Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Irakasleen ebaluaziorako proiektu europar baten lidergoa darama Euskadik

2015.eko abenduak 17
  • Euskadiko Ikuskaritzaren koordinazioaz, Europako zenbait herrialdetako hezkuntza ikuskariak Euskadin bildu dira, zuzendaritza funtzioaren eta irakasle lanaren ebaluazioaren inguruko proiektu batean
  • Gida amaituta eta erredaktatuta gelditzen denean, Europa guztirako erreferente izango da

Abenduaren 14tik 18ra, Europako zenbait herrialdetako hezkuntza-ikuskaritzetako arduradunak Euskadin elkartu dira, «Zuzendaritza Funtzioaren eta Irakasleen Lanaren Ebaluazioa (EOSLATP)» deritzon proiektuko lehen jarduerak gauzatzeko. Euskadiko Hezkuntza Ikuskaritzak zuzentzen eta koordinatzen duen proiektuan Italia, Portugal, Lituania eta Errumaniako hezkuntza-ikuskaritzek parte hartzen dute, bai eta Europako bi unibertsitatek ere: University of Cumbria (Erresuma Batua) eta Open University of Cyprus (Txipre).

Proiektua Europar Batasunak finantzatzen du, eta Erasmus Plus programaren barruan kokatzen da, 2015eko deialdiari dagokion Berriztapenerako eta praktika onak trukatzeko lankidetza deituriko ekintzan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ikuskaritzak pozez jaso zuen joan zen irailaren 8an proiektu hau hautatua izan zela zioen jakinarazpena. Beronen prestakuntza lanak urtebete lehenago hasi ziren, 2014ko uztailean.

Garapenik onena duten hezkuntza sistemen ezaugarrietako bat da irakasle talderik onena izatea. Horrek berekin dakar irakasleen lanean etengabeko hobekuntzarako metodoak aplikatzea, ebaluazioak eginez. Ebaluazio horiek hobekuntzarako praktiken norabidea zehaztuko duten datuak eta informazioa erraztuko dute.

Zuzendaritzaren Funtzioaren eta Irakasleen Praktikaren Ebaluaziorako 2015-2016ko Proiektuak bi arretagune nagusi ditu: eskoletako zuzendaritzen lidergoaren garrantzia, batetik, eta eskola-sistemaren kalitatea irakasleen praktikaren bitartez hobetzeko premiak, bestetik. Proiektuaren amaieran, bateratutako irizpide eta adierazleak bilduko dira praktika onen bi gidatan, Europa mailan erabiltzeko.

Proiektuaren oinarri nagusia zuzendaritza-funtzioaren eta irakasleen praktikaren ebaluazioak hezkuntza-sistemen kalitatearen hobekuntzan duen garrantzia da. Gainera, Europako Batzordearen ildoekin bat, hezkuntza arloko eragilerik garrantzitsuenen garapen profesionalerako lankidetza eta itunak sustatzen ditu proiektuak, eta praktika onak truka daitezela eta ikusmira berritzaileak gara daitezela bultzatzen du, Erasmus Plus programaren asoziazio-ekintza estrategikoen bitartez.

Proiektuko helburu nagusiak honako hauek dira: zuzendaritza-funtzioaren eta irakaskuntza-funtzioaren ebaluazioarekin loturik dauden irizpideak, adierazleak eta praktika onak identifikatzea; irakasleen ebaluaziorako tresnak eskaintzea, beren praktika profesionala hobetzeko; eta irakasleentzako prestakuntza-programak diseinatzeko informazioa eskaintzea.

Nabarmentzekoa da Heziberri 2020 Planak jasotzen duela irakasleen ebaluazioaren beharra, bai eta horrek hezkuntza sistemarako duen garrantzia ere. Curriculum Dekretuek identifikatzen dute irakasleen profil egokia zein den, eta orain Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila ebaluazio hori nola egin definitzen ari da, aipaturiko profil hori erdiesten laguntzeko. Datorren ikasturtean euskal hezkuntza sistemak martxan ipiniko ditu irakasleen ebaluazio horiek, irakasleen hobekuntza beste helbururik gabe, eta une oro ikasleei formazio onena eskaintzea gogoan hartuta.

Proiektu europarraren jardueren artean honako hauek nabarmendu daitezke: bilera transnazionalak, trukerako bitarteko gisa; zuzendaritzaren eta irakasleen funtzioen ebaluaziorako irizpideak bazkideen artean bateratzea xede duten prestakuntza-ikastaroak; edo beste herrialdeetara bisitak, haien ebaluazio-prozesuak ezagutzeko. Amaierako txostena -2017rako dago aurreikusia- Europako Batasuneko hezkuntza-eragile guztien esku egongo da.

Proiektu honetako parte-hartzaileek bat egingo dute Bilbon, Gasteizen eta Donostian abenduaren 14tik 18rako aste honetan egiten ari diren jardueretan. Topaketa horretan, hainbat eskualdetako hezkuntza-kudeaketaren ebaluazioa aztertuko dute, baterako lan-esparruak sortuko dituzte, eta praktika onen kudeaketa bultzatuko dute.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2015.eko abenduak 17

    Comentario de Twitter:
    [#HEZKUNTZA SISTEMA] Irakasleen ebaluaziorako proiektu europar baten lidergoa darama Euskadik ➡ https://t.co/AQytM1KPhB

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Antonio Romero, Hezkuntzako ikuskari nagusia