Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 37 eee izapidetu zituen azaroan

2015-12-16

Azaroan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegu-erregulazioko 37 espediente izapidetu zituen; hau da, aurreko hilabetean baino % 35 gehiago, baina 2014ko azaroan baino % 42 gutxiago. Espedienteek 346 langileri eragin zioten: 243ri, aldi baterako kontratu-etete gisa; 69ri, lanaldi-murrizketa moduan, eta 34ri, kontratu-hutsalketagatik.

Azken hileko EEEak zenbatuta, 620 izapidetu zituen guztira Sailak 2015ean; horietatik, 342 etendura-kontratuak izan ziren, 235 lanaldia murriztekoak, eta 43 kontratua amaitzekoak. Espedienteok 7.058 pertsonari eragin diete, gehienei aldi baterako etendura-kontratu gisa. Hain zuzen, 4.958 langile dira egoera horretan.

Azaroan izapidetutako 37 espedienteetatik 18 etendura-espedienteek 243 langileri eragin zieten; lanaldia murrizteko 16ek, berriz, 69 langileri, eta hiru amaiera-espedienteek 34 langileri. Azaroan ez da izapidetu erregulazio-espedienterik lehen sektorean, eta beste ekoizpen-sektoreetan aurreko hilen antzeko kopuruetan egon dira: Eraikuntza (% 15,16), Industria (% 39,03) eta Zerbitzuak (% 45,32).

Azkenik, gaur egun 519 etendura- eta murrizketa-espediente daude indarrean guztira, eta 5.452 langile daude horien eraginpean. Aurreko hiletan bezala, Arabako Lautadak, Bilbo Handiak eta Donostialdeak dute kokagune txarrena alderdi horretan.

 

 

 

 

OHARRA:

Enplegu Erregulazioko Espedienteen (EEE) estatistika osoa Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean ikus daiteke:

http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-conttrl/eu/contenidos/informacion/estadisticastrabjo/eu_esttraba/estadisticastrabajo.html

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)