Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak ondare naturala kontserbatzen lagunduko duten azterketak eta ikerketak egiteko diru-laguntzak emango ditu 2016an

2015.eko abenduak 18
  • Ingurumen Sailak 160 mila euro bideratuko ditu

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 160.000 euro erabiliko ditu ondare naturalaren kontserbaziora zuzendutako azterketak eta ikerketak egiten dituzten erakunde pribatuak diruz laguntzeko. Diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan eta 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra egongo dira indarrean.

Agindua 2015eko azaroaren 25ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta, bertan zehazten denez, erakunde bakoitzean gehienez ere 2 proiektu lagunduko dira, helburu eta xede desberdinekoak.

Diruz lagundu daitezkeen proiektuen edukiak tankera hauetakoak izan daitezke: kontserbazio bereziko eremuak izendatzeko eta eremu horien kontserbazio-neurriak onesteko dokumentuetan aipatzen diren azterketak eta ikerketak, edo Natura 2000 Sarearen koherentzia hobetzeko elementuen azterketa, bai eta konektagarritasuna hobetzeko elementuena ere: hiri-inguruetako berdeguneak, paisaiako elementuak, ibai-tarteen fragmentazioa, dinamika, analisia eta leheneratzea.

Diruz lagundu daitezke, orobat, mehatxupean dauden flora-espezieen eta basoko faunaren azterketak, erkidego zein komunitate mailakoak, erreferentziatzat harturik Euskal Autonomia Erkidegorako proposatzen diren lehentasunezko espezieak. Webgune honetan daude: www.ingurumena.eus.

Gainera, aginduak zehazten duenez, diruz lagundu daitezke, orobat, gutxi aztertuta dauden taxonak —landare ez-baskularrak, ornogabeak— inbentariatu, katalogatu eta/edo kartografiatzeko lanak, katalogoan ageri diren flora-espezieen eta basoko faunaren banaketa, zaurgarritasun- eta/edo mehatxu-mailari buruzko azterketak, eta habitat naturalen eta erdinaturalen kontserbazio-mailaren adierazle izan daitezkeen espezieei buruzko ikerketa.

Horrez gain, Lurralde Politika eta Ingurumen Sailak diruz lagundu ahal izango du Natura 2000 Sarearen kanpoko habitat naturalak eta erdinaturalak ikertzea eta bereziki ahulak edo zaurgarriak diren edo lurraldeak konektatzeko garrantzitsuak diren naturagune babestuak ikertzea, hala nola hezeguneak, heskaiak, baso-uharteak eta itsasertzeko eremu batzuk. Era berean, diruz lagundu ahal izango du espezie exotiko inbaditzaileen kartografia egitea eta kudeaketa proposatzea, klima-aldaketak EAEko biodibertsitatean dituen eraginak ikertzea eta/edo biodibertsitateko elementuek klima-aldaketara egokitzeko dituzten estrategiak aztertzea.

Laguntza-deialdi honen hartzaileak dira, besteak beste, natura edo ondare naturala ikertzen eta babesten diharduten elkarte edo erakunde pribatuak eta ingurune naturalarekin erlazionatutako esperientzietan ibilbide akreditatua duten elkarte edo erakunde pribatuak, haien jarduera-eremua EAE bada.

Diru-laguntzaren zenbatekoa aurrekontuaren % 80 izango da, eta ezin izango da 20.000 €-tik gorakoa izan, proiektuko. Erakunde bakoitzak gehienez ere bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu, eta proiektu bakoitzak helburu eta xede desberdin bat izan behar du.

Eskaerak baliabide elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira euskadi.eus-en egoitza elektronikoan https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/generacion conocimiento/y22-izapide/es , agindua EHAAn argitaratu eta 45 egun igaro baino lehen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko