Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Bilera udalekin Gizarte Larrialdietarako laguntzei buruz hitz egiteko

2010.eko irailak 01

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAK GIZARTE LARRIALDIKO LAGUNTZETARAKO KUDEAKETA-PROZEDURA BATERATUA EZARTZEA PROPOSATU DIE UDALEI 

Javier Ruiz Enplegu Prestakuntza eta Gizarteratzeko sailburuordea eta Pedro Sánchez Gizarteratzeko sailburuordea 4.000 eta 40.000 biztanle bitarteko euskal udalerrietako alkate, zinegotzi eta Gizarte Arloko arduradunekin bildu dira gaur goizean Gasteizen, zenbait udalek Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) emateko dituzten arazoen berri izateko. Udalen egoerari buruzko informazioa jasotzeaz gain, sailburuordea aukeraz baliatu da udal arduradunei adierazteko beharrezkoa dela udaletan GLLak kudeatzeko prozedura bateratua ezartzea. Hori baliagarria izango da gure herrian gizarte-politika bakarra egituratu eta egungo egoera gainditzeko; izan ere, orain udal edo lurralde bakoitzak bere irizpideak eta kudeaketa-metodologia ezartzen baititu Gizarte Larrialdietarako Laguntzak banatzerakoan. Laguntzen sistema homogeneizatzeari esker edozein udalerritako herritarrek baldintza berdinetan eskuratu ahal izango dituzte GLLak.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua uztailaren amaiera aldean bildu zen jada Euskadiko hamar udalerri handienetako arduradunekin. Beraz, bigarren bilera hau sailak autonomia erkidegoko udalekin eduki nahi duen bilera-dinamikaren jarraipena baino ez da. Horrela, bihar bilerak izango dira 4.000 biztanlera arteko udalekin, eta irailaren seirako bilera egitea aurreikusten da Euskadiko 13 mankomunitateekin.

Ruizek udaletako arduradunei adierazi zienez, sailak bakoitzaren beharrizanak aztertzeko borondatea du, betiere iraunkortasunaren eta udalen ardura partekatuaren ikuspegitik. "Eusko Jaurlaritzak dirua ematen die udalei, eta haiek dira diru hori kudeatzeko arduradunak, urte osoan zehar edozein herritarri helarazteko", azpimarratu du.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko arduradunek udaletako arduradunei iragarri zietenez, 6,7 milioi euroko ekarpen berezia egingo da Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako (GLL), jasotzen ari diren eskaerei ahalik eta baldintza egokienetan erantzun ahal izan diezaieten. Aparteko zuzkidura horrekin 2010. urterako GLLetarako kontu-saila 24 milioi eurora iritsiko da (hasierako aurrekontuetako 17,3 milioiak gehi oraingo 6,7 milioi euroak), eta udalek aurreikusitako GLLen beharrizanen % 75eko estaldura lortu da (inoiz izandako mailarik handiena); bitartean, etxebizitzen alokairu beharrizanen % 100era iritsi da Etxebizitza Prestazio Osagarriaren bitartez. Azken laguntza hori Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileek jasotzen dute, eta 43.1 milioi erabili dira horretarako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • viceconsejero de Empleo