Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

EAEko Justizia Administrazioko funtzionarioak Euskal Administrazio Orokorreko funtzionarioekin nola parekatu arautzeko IV. akordioa

2010.eko abuztuak 31

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioak euskal Administrazio Orokorreko funtzionarioekin nola parekatu arautzeko eta Bulego Judizial eta Fiskala ezartzeko Laugarren Akordioa onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran.

Langileen ordezkariekin urtebetez etengabeko elkarrizketan eta negoziazioan aritu ostean, akordioa lortu eta joan den maiatzean hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak eta CCOO, ELA, CSI/CSIF, LAB eta UGT sindikatuek.

Proiektu bati lotuta dagoen akordioa da. Bulego Judizial eta Fiskal Berria -bai bere antolamendua eta bai langileen kudeaketa- Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko prozesua da proiektu hori.

Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren hedapenarekin antolamendu judizialak arrazionaltasun eta eraginkortasun handiagoa lortuko du. Oraingo epaitegi eta auzitegiak bi elementuren inguruan berrantolatuko dira: zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalen eta zerbitzu orokor prozesalen inguruan, hain zuzen ere. Aurrenekoek zuzeneko laguntza emango diete epaile eta magistratuei eta bigarrenek kudeaketa eta laguntza zentralizatua hartuko dute berengain, eragile juridiko guztien eskakizunei erantzuteko.

Datozen hiru urteetan Euskadik Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren erabateko ezarpenari ekingo dio. Lehendabizi barruti judizial sinpleenetan ezarriko da eta ondoren konplexuenetan (aurrena Gasteizen (2011n), gero Donostian eta Barakaldon (2012an) eta 2013ko urtarriletik aurrera Bilbon).

Akordio honekin, Justizia Administrazioaren modernizazioaren aldeko apustu irmoa egin du Euskadin Eusko Jaurlaritzak, zerbitzu arinaren eta herritarren beharrizanetatik gertuago dagoen justiziaren aldeko apustua. Azken batean, justizia kalitatezko zerbitzu publikoa izatearen aldeko apustua egin du.

Gaur egun daukagun egoera ekonomiko zailari erantzuteko Eusko Jaurlaritzak hartu duen konpromisoa ere bada akordioa. Izan ere, egoera honek, alde batetik, dauzkagun giza baliabideak eta baliabide materialak behar bezala kudeatzera behartzen baikaitu eta, bestetik, justizia-auzitegietan interes garrantzitsuak jokoan dauzkaten herritarrei eta enpresei erantzun azkar bat emateko eskatzen baitigu.

Akordioak inertzia historikoak erauzten lagunduko du: Justiziako langileen eginkizun eta zereginak egokitu eta berrantolatuko dira, jendearentzako ordutegiak luzatuko dira, gaiak eta prozedurak nola doazen hobeto eta modu zuzenagoan jakin ahal izango da, eta izapideak bizkortu egingo dira. Azken batean, justizia hurbilerrazagoa eta azkarragoa edukiko dugu.

Epe luzerako akordioa da gainera, hiru urtekoa. Gure Justizia Administrazioak eskaintzen duen zerbitzu publikoa eraldatzeko konpromisoari behar bezala aurre egiteko egonkortasuna ekarriko du akordio honek. Akordioaren indarraldian zehar (2010etik 2013ra), pixkanaka gauzatuz joango da Justizia Administrazioko funtzionarioak euskal Administrazio Orokorreko funtzionarioekin homologatzeko prozesua. Eta, horrela, akordioak Euskadiko Justizia Administrazioaren aldarrikapen historikoa gauzatuko du eta, aldi berean, denbora luzez arrazoi eta justifikaziorik gabe luzatu den desoreka konpondu eta konpentsatuko du.

Lakuako langileekin alderatuta, Justiziako funtzionarioek titulazioaren arabera dagokiena baino bi edo hiru maila beheragoko soldata jasotzen dute gaur egun. Soldata-igoeraren aldaketa lau urteren buruan % 11koa izango da batez beste, eta gehiago nabarituko dute Prozesu Kudeaketako kidegoko langileek, zeregin eta egiteko berriak ere izango baitituzte.

Akordioa ez da soldaten parekatze hutsarekin bukatzen, izan ere euskal funtzio publikoko gainontzeko langileen lan-baldintzekiko benetako homologazioa ekarriko baitu bai egutegian, bai ordutegietan eta bai lanaldietan.

Akordio honekin, Eusko Jaurlaritzak hauteskundeetan agindutakoa bete du eta egitasmo eta jardueren egutegian onartutako ekintza garrantzitsuenetako bat gauzatu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan