Berriak Osasuna
Eu

Galdakao-Usansolo Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuak 25. urteurrena ospatzen du

2015.eko abenduak 16
  • Zerbitzu honek 1990. urtean ekin zion bideari; gurea Akutuen Unitatea daukan Bizkaiko bigarren ospitalea dugu.
  • Urtero, 1.000 paziente ingururi ematen die arreta.
  • Gertakari hau ospatzeko “Asistentzia psikiatrikoaren eta osasun mentaleko arretaren etorkizuneko erronka eta ikuspuntuak” izenburupeko jardunaldi zientifikoa antolatu dute.                                                                                                                                                                                                                               

    Psikiatria Osakidetzan sartu zen hasierako espezialitateetako bat izan zen, 1986an, hain justu. Galdakao Usansolo Ospitalean, Desintoxikazio Unitate gisa hazi zen 1987an, eta, 1990n, berriz, Psikiatria Zerbitzu gisa. “Zerbitzua zabaltzeak Bizkaiko akutuen asistentzia psikiatrikoa bereiztea ekarri zuen. Ordura arte, Bizkaiko Ospitale Orokorra (Basurtukoa) izan zen Psikiatriako Unitatea eta Larrialdietakoa zeukan bakarra” dio Jose Martín Zurimendik, Barrualde-Galdakao ESIko Galdakao-Usansolo Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko buruak.

    Gaur egun, Zerbitzuak 40 ohe dauzka, 30 akutuenak eta 10 Desintoxikazio Unitatekoak. 70 profesional inguruko diziplina anitzeko taldeak (psikiatrak, psikologoak, gizarte langilea, terapeuta okupazionala, erizaina, erizain laguntzailea, zeladoreak eta Administrazioko langileak) zera ahalbidetzen du: urtero, Akutuen Unitatean, 700 alta inguru, eta, Desintoxikazio Unitatean, beste 270 bat ematea. Oro har, 1.000 ospitaleratze inguru, bataz beste aste pare bateko egonaldikoak. “Gure jarduera hazi egin da, zerbitzu eskaintzarekin batera. Eta, hori guztia, kualifikazio eta konpromiso handiko profesional taldeari esker” Zerbitzuko gainbegirale Marisa Orejaren esanetan.

    Zerbitzu zorroa

    Zerbitzu horren jarduera asistentzialean, Desintoxikazio Unitatearena nabarmendu behar da. Patologia duala deritzonaren tratamenduan espezializatu da, hau da, aldi berean osasun mentaleko gaixotasun larria —eskizofrenia esaterako— eta mendekotasuna izatea; gero eta ohikoagoa dena. Unitate horretan, diagnosi arruntenetakoen artean, alkoholarekiko atxikimenduarena azpimarratu behar da, ospitaleratzeen herena, gutxi gora-behera; gainerako toxikomaniak, aldiz, ospitaleratzeen %62 dira.

    Psikiatriak era honetako ezaugarriak batzen ditu: gaitz larrienen izaera “kronikoa”, mendekotasunaren garrantzia, osasun mentaleko gaitzari lotutako gizarte arazoa, errehabilitazio psikiatriakoko ereduen konplexutasuna, lege-ildoa eta koordinazio sozio-sanitario egokiaren beharra. “Azken urteetan, bizitzaren ondoezaren gehiegizko psikiatrizazioa eman da, eta atxikimenduen eremuan, heroinarekikoak estimulatzaileak diren beste droga batzuei eman die bide (kokaina, anfetaminak…). “Testuinguru horretan, Zerbitzuak egungo beharrizan asistentzialei erantzuteko ahaleginean dihardu; osasun mentaleko patologia larrien tratamendua mantenduz —eskizofrenia, depresio larriak, eta abar—”, hala dio Martín Zurimendik.

    Adierazitakoaz gain, azken urteotan, Zerbitzuak egitasmo berriak garatu ditu: batetik, Eguneko Ospitalea (Zubia programa) ospitaleratze eta tratamendu anbulatorioa uztartzen duena, eta, urtean, 100 herritar artatzen dituena, eta, bestetik, elikadura nahasteak dauzkaten herritarrak tratatzeko egitasmoa ere abian jarri du; urtean 100 kasu diagnostikatzen dituena, eta, horietatik, %15 ospitaleratzen dira, prozesuak dirauen uneren batean.

