Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Koldo Mitxelenaren jaiotzaren mendeurrena ez da oharkabean pasa Galizian

2015.eko abenduak 11

Consello da Cultura Galegak, Galiziako Xuntak, Ramón Piñeiro Zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak ‘Ramón Piñeiroren eta Koldo Mitxelenaren jaiotza dela eta’ izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Santiago de Compostelan

 

Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Galizian da egunotan ‘Ramón Piñeiroren eta Koldo Mitxelenaren jaiotza dela eta’ jardunaldietan parte hartzen. Jardunaldi hauek Consello da Cultura Galegak, Galiziako Xuntak, Ramón Piñeiro Zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak antolatu dituzte. Baztarrikarekin batera, Galiziara hurbildu dira Miren Azkarate, Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria, filologoa eta euskaltzaina eta Pedro Miguel Etxenike, fisikan katedraduna eta Donostia International Physics Center (DIPC) Fundazioaren presidentea.

Baztarrikak, Azkaratek eta Etxenikek parte hartu duten jardunaldi hauetan Mitxelenaren eta Piñeiroren –aurten 100 urte bete dira jaio zirenetik- arteko erlazioa berreskuratu eta Estatuko hizkuntza gutxituen egoera aztertu nahi izan da. Honela, irailean EHUko uda ikastaroetan antolatu zen mintegiari jarraipena eman nahi izan zaio. Gogoratu behar da irailean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, HABE-k, Galiziako Xuntak, Consello Da Cultura Galegak eta Ramón Piñeiro Zentroak ‘Euskararen eta gainerakoen tokia hizkuntza aniztasunean, Koldo Mitxelenaren eta Ramón Piñeiroren ekarpenen harira’ izeneko mintegia antolatu zutela Miramar Jauregian.

‘Ramón Piñeiroren eta Koldo Mitxelenaren jaiotza dela eta’ jardunaldiak atzo eta gaur artean antolatu dira Consello da Cultura Galegaren egoitzan eta baita Ramón Piñeiro Zentroan ere. Ramón Villares, Consello da Cultura Galegako presidenteak, eta Pedro Miguel Etxenike fisikariak hasierako hitzaldia eskaini zuten atzo. Atzo arratsaldeko sesioan, berriz, Miren Azkaratek eta Fernando Ramallok ‘Euskararen eta galegoaren egungo erronkak: Mitxelena eta Piñeiroren garaitik Europako Eremu Urriko Hizkuntzen Gutunera arte’ izeneko ponentzia eskaini zuten.

Gaurko egunean, Real Academia Galegako presidente Xesús Alonso Monterok Koldo Mitxelenak Ramón Piñeirori bidalitako gutunak izan ditu hizpide bere interbentzioan. Jardunaldiak ixteko, Rosario Alvarezek gidatutako mahai ingurua antolatu da –gaia, hizkuntza politika estatu eta autonomia kontzertuetan izan da- eta, bertan, Euskadin eta Galizian hizkuntza politikarako arduradunak diren Patxi Baztarrikak eta Valentín Garcíak parte hartu dute. Francisco Caamañok eta Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari orokorra den Ester Franquesak ere mahai inguruan parte hartu dute.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak adierazi du: “gainditu gabeko ikasgaia da Estatuak bere izaera eleaniztuna onartzea eta horren alde egitea. Estatu mailako gainerako hizkuntzen –gaztelania ez diren hizkuntzen- biziberritzea botere publikoei, gizarte eragileei eta hiztunei esker etorri da. Estatuaren parte hartzerik gabe eta, batzuetan, Estatuaren traben kontra. Euskadin, behintzat, hori da gertatutakoa”, adierazi du.

“Espainiako Konstituzioa eleaniztasunaren aldekoagoa da Estatuko instituzioek garatzen duten hizkuntza politika baino”, bukatu du Baztarrikak.

Biografia laburrak:

Jarraian, informazio osagarri modura, Koldo Mitxelenaren eta Ramón Piñeiroren biografia laburrak eskainiko dira.

Koldo Mitxelena (1915-1987)

“Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia. Diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkuntza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu”, utzi zuen idatzita orain dela 100 urte jaio zen Koldo Mitxelenak. Urteak pasatu dira hitz hauek idatzita utzi zituenetik, baina, zalantzarik gabe, gaurkotasunez beteta daude. Mitxelena aurreratu bat zen. Bere garaiarekiko aurreratu bat, hain zuzen ere. Etorkizuneko ikuspegi paregabea zuen. Praktikotasunez beterikoa.

Beste kontu askoren artean, elkarbizitzaz ere hitz egiten zigun Mitxelenak. Hori zen, hain zuzen ere, lortu beharreko helburu nagusietako bat: elkarbizitza. Horrek bultzatuta ikusten zuen hain garbi eta hain hil edo biziko euskara batuaren premia. Eta denborak zerbait garbi utzi badu, hori da euskara batuak -berak bultzatutako eta landutako euskara batuak-, euskaldunak banatu baino batu egin gintuela eta gaituela. Seguru aski ere, egun ezagutzen dugun Euskal Herria eta euskara ez lirateke gauza bera izango euskara baturik gabe. Tamalez, herri bezala, zor hori kitatu gabe daukagu oraindik Mitxelenarekin.

Koldo Mitxelena Errenterian jaio zen duela ehun urte. Mende bat pasatu da jada euskararen historia modernoan egon den pertsonaia esanguratsuenetariko bat jaio zenetik. Hau dela eta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroetako protagonistetako bat izatea erabaki du. Mitxelena kultura handiko gizona izan zen: polifazetikoa, hizkuntzalaria, hiztegigilea eta euskara batuaren bultzatzaile nagusienetako bat. Besteak beste, Salamancan, Sorbonan eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle izan zen eta hiruetan utzi zuen ahazten zaila izango den aztarna. 

Bere bizitzan denetarik pasatu zitzaion. Kontutan hartu behar da garai zail eta konplikatu bat bizitzea tokatu zitzaiola: Gerra Zibila. Gaztetan boluntario bezala aritu zen nazionalen kontra, baina preso hartu eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Zigorra espetxe-zigor bihurtu zen eta ia 6 urte egon zen kartzelan. Izan ere, bertan hasi zen hizkuntzalaritzara zaletzen eta ingelesa eta alemana ikasi zituen. Ongi ikasi ere.

Espetxea betiko utzita, unibertsitate-ikasketetan murgildu zen. Kontutan hartu behar da gerra-ostean lan egonkorra lortzea oso zaila zela galtzaileen bandoko preso batentzat. Hala ere, laguntza handiarekin, Mitxelenak oztopo hau ere gainditzea lortu zuen. Juan Ajuriagerra politikariak lana eskaini zion, baina ez zen bakarra izan. Mitxelenak bezala pentsatzen ez zutenek ere laguntza eskaini zioten. Manuel Agud-ek, edo Antonio Tovar falangista ohiak, adibidez.

1951n lizentziatu zen Filologia klasikoan eta 1952an euskaltzain oso izendatu zuten. Garaitsu hartan Egan aldizkarian ere hasi zen lanean. Izan ere, orduko euskal idazle askok idazten zuten bertan. 1954an, Mitxelenaren gidaritzapean, euskara hutsean argitaratzen hasi ziren. Doktoretza 1959an lortu zuen errenteriarrak. Tovarrek eta beste irakasle batzuek Salamancako Unibertsitatean Manuel de Larramendi katedra sortu zuten eta Mitxelenak bertan irakats zezan ahaleginak egin zituzten. Baita lortu ere. 1960an Historia de la Literatura Vasca lana argitaratu zuen. Bere karrerako lan garrantzitsuenetako bat, hain zuzen ere.

1968an Euskaltzaindiak euskara baturako oinarri-txostena egiteko eskatu zion. Ez zen erraza izan. Ezta gutxiago ere. Ahozko eta idatzizko ondarea bateratzeko ahaleginak handiak izan ziren Arantzazuko Biltzarrean. Mitxelenaren lan-lerroa hobetsi zen. Urte batzuk beranduago, 1984an, Mitxelenaren zuzendaritzapean, behin-betiko abiada eman zitzaion Orotariko Euskal Hiztegiari. Baina, 1987an, lehen liburukia argitaratu aurretik, hil zen Mitxelena. 69 urterekin joan zitzaigun euskara batuaren aita eta arima izan zena.    

Ramón Piñeiro (1915-1990)

Ramón Piñeiro López Láncaran (Lugo) jaio zen 1915ean. Oinarrizko Batxilergo ikasketak bukatu ondoren, bere herrira itzuli zen etxeko nekazaritza lanetan laguntzera eta, 1930ean, Sarrian lanean hasi zen. 1931an, Errepublika aldarrikatu zen urtean bertan, zenbait hauteskunde ekitalditan parte hartu zuen. Urtebete beranduago, Piñeiro Lugora itzuli zen goi mailako Batxilergo ikasketak bukatzera eta, Partido Galegistaren bilera baten eraginari esker, Mocedade Galeguista de Lugo sortzen lagundu zuen. Organismo honen Kultura Idazkari izendatu zuten (beranduago Presidente izatera iritsi zen). Momentu honetatik aurrera, Piñeirok jarduera politiko handiko garaia bizi izan zuen.   

Gerra Zibila bukatuta, