Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskal kirol taldeek eta Axi Muniainek Gabonetan antolatzen dituzten kirol campusetan euskarazko trebakuntza berezia eskainiko da

2015.eko abenduak 23

Athletic Club-ek, Realak, Eibarrek, Alavesek, Dominion Bilbao Basketek, Retabet Gipuzkoa Basketek, Laboral Kutxak eta Axi Muniainek hartzen dute parte ekimenean

Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak ekimen berria aurkeztu du gaur goizean Donostian. Honen bidez, gabon hauetan Athletic Club-ek, Realak, Eibarrek, Alavesek, Dominion Bilbao Basketek, Retabet Gipuzkoa Basketek, Laboral Kutxa Baskoniak eta Axi Muniainek antolatzen dituzten campusetan euskarak presentzia berezia izango du. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, aipaturiko kirol elkarte horietako kideekin batera aurkeztu du gaur goizean ekimena Donostian. Bertan izan dira: Axi Muniain surflaria, Nekane Arzallus GBCko presidentea, JJ Davalillo, Bilbao Basketekoa, Jesus Vazquez Saski Baskoniako kudeatzailea, Andoni Iraola, Real Sociedad Fundaziotik, eta Mikel Larrañaga, Eibarreko Adminstrazio Kontseilukoa. 

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak bultzatuta, campus hauetan parte hartzen duten monitoreek euskarazko trebakuntza berezia jasoko dute. Helburua argia da: euskarazko trebakuntza berezia jaso ondoren, urtean zehar euren klubetan burutuko dituzten entrenamenduetan ikasitakoa praktikara eramatea eta euskara gero eta esparru gehiagotan erabiltzea.

Azken hogeita hamabost urte hauetan euskarak aurrerapen handia izan du Euskadiko Autonomia Erkidegoan: herritarren artean 300.000 hiztunetik gora irabazi ditu eta, halaber, gizartean historikoki arrotz izan dituen erabilera esparruetan tokia hartu du, neurri ezberdinetan. Hala ere, asko dago egiteko oraindik. Bere presentzia esparru askotan handitu bada ere, badira indartu beharreko esparruak ere. Horien artean, aisialdiaren esparrua nabarmendu du Patxi Baztarrika sailburuordeak bere hitzaldian. “16 eta 24 urte bitartekoen artean bikoiztu egin da euskararen erabilera epe horretan, %12tik %27ra. Baina aldea dago eremu formaletik ez formalera, ikasgelatik patiora, eskolatik lagunartera”.

Ildo horretatik, erabileran ezarri du Baztarrikak etorkizunerako erronka. “Etorkizunerako daukagun erronka nagusiena erabileran daukagu. Hizkuntza bizia izateko baldintza erabilia izatea da, komunikazio hizkuntza izatea. Erabilia den neurrian izango da hizkuntza bizia. Ez da nahiko maitatua izatea.” Beraz, gaur aurkeztu den ekimen honen garrantzia azpimarratu du, “aisialdian, kirolean, kulturan eta bereziki gazteen arteko komunikazioan” sustatzen baitu euskara.

Monitoreei euskarazko trebakuntza

Gazteen aisialdian euskararen erabilera handitzea da euskarak gaur egun duen erronka nagusi eta politenetako bat. Hau dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak, Athletic Club, Erreala, Eibar, Alaves, Dominion Bilbao Basket, Retabet Gipuzkoa Basket, Laboral Kutxa Baskonia eta Axi Muniain bidelagun hartuta, gazteekin urtean zehar lan egiten duten monitoreei kirolaren inguruan euskarazko trebakuntza ikastaroak hartzeko aukera eskainiko die.

Monitore hauek beren entrenamenduetan ohikotasunez erabiliko duten euskarazko terminologia berezia ikasiko dute, kirol bakoitzari dagokion terminologia zehatza, eta baita hainbat esamolde aisialdian eta kirolean motibatzeko erabilgarri direnak. Eskola berezitu hauek monitoreei –gehienek 14-20 urte bitarteko adina dute- campusean eskainiko zaien formazioaren parte dira. Alegia, campusaren barruan kokatzen da monitoreen euskarazko trebakuntza berezi hau. Gogoratu behar da campus hauetan monitoreen kirol espezifikoarekin zerikusia duen formazioa ere jasoko dutela.

Campus hauek iraupen ezberdina izango dute –talde bakoitzak erabakitzen du bereak zenbateko iraupena izango duen- eta euskarazko eskola berezi hauek modu ezberdinean antolatuta egongo dira. Talde batzuek egun berean eskainiko dituzte ordu guztiak eta beste batzuek, ordea, nahiago izan dute egun bakoitzean pixka bat egin. Hala ere, helburua berdina da kasu guztietan: euskarak, pixkanaka, aisialdian ere presentzia irabaztea.

Guztira 200 gazte inguru izango dira campus hauetan. Neska-mutil hauek beste hainbat taldetako entrenatzaile direnez, ekimen honekin efektu biderkatzailea erdietsi nahi da, monitore hauek 5.000 haur baino gehiagorekin lan egiten baitute urtean zehar, eskoletan zein klubetan.

GBCko presidente Nekane Arzallus ere, “kirolaren bidez euskarak behar duen hazkundea hori lortzeko” konpromisoa azaldu du, ekimena bultzatuz.

Amaitzeko, Axi Muniain surflariak hartu du hitza, surfaren arloan euskara suspertzeko egiten ari diren lana azaltzeko. “Terminologia aldetik lan handia eginda zegoen. Orain ekimen honekin aukera handia sortu zaigu, eta informazio hori biltzeari ekin diogu, egindako lan hori baliatuz, ea erabilera amankomuna ematen diogun bildutako terminologiari”

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Axi Muniain (surflaria), Nekane Arzallus (GBC), JJ Davalillo (Bilbao Basket), Jesus Vazquez (Saski Baskonia), Andoni Iraola (Real Sociedad Fundazioa), Mikel Larrañaga (Eibar)