    Urtean, guztira, 10.500etik gora kontsulta jasotzen ditu hurrengoetan: Psikoonkologiari buruzko berariazko interkontsulta eta kontsulta-programetan, nortasunaren nahasmenduetan, edo bihotzeko errehabilitazioetan. Bestalde, psikoheziketa arloa hobetzeko ahalegin handiak egin dituzte; esaterako, trebakuntza ematen die buru nahasmendu larria, elikadura nahsmendua zein Parkisona duten eta ospitaleratuta dauden gaixoei zein horien familiei. Barrura begira, Zerbitzuak 1.500 interkontsulta egiten ditu ospitaleko bestelako zerbitzuekin; kontsulta horietatik erdiak berriak izanik, eta, gainerakoak, aurretik egindakoen segidakoak.

    Kontuan hartzekoak dira, azken urteotan alta agiria emandakoan, erabiltzaileari emandako laguntza eta zainketen jarraipena. Ildo horretatik jarraiki, Zerbitzu honen helburua da, Osakidetzako beste zenbait zentroren laguntzari esker, aitzindari izatea, eta Osasun Mentaleko Kudeaketarako Plan Integral baten bidez, Eskualde bateko asistentzia psikiatrikorako kudeaketan pilotu izatea. Martin Zurimendi medikuaren hitzetan, “hari horretatik jarraituz, gure erakunde sanitario integratuan nahasmendu mental arina (alkohol-abusua, antsietatea eta depresioa) daukaten pazienteak lehen mailako arreta osasun zentroetatik Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zentroetara deribatzen dira, deribazio eta lantzadera (lehen mailako arretako Historia Klinikoko baliabide informatikoa) hitzarmenen bidez. Horrez gain, osasun mentaleko zentroen eta Zerbitzuaren arteko kudeaketa eta koordinazioa ere hobetu dira”.

    Azaldutako guztia dela eta, Zerbitzuak egindako lanak hainbat sari jaso ditu ospitaletik kanpo ere: Best In Class (2008 eta 2009), Psikiatria Zerbitzuak erabiltzaileari egindako arreta zerbitzurik onenaren kategorian; Avedis  Donabedian saria(2014) “Osasun Mental eta Mendekotasunetan Kalitatearen Bikaintasuna” kategorian; eta  Best In Class (2014 eta 2015), oraingo honetan, Eskizofrenia espezialitatean.

    Erronkak eta etorkizunerako lan-ildoak

    Zerbitzuaren 25. urteurrena ospatzeko jardunaldi zientifikoa antolatuko da, eta asistentzia psikiatrikoaren erronkak eta etorkizuneko lan-ildoak landuko dira bertan. Jardunaldian, hainbat profesionalek parte hartuko dute, bai Barrualde-Galdakao ESIkoek, baita gure Zerbitzuan lan egin duten Osakidetzako beste erakunde sanitarioetako profesionalek ere.

    Jardunaldia eztabaidarako gunea izango da, eta profesionalen iritzien trukaketa ahalbidetzeaz gain, hurrengoak ere jorratuko dira: gure inguruan eta arlo publikoan, asistentzia psikiatrikoak izan ditzakeen erronka berriak, hala nola, buru-nahasmendurik larrienen kasuak, eta zerbitzuak gaixo horien beharretara egokitu beharra. Era berean, neurozientzien arloko aurrerapenak, gero eta zaharragoa den biztanleriaren ezaugarrietara egokitzea, eta teknika psikoterapeutikoen (laburrak, taldekakoak eta familia-mailakoak) egokitzapena gure jardute publikora.

    Eta, azkenik, hurrengoak kontuan hartuko dituen kudeaketa sanitariorako eredu berrien garapena: maila arteko zainketen integrazio eta jarraipen eredua eta eredu asistentzial berriak garazeko beharra. Eredu asistentzial horien artean badira dagoeneko inplantatuta daudenak, esaterako, nortasunaren nahasmenduak dituztenei arreta, lehen gorabehera psikotikodunei zein elikadura nahasmendua daukatenei, baita etorkizunean azal daitezkeen beste batuzeie ere. Laburbilduz, biztanleriak etorkizunean izango dituen beharretara egokitu ahal izateko, horiei aurrea hartzen ahaleginduko gara.

     

     
3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jiwitmanuel
    2015.eko abenduak 16

    Comentario de Twitter:
    RT @HUAospitalea: El Servicio de Psiquiatría del Hospital Galdakao-Usansolo celebra su 25 aniversario https://t.co/yf11wLTCuR

  • @HUAospitalea
    2015.eko abenduak 16

    Comentario de Twitter:
    El Servicio de Psiquiatría del Hospital Galdakao-Usansolo celebra su 25 aniversario https://t.co/yf11wLTCuR

  • @HUAospitalea
    2015.eko abenduak 16

    Comentario de Twitter:
    Galdakao-Usansolo Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuak 25. urteurrena ospatzen du https://t.co/PtUcEzVPjR

Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Martín Zurimendi, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko burua; Marisa Oreja, Zerbitzuko gainbegiralea