Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak onartu berri du Euskadiko hiru erakunde mailetako enplegu sistema publikoaren araubidea eta funtzionamendua eguneratzeko Lege Proiektua. (2015-12-22(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko abenduak 22

 

Euskal enplegu publikoaren lege proiektua.

LABURPENA

Etorkizuneko lege horretan guztiz eguneratuko da duela 25 urte indarrean den funtzio publikoaren gaineko araudia, eta lan-formula berritzaileak sartzeko aukera emango du gaur egun udal, aldundi edo Eusko Jaurlaritzan diharduten 110.000 langileentzat.
Erakundeek enplegua finkatzeko prozesuak egin ahalko dituzte sarrera-txanda bereizien bidez LEPetan, edo langileak deitutako postuan duen esperientzia balioetsi ahalko dute modu espezifiko, bereizi eta osagarrian, postuotan urteak lanean daramatzaten aldi baterako langileak finkatze aldera.
Administrazio publikoek 20 astera luzatuko dute amatasunagatiko baimena, 32 egunera aitatasunagatikoa, eta baimen berri bat erantsiko dute, senideak kontsulta, tratamendu nahiz miaketa medikoetara laguntzeko.
Lehen aldiz aintzat hartuko da lanbide-ibilbidea eta Zuzendaritza Publiko Profesionala sortuko da, langile guztiei irekia.

Gobernu-kontseiluak Euskal Enplegu Publikoari buruzko Lege-proiektua onartu du gaur, enplegu publikoaren sistema eguneratzeko; izan ere, duela 25 urte araututako sistema bat da, 1989etik hona indarrean egon den Funtzio Publikoko legearen bitartez. Lege-proiektuak 14 titulu hartzen ditu barruan, 204 artikulu, 33 xedapen gehigarri, 20 xedapen iragankor, 5 azken xedapen, eta 7 artikuluko eranskin bat.

Euskadiko hiru erakunde mailen eta EHUren lanaren fruitu da. Are gehiago, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluaren aldeko txostena du, halaber. Eusko Jaurlaritzako, hiru foru-aldundietako, EUDELeko eta euskal administrazio publikoetan gehiengoa duten sindikatuen ordezkariek osatzen dute Kontseilua.

ENPLEGUA EGONKORTZEKO PROZESU BEREZIAK

Proiektu honen berritasun nagusietako bat da Euskadiko araudi batek lehen aldiz emango diela aukera Euskadiko administrazio publikoei enplegua egonkortzeko prozesu bereziak abiarazteko eta, hala, egiturazko izaerako aldi baterako enplegua egonkortzeko, hau da: bitarteko langileena, aldi baterako lan-kontratua dutenena eta sententziaz finkoa ez den mugagabeko lan-kontratua dutenena.

Helburua herri-administrazioetako zenbait kategoria profesionaletako bitartekotasun-tasak txikitzea da, bitarteko langileek urteetan lortutako ezagutzak eta abileziak galdu gabe, hau da, administrazioa kapitalgabetu gabe. Hala, adibidez:

Enplegu-eskaintza publikoak egiten dituzten Euskadiko erakundeek aukera izango dute lehiaketa-oposaketara aterako den lanpostuan urte luzez diharduten pertsonen esperientzia balioesteko. Hala, esperientzia orokorraren eta deialdia egiten duen administrazioan emandako zerbitzuen balorazioarekiko bereizia eta osagarria izango den balorazio espezifikoa jaso ahalko dute pertsona horiek. (Hemeretzigarren xedapen iragankorra).
Euskadiko administrazio publikoek sarrera-txanda bereiziak deitu ahal izango dituzte egonkortasuna emateko, bai lehiaketara deitutako lanpostuan zortzi urtetik gorako esperientzia egiaztatu ditzaketen langileei, bai % 40tik gorako bitartekotasun-tasa duten kategoria profesional batean daudenei ere. Txanda hori deitutako lanpostuen ohiko prozedurekin, zereginekin eta funtzioekin loturiko proba praktiko bakarra izango da. Nolanahi ere, sarrera-txanda bereizirako hautaketa-prozesu bakoitzeko eskaintzen dituzten lanpostuen % 60 gorde ahalko dute gehienez. (Hogeigarren xedapen iragankorra)

LANGILE PUBLIKOAK, AKTIBO NAGUSIA

Eusko Jaurlaritzak uste du giza baliabideak direla euskal herri-administrazioen aktibo nagusia; hori dela eta, lehen aldiz zabaldu die langile publiko guztiei karrera profesionala egiteko aukera. Jardun profesionala eta errendimendua edo emaitzen lorpena ebaluatzeko eta baloratzeko sistemak ezarriko dira funtzionarioek edo langileek beren karreran gora egin ahal izan dezaten eta ordain-kondizioak hobetu, lanpostuz aldatu beharrik izan gabe. Erakunde-maila bakoitzak bere ebaluazio-sistema ezarri ahalko du, baita hobekuntzen eskala ere, baina Eusko Jaurlaritza arduratuko da Euskadiko administrazio publiko guztiek aplikatu beharko dituzten irizpide orokorrak ezartzeaz. (VII. titulua)

Horrez gain, bada beste berritasun bat ere: langile publikoek zuzendaritza mailako lanpostuetara sartzeko aukera izango dute meritua eta gaitasuna aintzat hartuko dituen prozedura publiko baten bitartez. Zuzendaritza Publiko Profesionala sortuko da. (I. kapitulua).

Era berean, Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektua aurrerapen bat da lana, bizitza pertsonala eta familia-bizitza uztartzeko bidean: langile publikoek 20 asteko amatasun-baimena izango dute, gutxienez, adopzio eta harrera kasuetan barne (orain 18 aste dira); 32 eguneko aitatasun-baimena (orain 28 egunekoa da), eta 8 ordu urtean lehen mailako familiako kideei edo familiaren etxean bizi direnei kontsultetara, tratamenduetara edo mediku-azterketetara laguntzeko (orain arte ez zegoen halakorik). (166. artikulua)

ERAKUNDEEN ARTEKO KOORDINAZIOA

Testuak dakarren beste alderdi berritzaileetako bat Euskal Administrazio Publikoen Negoziazio Mahaia delakoaren balizko sorrera da. Negoziazio-kolektiborako organo horretan izango dira sindikatuetako, EHUko eta EAEko hiru maila instituzionaletako ordezkariak. (201. artikulua).

Halaber zainduko da bereziki, Euskadiko Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordearen bidez, administrazioen arteko koordinazioa; besteak beste, langileak administrazio batetik beste batera igarotzeko gidalerroak eta administrazioen artean elkarlan-hitzarmenak sinatzekoak prestatzeko zeregina izango du organo horrek. (10. artikulua).

110.000 LANGILE

Euskal Enplegu Publikoaren Lege berriak euskal administrazio publikoen zerbitzuan lan egiten duten 110.000 pertsonei eragingo die. Zehazkiago, honako hauei:

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko langileei, haren Administrazio Instituzionala zein berezko izaera juridikoa duten haren mendeko erakundeak barne.
Lurralde Historikoetako Foru Administrazioetako langileei, haien Administrazio Instituzionalak zein berezko izaera juridikoa duten haien mendeko erakundeak barne.
Toki Administrazioetako langileei, haien Administrazio Instituzionalak zein berezko izaera juridikoa duten haien mendeko erakundeak barne.
Euskal Herriko Unibertsitateko langileak, Administrazio eta Zerbitzuetakoak bakarrik.
Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko langileak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordekoak, Lan Harremanen Kontseilukoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegikoak, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilukoak, Datuak Babesteko Euskal Bulegokoak eta Kontratuen Inguruko Errekurtsuen gaineko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Organokoak. Halaber, aipatutako Administrazioen mendeko parte-hartzeko, kontsultako, aholkuko nahiz kontroleko beste organo orotakoak, jarduteko unean horien sortze-legeek independentzia aitortu badiete.

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @COFPV
    2015.eko abenduak 23

    Comentario de Twitter:
    Enplegu sistema publikoaren funtzionamendua eta erregimena gaurkotuko duen lege-proiektua https://t.co/eDmNhBVHzp

  • @COFPV
    2015.eko abenduak 23

    Comentario de Twitter:
    Proyecto de Ley que actualizará el régimen y funcionamiento del sistema público de empleo https://t.co/QiGCngnKye

  • 2015.eko abenduak 23

    Un proyecto redactado e ideado por y para el futuro staff de la Dirección Publica Profesional. El resto de medidas constituyen una densa cortina de humo que ni van a solucionar la precariedad, ni suponen una mejora suatancial de la conciliación ni en su conjunto suponen una apuesta por un marco legal propio que de respuesta a nuestra propia problemática.