Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak 1978 eta 1999 artean legez kanpoko kontraterrorismoek eragindako biktimei ordaina emateko legearen izapidetzea abiatu du

2015.eko abenduak 23
  • Lege horrek 107/2012 Dekretuarekin hasitako bideari jarraipena emango dio, lege mailako tresna juridiko baten bidez. Berau bultzatzeko eta kudeatzeko irizpide nagusia ahalik eta adostasun handiena bilatzea da.
  • Aitortu gabeko biktimei benetako aitortza egin eta ordaina emateko bide gauzagarri bat irekitzea da horren helburu nagusia. Helburu hori lortzeko estrategia pixkanakako progresioa izango duen ibilbide bat garatzea da.
  •  Planteatzen den ibilbideak, zehazki, hiru etapa izango ditu: dekretuaren etapa, dagoeneko garatua; 1999ra arteko ordain-emate lege hau; eta geroago tortura prebenitzeko etorkizunari begirako lege bat egitea, 2000tik aurrerako ordain-ematea burutzeko helburua barne hartuta.

Eusko Jaurlaritzak 1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra arte legez kanpoko kontraterrorismoek Euskadin eragindako biktimei ordaina emateko legearen izapidetzea abiatu du. Bere helburua urraketa horien biktimak deklaratzeko prozedura eta baldintzak definitzea da, baita biktimak aitortzeko eta haiei ordaina ematekoak ere.

Jonan Fernández Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak, gaur goizean Bilbon egindako prentsaurreko batean adierazi duenez, proiektu hori bizikidetza normalizatzeko eta iraganari buruzko memoria kritikoa eraikitzeko beharrezko pieza bat da.

Lege horrek adierazten du Estatuari legez dagozkion boterearen eta indarkeriaren gauzatzean bidegabekeriak, gehiegikeriak eta legez kanpoko indarkeria-ekintzak gertatu direla, bai terrorismoaren kontrako borrokaren testuinguruan bai horren aitzakia erabiliz. Ildo horretan, 107/2012 Dekretuarekin 1960 eta 1978 arteko biktimei lege mailako tresna juridiko baten bidez ordaina emateko hasitako bideari jarraipena emango zaio. Ildo horretan,

nazioarteko zuzenbide humanitarioaren ikuspegitik, lege hori beharrezkoa da, 1978tik aurrera ez aitorpenik ez ordainik izan ez duten biktimak existitzen direlako. Existitzen diren neurrian, horiek aitortu eta ordaina emateko tresna bat sortzea betebehar etiko eta demokratikoa da. Lege horren bitartez, egoera hori konpontzeko bide gauzagarri bat ireki nahi da.

Helburu hori lortzeko estrategia pixkanakako progresioa izango duen ibilbide bat garatzea da. Fernándezek azaldu duenez, hiru etapa planteatu dira: lehenik eta behin, 1960tik 1978ra arteko epea barne hartu zuen dekretuaren etapa, dagoeneko betea; bigarrenik, 1999ra arteko ordain-emate lege hau; eta, ondoren, tortura prebenitzeko etorkizunera begirako lege integral bat, 2000tik aurrerako ordain-ematea burutzeko helburua barne hartuta.

Denborazko estaldura

Lege horrek 1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra arteko epea estaltzen du. 1999 jarri da muga gisa, data horren aurreko kasuak preskribatuta daudelako edo laster preskribatuko direlako, Jonan Fernándezek azaldu duenez. Gainera, kasu berriagoen salaketak oraindik ere judizialki ikertzeko epearen barruan daude.

Beste alde batetik, testu honen zioen azalpenean, geroan tortura prebenitzeko etorkizunera begirako lege integral bat egiteko bidea irekitzen du, 2000tik aurrerako kasuen ordain-ematea burutzeko helburua barne hartuta.

Edukiaren gakoak

Proposamen horren arabera, kasuak legez kanpoko kontraterrorismoek eragindako giza eskubideen urraketatzat jotzeko, lau baldintza bete beharko dira:

  1. Pertsonen bizitzaren edo osotasun fisiko zein moralaren kontrako indarkeria larria izatea, eta heriotza edo lesio fisiko, psikiko edo tratu txar larri eta iraunkorrak eragin izana.
  2. Funtzionario publikoek aurrera eraman izana, bere kargua betetzen ari zirenean; edo beren kargua betetzen ari ez zirenean; edo partikularrek, agintarien onarpenarekin edo hauek jakinaren gainean zeudela; edo, modu baliokidean, itxuraz beren kabuz, modu indibidual eta kontrolatu gabean, jokatzen ari ziren partikularrek.
  3. Gizartean eragiteko asmoarekin egin izana;
  4. Ikertu ez izana, edo ikertu bazen, biktimak bidegabeki aitortu eta ordaina eman ez izana.

107/2012 Dekretuaren edukiari dagokionez, lege horrek balorazio-batzordearen aditu maila indartuko du, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko hiru forentsek bat egingo baitute.

107/2012 Dekretuan finkatutako konpentsazio berberak zehaztuko dira. Baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrekin lotutako kalte-ordainak kalkulatzeko, ESS/66/2013 Aginduan zehaztutako zenbatekoak oinarritzat hartu eta hirukoiztu egingo dira. Horrela, horiek zehaztearen inguruko edozein zalantza deuseztatuko da.

Ahalik eta adostasun handiena bilatzea

Lege-proiektu hori bultzatzeko eta kudeatzeko funtsezko irizpidea ahalik eta adostasun handiena bilatzea da, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak adierazi duenez. Dokumentu hori Kriminologiaren Euskal Institutuko (KREI) talde batekin elkarlanean egindako lehenengo zirriborroa da. Orain aurkeztu den testuari aldaketak egin dakizkioke, bai legea onartzeko finkatutako barne-prozeduran bai talde parlamentarioekiko eta gizarte-eragileekiko eztabaidan.

Aurrekariak

  • 2011ko martxoaren 31n, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari «poliziaren gehiegikeriak» deiturikoen biktimei ordaina emateko neurriak sortzeko eskatu zion.
  •  2012ko ekainaren 12an, Eusko Jaurlaritzak 1960tik 1978ra bitartean izandako mota horretako biktimei ordaina emateko 107/2012 Dekretua onartu zuen. Dekretu horren kudeaketa amaitu da eta azken memoria 2016ko otsailean aurkeztuko da.
  •  Aurtengo apirilaren 29an, Eusko Jaurlaritzak, aurten, 107/2012 Dekretuari jarraipena emateko lege-proposamen bat aurkeztuko zuela iragarri zuen.
  •  Ekainaren 11n, Eusko Legebiltzarrak, EAJren, EH Bilduren, PSEren eta PPren aldeko botoekin, Eusko Jaurlaritzari biktima horiei ordaina emateko politikekin aurrera jarraitzeko eta lege-proiektuaren bitartez ahalik eta adostasun handiena bilatzeko deia egin zion.
  • Abenduaren 11n, lehendakariak legez kanpoko kontraterrorismoek sortutako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko eta ordaina emateko lege-aurreproiektua lantzen hasteko dekretua sinatu zuen.
3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PNV_Indautxu
    2015.eko abenduak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Hemos iniciado el trámite de Ley de Reparación de Víctimas causadas por contraterrorismos ilícitos entre 1978-1999 ➡ https://t

  • @Gob_eus
    2015.eko abenduak 23

    Comentario de Twitter:
    Hemos iniciado el trámite de Ley de Reparación de Víctimas causadas por contraterrorismos ilícitos entre 1978-1999 ➡ https://t.co/iBXe8nSKiA

  • @Memoriaplaza
    2015.eko abenduak 23

    Comentario de Twitter:
    Iniciado el trámite de la Ley de Reparación de Víctimas causadas por contraterrorismos ilícitos entre 1978 y 1999 ➡ https://t.co/7J5VUDz2G9