Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Prestakuntza egiaztatuta ez duten zaintzaileek, gerokultoreek eta etxez etxeko laguntzaileek erregistro batean izena eman beharko dute hilabete honetan

2015.eko abenduak 18

Mendekotasuna duten pertsonen autonomiarako eta pertsona horiei arreta emateko zaintzaile, gerokultore eta etxez etxeko laguntzaileen kategorietan eskatzen diren prestakuntza profesionalak egiaztatuta ez dituzten langileek erregistro batean izena eman beharko dute, behin-behinean, beren egoera erregularizatu dadin eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera lanean jarraitu dezaten.

 

Gizarte-zerbitzu eta berdintasunerako estatuko idazkariaren 2015eko azaroaren 3ko ebazpenari jarraiki, nahitaezkotzat jotzen da beren prestakuntza profesionala egiaztatu gabe duten langileak identifikatzea, egoera ebaluatze aldera eta sektoreko profesional guztien prestakuntzari dagokionez, aurrera egiteko. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak erregistro bat sortu du eta profesional horiek bertan izena eman beharko dute, urtarrilaren 1etik aurrera lan egiten jarraitu ahal izateko. Izena emateko epea abenduaren 22 hasi eta 31n amaituko da.

Eskatzen den ziurtagiririk ez duten mendekotasunaren alorreko langileentzat erregistro bat sortu da eta, horri esker, behin-behinean, beren egoera erregularizatu ahal izango dute. Erregistro honetan izena ematen badute, urtarrilaren 1etik aurrera lan egiten jarraitu ahal izango dute. Langile horiek beren prestakuntza egiaztatu ahal izateko epea 2017ko abenduaren 31ra arte luzatuko da; hala ere, luzatu ahal izango da, halaber, aipatutako bi data horien artean hasiak dauden lan-esperientzia egiaztatzeko prozesuak amaitzen diren arte.

Epe horiek amaitzen direnean, prestakuntza profesionalen betebeharrak eskatu ahal izango dira erakunde sozialetan arreta soziosanitarioa emateko eta etxez etxe mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko. Ordura arte, egiaztagiririk ez izateagatik ez dute inolako ondoriorik izango, egun, prozesu hauetan edo kategoria profesional horietan jarduteko gaitasuna ematen dien prestakuntza-programa batean parte hartzen ari diren langileek, ezta arreta ematen dute enpresek edo erakundeek ere, eta ez die eragingo administrazio publikoei. Horrela, sektoreko egonkortasuna bermatuko da.

Egoera horretan dauden langileak oraindik erregistratu ez badira, esteka honen bidez egin dezakete: https://rlanbide.lanbide.net/ikaslan/pub/solRecExp.seam?idiomaPub=1&conv=1

Erregistroa bete ondoren, egiaztagiri bat sortuko da PDF formatuan. Egiaztagiri hori sinatu egin beharko da eta Zuzenean zerbitzuak (Eusko Jaurlaritzak herritarrei arreta emateko duen zerbitzuak) dituen bulegoetako batean aurkeztu beharko da edo zuzenean bidal daiteke Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzara abenduaren 22tik 31ra.

 

55 urteko edo gehiagoko pertsonak

Horrez gain eta salbuespen modura, gaitu egingo dira 2015eko abenduaren 31n 55 urte edo 55 urte baino gehiago dituzten eta, gaur egun, zaintzaile, gerokultore eta etxez etxeko laguntzaileen funtzioetan jarduten pertsonak; horrela, lan egiten jarraitu ahal izango dute, gutxienez, hiru urteko esperientzia dutela ziurtatzen badute eta azken hamar urteetan kategoria profesional horietan, gutxienez, 2.000 orduz lan egin dutela egiaztatzen badute. Pertsona horiek ere izena eman beharko dute gaikuntza hori lortu ahal izateko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)