Berriak Lehendakaritza
Eu

Emakundek eta Eudelek euskal emakume alkate eta zinegotziei zuzendutako Virginia Woolf Basqueskola-ren programa berria aurkeztu dute

2015.eko abenduak 17

Gaur goizean, Euskadiko emakumezko alkateak eta zinegotziak bildu dira Virginia Woolf Basqueskola 2016 ikasturte berriaren aurkezpenean. Programak "gune propioa" eskaintzen die Euskadiko udaletan politikan diharduten emakumeei. Eskolak berriro ekin dio lanari legealdi berriaren hasieran, berriz ere sare bat sortzeko asmoz euskal emakume hautetsien artean: gobernuan edo oposizioan daudenak, udalerri handietan edo txikietan ari direnak, eta sentsibilitate edo joera politiko ezberdinak dituztenak.

Izaskun Landaidak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, eta Ibon Uribek, Galdakaoko alkate, EUDELen ordezkaria eta Europako Udal eta Eskualdeen Berdintasun Batzordeko (CMRE) presidente denak,ikasturte berriari ongietorria eman, eta tokiko emakume hautetsiei gonbidapena egin diete, berdintasunaren alde kontzientzia politikoa “aktibatzeko egunero lan egiten duten emakumeei esker handituz doan sarera gehitu daitezen.

2016. urterako ikastaroen programa prestaketa-fasean dago, eta emakumezko hautetsi hartzaileen lehentasunak eta ekarpenak kontuan hartuko dira.Horretarako, aldez aurretik galdetegia bidali zaie, eta kontrasterako bilerak egingo dira hiru lurraldeetan.Basqueskolaren estrategia deszentralizatua, parte-hartzailea eta malgua da, emakumezko hautetsien beharretara moldatzeko.

Basqueskola 2012an sortutako ekimen aitzindaria da, eta EUDELen eta Emakunderen arteko lankidetzaren emaitza da. Programaren ardatz nagusiak informazioa, prestakuntza, gaitasunen garapena eta ahalduntzea dira, bakarka zein taldeka.

Honako ikastaro hauek eskaintzen dituzte, besteak beste: coaching mintegiak, tailerrak, eta emakumezko hautetsi ohiekin mahai-inguruak. Horietan, ikasleek politikan sartzean eta jardutean aurre egin beharreko oztopoei buruzko iritziak eta bizipenak partekatzen dituzte.

Eskola laugarren urtez egingo da, eta tokiko politikan jarduteko prestakuntza espezifiko, esperientzien trukaketa eta sareen sorkuntzarako proposamenak indartu ditu.Basqueskola 'praktika on' gisa aintzatetsi du Berdintasunerako Europako Gutunaren Behatokiak, eta nazioarteko ikuspuntua bereziki garrantzitsua izango da datozen urteetan, EUDEL Berdintasun Batzordeko (CMRE) presidentea den bitartean.

Jardunaldian, “Politika pentsatzea:Emakume hautetsientzako harrera-eskuliburua” liburua aurkeztu zuten Mireia Espiauk (Eudeleko berdintasun arloko arduradun teknikoa) eta Marixe Noyak (liburuaren egile kolaboratzailea).      

EUDELek eta Emakundek argitaratutako eskuliburuak genero ikuspegitik jardun politikoa eta emakumeen egitekoa ezagutzeko eta ulertzeko gakoak ematen ditu, bai eta emakumezko politikarien gaitasuna indartzeko hausnarketarako elementuak ere.

Emakume hautetsien arteko elkarrizketa mahaia

María Pilar Legarra, Asteasuko (Gipuzkoa) alkatea, Nati López de Munain, Burguko (Araba) alkatea, eta Amaya Rojas Ruiz, Barakaldoko (Bizkaia) zinegotzia, hirurak ere Basqueskolako ikasleak, elkarrizketa-mahai batean aritu ziren; bertan, tokiko politikan izan dituzten bizipenez eta eskolaren helburuez jardun zuten:  

  • Politika egiteko beste modu batzuk ahalbidetzen dituzten baldintzak sortzea, emakumeek beren esperientziatik abiatuta arlo publikoa kudeatzeko beste modu batean eman ditzaketen espezifikotasunetan oinarrituta.
  • Euskadiko tokiko politikaren ikuspegi berria sustatzea; horren arabera, genero-berdintasunak gure udaletako lana aberastu, dinamizatu eta erraztuko du.
  • Sarean lan egitea, tokiko politikei buruzko esperientziak trukatzea, eta ezagutzak eta baliabideak partekatzea, politikan eragina izateko, eta tokiko politikan zirrara sortzeko.
  • Tokiko politikan emakumeen parte-hartzea indartzea, nazioarte mailako esperientzien trukaketaren bidez.

Bidea irekitzea emakume gehiagok arlo publikoan parte har dezaten, eta hori egitean aurretiazko erreferenteak eduki ditzaten.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ibon Uribe