntzen dion ingurunearen falta dira.  Inkestan parte hartu zuten pertsonen heren batek ez zuen zailtasun aipagarririk aurkitu eta, aldiz, batez beste 2,1 indargune aipatu zituzten.

Gobernantza, jarraipena eta ebaluazioa

2015-2019rako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoa jarraipen-batzorde batek gainbegiratu eta eguneratuko du etengabe, betetzen dela eta eraginkorra dela bermatzeko. Bilboko Udalak (Bilbao Ekintzaren bidez) eta Bilbao Dendak-ek osatuko dute batzordea.  Era berean, udalbatzak eta hiriko merkataritza-sektoreak legegintzaldi honetan lau plan eragile (2016, 2017, 2018 eta 2019) idatzi eta aurkezteko konpromisoa hartu dute, xedatutako 56 lan-ildoak abian jartzeko oinarriak ezarriko baitituzte. Plan eragile bakoitzak proiektuak zein mailatan ezarri diren aztertuko du eta hurrengo ekitaldian kontuan hartu beharreko neurri zuzentzaileak proposatuko ditu. Halaber, makro adierazle batzuk ezarriko dira eta plan estrategikoa eskuarki ebaluatzeko gida moduan erabiliko dira.

 

2015-2019rako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoa

 

http://bit.ly/1kik4eW

 

 

3 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @anamarti4
    2015-12-29

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Bilboko Udalak, @Gob_eus-ek eta Bilbao Dendak-ek 2015-2019rako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoa aurkeztu dute➡ https://t.…

  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2015-12-28

    Comentario de Twitter:
    Bilboko Udalak, @Gob_eus-ek eta Bilbao Dendak-ek 2015-2019rako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoa aurkeztu dute➡ https://t.co/n63BIXvhJX

  • Argazkia SN Robot
    @BarandiaranJ
    2015-12-28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Bilboko Udalak, @Gob_eus-ek eta Bilbao Dendak-ek 2015-2019rako Bilboko Merkataritza Plan Estrategikoa aurkeztu dute➡ https://t

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)