
Parisko COP21 biltzarreko akordioa Ana Oregi: «Estatu azpiko gobernuek, eskualdeek eta herriek estatuen aurrean egindako argudiaketa lanak, lanketak eta presioak eragin positiboa izan dute, eta, oraindik ere egiteko asko dagoen arren, aurrerapausoak ematen ari gara»
- Klima Aldaketaren gaineko Parisko COP21 Biltzarra
- «Jakina lor zitekeela anbizio handiagoko akordio bat, baina guztiok dakigu petrolio-ekoizpenarekin lotutako estatuen interes ekonomikoak zeintzuk diren; isurpenak gutxitzea beren ekonomiak zalantzan jartzen duen zerbait bezala ikusten dute»
- «Orain erronka ekonomia horiek ere gizarteak hartutako norabide berriarekin bat egitea da, gizakion jarduera guztietan praktika jasangarriak txertatuz, planetaren gehiegizko berokuntza saihesteko»
- Sailburuak klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren inguruko eztabaida, foro eta topaketa ugaritan parte hartu du Parisen
Paris, 2015/12/12
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak nabarmendu duenez, «Parisko Klimaren Biltzarrean lortutako akordioa orain dela hogei urte Rioko Konferentzian hasitako bidean beste urrats bat da. Izan ere, estatuek euren emisioen, murrizketen eta jardueren datuak aldizka emateko konpromisoa hartu dute, planetako bizitzaren kudeaketan beharrezkoa den gardentasunarekin bat eginez. Gobernamendu eta gardentasunean aurrerapausoak eman dira, eta akordioak ezarritako aldizkako kontrolek hainbat estatutan eman daitezkeen egoera okerrak zuzentzeko aukera emango du. Estatu azpiko gobernuek, eskualdeek eta herriek estatuen aurrean egindako argudiaketa lanak, lanketak eta presioak eragin positiboa izan dute, eta, oraindik ere egiteko asko dagoen arren, aurrerapausoak ematen ari gara».
«Euskadiren kasuan, soberan betetzen ditugu adostutako gutxienekoak, baina ezin gara konformatu. Beharrezkoa da gure udalerrietatik, foru-administrazioetatik, administrazio autonomikotik, gizarte eta enpresa munduko erakundeetatik lanean jarraitzea, planeta behar bezala kontserba dadin etorkizuneko belaunaldientzat», gaineratu du sailburuak.
Oregik herrialde, eskualde eta hirietako ordezkarien foro eta eztabaida ugaritan parte hartu du Parisko COP21 biltzarrean mundu osoko presidente eta ministroekin batera. Horien artean, Iñigo Urkullu lehendakari eta The Climate Group taldeko Europarako presidentea ere izan zen joan den astelehenean.
Klima aldaketaren aurkako mundu mailako akordioa gaur goizaldean lortu dute Parisen, negoziazio gogorren ostean. Jarraian, aldeekin egunotan bi aldeko bilerak izan dituen Laurent Fabius Biltzarreko presidente eta Frantziako Atzerri Arazoetarako ministroak akordio-proiektua entregatu die Nazio Batuek antolatutako konferentzian parte hartzen ari diren 195 herrialdeetako ordezkariei.
Anbizioa
«Jakina lor zitekeela anbizio handiagoko akordio bat, baina guztiok ezagutzen ditugu petrolio ekoizpenarekin lotutako estatuen interes ekonomikoak zeintzuk diren; isurpenak gutxitzea beren ekonomiak zalantzan jartzen duen zerbait bezala ikusten dute. 2010 erreferentzia urtetzat hartuta, % 90 arte jaitsi behar dituzte isurpenak 2050erako. Orain erronka ekonomia horiek ere gizarteak hartutako norabide berriarekin bat egitea da, gizakion jarduera guztietan praktika jasangarriak txertatuz planetaren gehiegizko berokuntza saihesteko», azaldu du Ana Oregi sailburuak.
«Estatuek jakin badakite gas isurpenak lehenbailehen murriztu behar dituztela mende honetako bigarren erdian berotegi gasen isurpenetan neutraltasuna lortzeko, hau da, neutraltasun klimatikoa bezala ezagutzen dena gauzatzeko. Lehendabiziko Klima Aldaketaren Euskal Estrategian jada planteatzen genuen karbono-hustulekuak ezartzeko beharra», gogoratu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuak.
Akordioak ibilbide orri bat eta neurketa sistema bat ere ezartzen ditu estatu bakoitzak egindako isurpenak zuzendu eta ezarritako isurpen helburuak are anbiziotsuagoak bilakatzeko; hala, bost urtez behingo ebaluazio sistema bat aurreikusten da, 2019an gauzatuko dena lehen aldiz. Ondoren, 2021ean, Parisen lortutako akordioa indarrean jarri eta urtebetera, egitasmoaren lehendabiziko berraztertze bat egingo da.
Oregiren ustez, Iñigo Urkullu lehendakaria presidentekide duen «estatu eta eskualdeen arteko aliantzak aitzindari dela erakutsi du Parisko biltzarrean», bertan bere datuak «modu kontzertatu, garden eta homogeneoan» azaldu baititu.
«Klima Aldaketarako Euskadiren Estrategiak karbono kontsumo baxuko energia eredu baten alde egiten du apustu, horretarako eraginkortasun energetikoko proiektuak eta ekipamendu eta instalazioen hobekuntza sustatuz; kontsumitzaile sektore guztietan energia erabilpen arrazionaleko ohiturak eta energia kudeatzailearen figura sustatuz; euskal udalerrietan modu orokortuan ikuskaritzak, energia ziurtapenak eta smart grid eskemak zein kontagailu adimendunak ezarriz; energia kudeaketarekin lotuta nabarmentzen ari diren eremu berrietan jarduera ekonomikoa sustatuz; eta kogenerazioa bultzatuz», zehaztu du Oregik.
COP21 Biltzarrean lortutako akordio globalaren azken zirriborroa iragartzeko saioaren osteko aurkezpen hitzaldiko esaldiak
-
2015-12-14
Comentario de Twitter:
[#COP21PARIS] Declaraciones de la sailburu Oregi sobre el trabajo realizado y la influencia en el acuerdo alcanzado➡ https://t.co/N09LyP98Si