Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak kontserbazio bereziko eremu izendatu du Arkamu-Gibillo-Arrastaria. (2015-12-15(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko abenduak 15

Dekretua, Arkamu-Gibillo-Arrastaria (ES2110004) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena, eta, hori kontserbatzeko neurriak ez ezik, Garobel Mendilerroa (ES0000244) hegaztientzako Babes Bereziko eremuarenak ere onartzen dituena.

LABURPENA

Bertan 121 hegazti-, 55 ugaztun-, 13 narrasti-, 11 anfibio- eta 6 arrain-espezie bizi dira

Gobernu-kontseiluak Kontserbazio Bereziko Eremu (KEB) izendatu du gaur Arkamu-Gibillo-Arrastaria ingurunea, kontserbazio-neurriak eta Salvada-Gorobel mendilerroko Hegaztiak Babesteko Eremu Bereziaren (HBEB) neurriak ezarrita.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren hitzetan, Europako Natura 2000 Sare ekologikoaren barneko bi eremu horiek Arabako ipar-mendebaldean daude, eta Gorobel mendilerroko HBEBak barruan du Bizkaiko Urduña udalerriaren lurren zati bat ere. Horien mugak gainjarri egiten direnez, eta biodibertsitate-balio antzekoak dituztenez, agiri bakar batean jaso dira bi eremu horietarako helburuak eta kontserbazio-neurriak.

Salvada-Gorobel mendilerroa Angulo menditik Nerbioiren jauzitik harago hedatzen da, tartean, Txarlazo edo Fraile mendi ezagunak daudela. Iparraldeko aldean 25 kilometroko luzera eta 600 metroko desnibela duen kareharrizko horma dago. Hegoaldeko aldeak behera egiten du leun, Burgosko Losa haranera, Santiago mendiarekin muga eginez. Mendilerroaren gainaldean lautada handi bat dago, nagusiki larrez, txilardiz eta pagadiz betea.

Gibillo mendilerroaren mendebaldeko isurialdeko hormak barne hartzen ditu aipatutako eremuak, eta, Gorobel mendilerroaren hormekin batera, Arrastariako zirkua osatzen du. HBEBaren azalera ia osoa, % 71, titulartasun publikokoa da, eta Aiara udalerrian dago.

Bertikaltasuna eta irisgaiztasuna direla medio, kareharrizko hormak leku aproposa dira hegazti harkaiztarrak eta mendikoak hazteko. Gainera, klima atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko banalerroan dago eremu hori eta bi klima motetara egokitutako landare- eta animalia-espezieen bizilekua da, mendilerroa biodibertsitate handiko eremu den seinale.

Bertan bizi diren 121 hegazti-espezieez gain, hainbat fauna-espezie dago Gorobel mendilerroan: 55 ugaztun-espezie, 13 narrasti-espezie, 11 anfibio-espezie eta 6 arrain-espezie. Bertako espezieetatik 66 animalia-espezie eta 20 landare-espezie Basa eta Itsas Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasota daude. Horietako lau -miru gorria, ferra-saguzar mediterraneoa, igaraba eta bisoi europarra- galzorian kategorian daude.

Gorobel mendilerroko HBEBaren 3.800 hektareen % 73 Batasunaren intereseko habitatak dira. Ameztiak, erkameztiak, artadiak eta garrigak daude, baina eremu horren bereizgarria harkaitz-pendizak eta Batasunaren intereseko larrez eta txilardiz osaturiko mosaikoa dira, HBEBaren azaleraren % 62 hartzen dutenez. Horrenbestez, neguan izan ezik, goi-ordokia zein mendilerro-hegalak behi-, ardi- eta zaldi-azienden artzaintza estentsiborako erabiltzen dira.

Arkamu-Gibillo-Arrastaria Kontserbazio Bereziko Eremua hiru unitate geomorfologikoz osatuta dago: Arkamu eta Gibillo mendilerroak eta Arrastariako zirkuaren zati bat. Gainera, KBE horren barnean dago Badaia mendilerroaren zati bat, Tetxako haitzartearen ingurukoa. Badaia mendilerroaren magala malda handikoa da; gainaldean kareharrizko hormak eta kanalak eratzen dira eta garrigak, erkameztiak, sabinadiak, txilardiak eta pinudiak daude.

Arkamu mendilerroa kareharrizkoa da eta leize, dolina (harkaitza urtzean eratutako sakonuneak) eta lapiaz (uraren higadurak harkaitzean eratutako ildoak) asko ditu, formazio karstikoetan ohikoa den legez.

Ipar-ekialdeko isurialde osoa kareharrizko hormatzarrez osatuta dago, hondoan dagoen Kuartango haranetik izugarri ikusten direnak. Gailurrean, erliebea desberdina da zeharo, goi-ordoki bat dagoenez, Lakozmonte haranera doan beherako malda leunekoa. Arkamu mendilerroaren ipar-ekialdean dago Gibillo mendilerroa. Arrastaria, Kuartango eta Basabe haranen artean dago eta gailurrean, 800-900 m-ko altueran, goi-ordoki bat du.

Klima
Klima eta landaredia desberdinak bi isurialdeetan. Ipar-ekialdeko isurialdean, azpiatlantikoa da klima. Eremuaren % 66 Batasunaren intereseko habitata da. Gibillo mendilerroaren iparraldeko eta ekialdeko hegaletan zein Arkamu mendilerroaren sartaldeko isurialdearen hegoaldean eta Arrastaria haranaren sartaldeko isurialdean, batez ere erkameztiak daude. Arkamu mendilerroaren sartaldeko gainerako isurialdean, goi-ordokiaren zati handi batean eta Gibillo mendilerroaren ipar-isurialdean eta Arrastaria haranaren mendebaldeko hegalean, batez ere, pagadi basofiloak daude, garrantzi handia dutenak bertako ekologian eta paisaian.

Eguterak eta goi-ordokiak mendiko garriga sarri batez estalita daude, klima mediterraneoan berezkoa dena. Mendilerroaren gainaldean larreak, txilardiak, sabinadiak eta garrigak daude, KBEaren azaleraren 11.540 hektareen % 30 hartzen dutenak. Azalera horren % 97,5 titulartasun publikokoa da, eta Amurrio, Urkabustaiz, Kuartango, Gaubea eta Erriberagoitia udalerrietako lurrak hartzen ditu. Baso-ustiaketa eskasa den arren, abeltzaintza estentsiboak garrantzi handia du KBE horretan.

Arkamu-Gibillo-Arrastaria KBEan Basa eta Itsas Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotako 55 fauna-espezie eta 4 landare-espezie daude, tartean, errege-koroa, miru gorria eta igaraba, galzorian kategoria dutenak. Natura 2000 Sarearen barneko bi eremu horietako faunari dagokionez, kiropteroak aipatu behar dira, bertan 17 espezie bizi baitira; EAEn ezagutzen diren espezieen % 65. Horrenbestez, bi naturagune horiek EAEko saguzar espezie-aberastasun handiena dute eta lehentasunezko eremuak dira horientzat.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko