Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Justiziako sailburuak Gerra Zibilean desagertutako baten gorpuzkia eman die familiartekoei

2010.eko irailak 01

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko Idoia Mendia sailburuak Primitivo Fernández de Labastidaren gorpuzkia eman die gaur bere familiartekoei. Gorpuzkia A 2622 errepideko (Pobesetik Espejora) arekan zegoen Gerra Zibileko hobi txiki batean aurkitu dute, La Tejerako mendatean (Errigoitia, Araba).

Hobi horretan hiru pertsona helduren gorpuzkiak azaldu dira -bi gizon eta emakume bat- eta gorpuak lurretik ateratzeko lanak 2010eko ekainaren 19an eta 20an egin dira, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzari aurretik eskabidea egin zioten familiakideei jakinarazi ondoren. Gorpuzkiak Aranzadi Zientzia Elkarteak atera ditu lurpetik, Euskal Herriko Unibertsitateko Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra den Francisco Etxeberriaren zuzendaritzapean.

Hobia txikia da, bi metro luze eta 40 zentimetro zabal besterik ez ditu, eta gehiago dirudi hiru gorpuzkiak sartzeko propio egindako zulo estu luze bat. 1,5 metroko sakonera eman zioten, eta handiagoa da erdialdean aldeetan baino.

Aurkitutako gorpuzkiak Donostian dagoen Euskal Herriko Unibertsitateko Auzitegiko Antropologiako laborategira eraman ziren eta bertan ikerketa antropologikoa egin zen. Gorpuzkiekin batera, ikertzaileek objektu batzuk aurkitu zituzten, hala nola, apain-orrazi bat, krisketak, txanpon batzuk, gerriko baten metalezko belarri bat eta abarketen kautxu beltzezko zolak.

Primitivo Fernández de Labastida, lanbidez baserritarra eta Santa Gadea del Cid-eko (Burgos) herritarra, 1936ko irailaren 3an desagertu zen, 35 urte zituelarik. Familiakoen eta Erriberagoitiko auzokideen ahozko testigantzen arabera, bera eta berarekin zeuden beste bi lagun (dirudienez, Florentino G. V. eta Mónica B. del V. senar-emazteak) beraien harrapatzaileek hil zituzten, erreketeen talde bat. Hauek, orain gorpuzkinak aurkitu diren leku berean fusilatu eta lurperatu zituzten.

Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak, 2003. urteaz geroztik, Gerra Zibilean eta frankismoaren garaian desagertutako pertsonak ikertzeko plan bat du. Plan horretan, Aranzadi Zientzia Elkartea ari da lankidetzan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia