Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Artur Mas Presidentearekin batzartu da

2015.eko abenduak 27

Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Artur Mas presidentea ordubetez bilduta egon dira Euskadi-Katalunia futbol selekzioen partidua ikusi eta gero.

Artur Mas presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi dute Espainiako Estatuko arazoak ez direla mugatzen gobernu egonkorra osatzeko behar diren gehiengoetara, batez ere izaera nazio-anitzaren aitortza bideratzeko konpromisoa behar da-eta.

Azken hauteskunde orokorretan agerian geratu da aniztasun hori, eta amaiera eman beharko lioke inposaketan eta elkarrizketa ezan oinarritutako politikagintzari. Gobernatzean, beste ezer baino lehen, gobernatu nahi diren herritarrei adi entzun behar zaie. Ez da horrela izan, eta ondorioak bistan dira.

Hauteskunde orokorretako emaitzak «abagune» ona dira Estatuko egiturazko arazo larrientzako irtenbide-proposamenak egiteko.

Urkullu lehendakariak eta Artur Mas presidenteak, euskal eta katalan herrien proposamenei helduz hurrenez hurren, ohartarazi dute beto-proposamenak eta marra gorriak bata bestearen gainean pilatzen ari direla. Argi dute ez dagoela akordioak lortzeko helburuarekin elkarrizketei heltzeko asmorik, ezta gai honi buruzko egiazko konpromisorik ere, ez alderdi politiko nagusien aldetik, ez Estatuko gainerako botereen aldetik. Felipe VI.aren Eguberrietako hitzaldia bera konpromiso ezaren eta helburuetan motz geratzearen beste adibide bat izan da.

Batek zein besteak, nork bere nazio-errealitatea duela aintzat hartuta, ordezkari diren erakundeen edo bateko Legebiltzarraren zein besteko parlamentuaren proposamenei behin eta berriz entzungor egin zaiela berretsi dute. Hauteskundeak joan hauteskundeak etorri, Estatu konplexua denaren barne-egiturak azaleratzen dituen arazoen larritasuna gero eta handiagoa da. Izan ere, euren iritzian, Espainiako Estatuak aniztasuna aitortzeko eskaerei adierazpidea eta irtenbidea eskaintzeko bideari heldu ordez, nahiago du kontrako noranzkoan joan, uniformizazioa eta birzentralizazioa sustatzeko bidean urratsak emanez. Horren adibiderik zikoitzena da agindutako aurrekontu-doikuntza bidegabe eta arbitrarioa, osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta gobernu autonomikoen esku dauden gainerako esparruak izan baititu jomuga, bide batez, autonomia-erkidegoei erabakimen politikoa kenduz.

Bi agintariek bestearen proposamen politikoekiko begirunea eta sinpatia adierazi dute, Euskadin zein Katalunian gehiengo demokratikoak bermatutako aukera demokratiko eta baketsuak direnez. Horrenbestez, Espainiako paisaia politiko berriaren aurrean, informazio eta ekimen politikoa ahal den neurrian partekatzeko konpromisoa agertu dute, gogoan hartuta trantsizio nazionalerako bideak eta erritmoak herrialde bakoitzak askatasunez hautatzen dituenak izan behar direla.

Azkenik, Mas presidenteak eta Urkullu lehendakariak adierazi dute premiazkoa dela susperraldi ekonomiko hasi berria sendotzea eta langabezia murriztea eta lanpostuak sortzea denik eta gizarte politika onena dela. Izan ere, aberastasun-sorrerarik gabe, birbanaketa ezin da bidezkoa izan eta ez dago aukera-berdintasunik.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2015.eko abenduak 28

    Comentario de Twitter:
    [EUSKADI CATALUNYA] El Lehendakari se reunió con el President Artur Mas ➡ https://t.co/cMtoOWXzTt

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)