Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak eskatua, Valladolid-eko Oftalmobiologia Aplikatuko Unibertsitate Institutuak egindako azterketak egiaztatzen du Euskadin gertatutako ikusmenaren galtze kasuen eragilea Perfluoroktano izan zela

2015.eko abenduak 16

Dagoeneko, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren zerbitzu juridikoak jasotako txostena aztertzen ari dira, kaltetutako alde gisa eta betiere erasandako  pazienteen alde aurrera eraman ditzakeen ekimen administratibo zein judizialak erabakitzeko

Egoera txarrean zegoen perfluoroktanoa izan zen Euskadin gertatutako ikusmenaren galtze kasuen eragilea. Hala egiaztatu dute Valladolid-eko Oftalmobiologia Aplikatuko Unibertsitate Institutuak, Osakidetzak eskatuta, aipaturiko produktuaren inguruan egindako azterketaren emaitzek. Berauen arabera, hauxe da ondorioztatzen dena: azterturiko perfluoro-n-octano sortak “zitotoxikoak izan litezkeela EPR-ren zeluletarako eta neuroerretinarako, kontutan izanik zelula heriotzaren zein endekapenaren aldetik atzemandako ezberdintasunak, esperimentuetan erabilitako kontrolekikoak.

Hortaz, erretina berrezartzeko kirurgian perfluoroktano jakin bat erabili eta geroEuskadin hainbat pazientek ikusmena galdu zutela detektatzean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak egindako ikerketaren susmoak baieztatzera datoz emaitzok.

Bere garaian egin bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak beren atsekabea helarazi nahi dute produktu kirurgiko horren erabiltzaileek jasan duten kaltearen aurrean.

Era berean, emaitzok ikusita, argi geratzen da guztiz bidezkoa zela bai Osasun sailak bai Osakidetzak euren profesionalen jarduera zuzenaz egindako defentsa. 

Gaur goizean bertan Osasun Sailak helarazi dio txostena Medikamentuaren eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari, bera baita osasun alerten ardura duena, beharrezko ikusten dituen neurriak har ditzan. 

GERTAKARIEN KRONOLOGIA

Ekaineko lehenengo hamabostaldian, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Oftalmologia Zerbitzuko profesionalak ohartu ziren data horietan interbenitutako paziente batzuk bilakaera atipikoa izaten ari zirela. Paziente horiek guztiek ezaugarri bat bera zeukaten: etxe komertzial bereko perfluoroktanoa erabili zen haien guztien kasuan erretina berrezartzeko kirurgian.

Nahiz eta osasun-material horrek berak emaitza onak eman zituen azken urtean egindako ebakuntzetan, erretina-askatzearen kasuan interbenitutako pazienteak bilakaera txarra izaten ari zirela ikusirik, Donostia Unibertsitate Ospitaleko profesionalek, ekainaren 23an, gertatutakoaren berri eman zioten Osakidetzako Farmakozaintza Unitateari. Era berean, eta badaezpada, perfluoroktano-hornitzailea aldatzeko erabakia hartu zuten; data horretatik aurrera, beraz, ez da berriro osasun-material hori erabili.

Osakidetzako Farmakozaintza Unitateak, Donostia Unibertsitate Ospitalean hautemandako anomaliaren alerta jaso ostean, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari (AEMPS) helarazi zion kasua, eta agentzia horrek, ekainaren 26an, alerta zabaldu zuen espainiar Estaturako eta Europar Batasun osorako (2015-337 erreferentziako alerta).

Horrenbestez, alerta horren ondorioz, Donostia Unibertsitate Ospitalean baztertu egin da ustez toxikoa den produktua, halako beste kasurik gerta ez dadin.

EUSKADIN ERASANDAKO PERTSONEN KOPURUA

Euskadin hamahiru kasu deklaratu dira orain arte: zortzi kasu Donostia Unibertsitate Ospitalean, kasu bat Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, eta lau kasu osasun-zentro pribatu batean. Erasandako pertsona guztiei epe berean eta osasun-material zehatz berarekin (perfluoroktanoa) egin zitzaien ebakuntza hala ospitale publikoetan nola osasun-zentro pribatuan.

Gaur-gaurkoz, Osakidetzako ospitale guztietan analisiak egin ostean eta aipatutako osasun-materiala baztertu ondoren, ez da beste kasurik ezagutarazi; hortaz, ia segurtasun osoz baiezta daiteke Euskadin ez dela beste kasurik agertuko. Bestalde, erasandako pertsona guztiek jaso dute gertakariaren inguruko informazioa, eta denei egin zaie, ebakuntzaz geroztik, jarraipen kliniko zorrotza; oraindik ere hala jasotzen ari dira.

      PRODUKTUA

Perfluoroktanoa erabilera kirurgikoa duen produktu bat da. Kirurgian zehar bere eginkizuna bete ondoren, kendu egiten da. Material hori beira-erretinaren kirurgian erabiltzen da azken bi hamarkadotan, eta, merkaturatzeari begira, baldintza guztiak betetzen ditu segurtasunaren, zaintzaren eta kontrolaren aldetik.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ikerketaren ostean susmatu moduan, inplikatutako perfluoroktanoak produktuaren sorta jakin batzuetakoak ziren. Berau erabiltzeko etena agindu zenetik, ez da interbenitutako pazienteetan beste arazorik hauteman.

PROFESIONALEN JARDUKETA

Esan bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak eta ebakuntzetan parte hartu duten profesionalek atsekabea baino ez dute erasandako pazienteek jasan duten kalte larriaren aurrean, eta modu guztiz arduratsuan jardun dutela azpimarratu dute; eurek aktibatu dute, gainera, Estatu osorako osasun-alerta.

Alde horretatik, aipatzekoa da Donostia Unibertsitate Ospitaleko Oftalmologia Zerbitzuak 90.000 kontsulta baino gehiago eta 7.500 begi-kirurgia baino gehiago egiten dituela urtero, eta horietatik 400 baino gehiago direla beira-erretinaren kirurgiak. Asistentzia-bolumenari dagokionez, Estatuko hamar zentro nagusien artean dago. Gipuzkoan, beira-erretinaren kirurgien % 80 baino gehiago Donostiako Unibertsitate Ospitalean egiten dira; ospitale hori, berebat, erreferentzia garrantzitsua da eskualdeko ospitaleetarako. Zerbitzu hori emateko, 25 mediku oftalmologo, erizain kualifikatu eta administrazio-langile dauzka. Mediku oftalmologoek, prestakuntzari dagokionez, sei urte eman zituzten lizentziaturan, lau urte barruko mediku egoiliar espezialitatean (MIR), eta, ondoren, lehia-deialdi bat gainditu zuten (enpleguaren eskaintza publikoa) euren lanpostua eskuratzeko.

OSAKIDETZAREN BABESA

Osakidetzako zerbitzu juridikoek ondare-erantzukizuneko prozedurak abiarazi dituzte kasu bakoitzerako, eta prest agertu diren paziente guztien lege-ordezkariekin harremanetan daude, bai eta haien zerbitzura ere. Guztiarekin ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak eta eragindako oftalmologia-zerbitzuek gertutik zainduko dituzte, aurrera begira ere, interbenitutako pazienteak.

Gasteiz, 2015eko abenduaren 16a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau