Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadiko Energia Estrategia 2020 egitasmoa berrikusi eta administrazioarentzako energia jasangarritasuneko lege berri bat onartuko duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. (2015-12-15(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko abenduak 15

LABURPENA

Berrikuspena jendaurreko informazioan jarriko du 2016-2025 eperako Euskadirako energia estrategia sortzeko
3E2025 eestrategiak energia berriztagarrien erabilpen handiagorako trantsizioa planifikatuko du, ardatz gisa eraginkortasun energetikoa hartuz.
Eusko Jaurlaritzaren eraikin guztietan energia kontsumoa kontrolatuko duen Energia Jasangarritasunaren Sailarteko Batzordea eratzeko saioa egin dute gaur goizean, Arantxa Tapia buru zela.
Euskal administrazioko erakunde guztietan energia kontsumoa murriztea helburu izango duen energia jasangarritasuneko lege berri bat sortuko dute.

Euskadiko Energia Estrategia 2025 egitasmoaren definizioa

Eusko Jaurlaritza Euskadiko Energia Estrategia 2020 (3E2020) plangintza berrikusi eta eguneratzeko lanetan murgilduta dago, erreferentziatzat 2025. urtea hartuta. Egitasmoa behin betiko onartu aurretik, aste honetan bertan irekiko dute jendaurreko informazio fasea.

Agiri berriak hurrengo hamarkadan garapen energetiko jasangarria lortzeko helburu zehatzak finkatzen ditu, eta ingurumen ebaluazioko ikerketa estrategikoak ere aurreikusten ditu, derrigorrezkoak izango ez diren arren.

Euskadiko Energia Estrategia berrikusteko beharra mundu mailan emandako aldaketen ondoriozko marko berrira egokitu beharrak, erregelamendu eta legedi berriek eta krisi ekonomikoaren eraginez euskal gizarteak izandako bilakaerak berak eragin dute. Hain zuzen ere, azken horixe da indarrean den Energia Estrategia berrikusteko faktore nagusietako bat. Izan ere, testuinguru ekonomiko zaila luzatu egin da eta sektore guztietan eragin sakonak utzi ditu. Horregatik, susperraldia ez da modu berean eman sektore guztietan, eta hala zailagoa da krisiaren aurreko enplegu mailetara itzultzea.

Hori dela eta, beharrezkotzat jo da 3E2020 egitasmoa errealitate berri horretara egokitzea. Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bitartez hasitako lanen helburua eragile tekniko, enpresarial, industrial eta sozialen ekarpenak jasotzea da, epe ertainera plangintza orekatu bat lortzeko, teknikoki bideragarria eta energetikoki jasangarria izango dena.

Aurki 3E2025 berria jendaurrean jarriko dute herritarrek nahi dituzten ekarpenak egin ditzaten eta euskal gizartearen garapen eta ongizaterako ezinbestekoa den energiaren alorrean erabakiak hartzeko bide berriak irekitzeko.

Informazio publikoa izango da eskuragarri, abenduaren 19tik Otsailaren 2 bitartean. Ondoren, ekarpenak aztertu eta beharrezkotzat jotzen diren aldaketak azken testuan txertatuko dituzte, aldaketa horiek justifikatzeko txosten eta guzti. Jarraian, Gobernu Kontseiluak onartuko du azken testua.

Inbertsioak eta finantzaketa

Proposatutako helburu energetikoak lortzeko, 2016-2025 aldian, 2.790 milioi euro inbertitu beharko dira sektore guztietan.

Kopuru horrek ez ditu barne hartzen energiaren arloko teknologiak garatzeko I+G inbertsioak, ezta dagokion plangintza sektorialetan Estatuak onartu beharreko gasaren zein elektrizitatearen arloetako jarduera arautuetako inbertsioak ere.

3E2025 plangintzaren jarduera eremuak

1. Euskal industriaren energia-lehiakortasuna eta energia-jasangarritasuna hobetzea.
2. Petrolioarekiko energia-mendekotasuna murriztea.
3. Eraikinetan eta etxebizitzetan kontsumoa murriztea eta energia berriztagarrien erabilera areagotzea.
4. Energiaren arloan eraginkorragoa izango den herri-administrazioa sustatzea.
5. Lehen sektoreko baliabideak aprobetxatzea (adibidez biomasa).
6. Energia elektriko berriztagarriaren ekoizpena bultzatzea.
7. Energia-hornidurako azpiegiturak eta merkatuak gainbegiratzea.
8. Energiaren arloko garapen teknologikoa orientatzea.
Azken finean, ondasunak eta zerbitzuak sortzeko energia gutxiago behar duen sistema sozial eta ekonomikoa lortzen laguntzea enpresan, etxean eta garraioan, eta horretarako energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzea.

Euskal administrazioa, jasangarritasun politiken eredu

3E2025 plangintzan jasotako politika eta neurriak ezartzeak dituen zailtasunak ezagututa, Eusko Jaurlaritzak energia jasangarritasuneko politiken lidergoa bere gain hartu du Euskadiko sektore publikoaren jasangarritasun energetikoari buruzko irailaren 22ko 178/2015 Dekretuaren bitartez.

Gaur goizean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua Energia Jasangarritasunaren Sailarteko Batzordearen (EJSB) eraketaren buru izan da. Batzordearen zeregina 178/2015 Dekretua aplikatzea izango da, euskal sektore publikoa energia eraginkortasun, aurrezpen eta jasangarritasun neurrien aplikazioan eredu bihurtzeko. Neurriok Eusko Jaurlaritzaren mendeko sail, erakunde eta sozietate publiko guztietan ezarriko dira. Era berean, kudeaketa zentralizatuko eraikinetan, EITBn, Euskotrenen, Osakidetzan, hezkuntzako zentro publikoetan, epaitegi eta justizia jauregietan, museoetan, artxibategietan eta Jaurlaritzaren jabetzako etxebizitzetan ere aplikatuko dira neurriok.

Energia Jasangarritasunaren Sailarteko Batzordea sailburuorde maila duten Eusko Jaurlaritzako sail guztietako ordezkariekin osatu da.

Dekretuak marko orokor bat zehazten du, aitzindaria eta neurgarria, 2015erako % 25era bitarteko kontsumo murrizketa helburuak ezartzen dituena; egitasmoa gauzatzeak 200 milioi euro inguru aurreztea ekarriko du.

Dekretua pixkanaka aplikatzen joango da eta beharrezkoa izango da energia garbiagoei bide egingo dieten teknologia berritzaileak erabiltzea.

Neurri nagusiak energia aurrezpen eta eraginkortasuna bultzatzera bideratuta egongo dira, betiere instalazioetako kontsumoak optimizatzea xede: kontsumoen kontrol handiagoa; eraikinen birgaitzea estalkietan, leihoetan, barne eta kanpoko argiztapen sistemetan, klimatizazio sistemetan...

Dekretuan definitutako helburu zehatzetako batzuk honakoak dira:
Eraikin publikoen % 32k energia berriztagarriak baliatzeko instalazioak izan beharko dituzte, eta portzentaje hori % 40ra igoko da 2020rako. Helburu hau oso garrantzitsua da biomasaren aprobetxamenduarekin eta geotermiarekin lotutako teknologientzat.
Hiru urteko epean, erakin eta instalazio guztiek energia-ikuskaritza bat izango dute, baita dagokion Energia Eraginkortasuneko Ziurtagiria ere.
100 langile baino gehiagoko administrazioko lantokiek garraio plan bat prestatuko dute bi urteko epean, kostu eta onura energetikoak aztertzeko.
Eraikin berriek ibilgailu alternatiboak kargatzeko guneak izango dituzte, baita berauen erabilpena errazteko zein bizikletak aparkatzeko tokiak ere.
Energia elektrikoa erosteko lizitazio publiko guztiek energiaren jatorri berriztagarria bereziki baloratuko dute.

Euskadiko Energia Jasangarritasuneko Lege berria

Eusko Jaurlaritza eredu eta eragile da bai gizartearen bai gainontzeko euskal erakunde publikoen aurrean. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari bakarrik eragiten dion 178/2015 Dekretua indarrean jarri ondoren, Energia Eraginkortasuneko Lege berria idazteko prozesua abiarazi dute. Hasieran egitasmoa Jaurlaritzaren egutegi legegilearen parte ez bazen ere, gobernuak martxan jartzea erabaki du garrantzitsutzat eta beharrezkotzat jotzen duelako.

Energia Eraginkortasuneko Lege berria erakunde publiko guztiek aplikatu beharko dute. Aurki abiaraziko dute jendaurreko informazioko fasea eta gainontzeko erakundeekin iritziak partekatzekoa, lege proiektua 2016ko uda baino lehenago onartu ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau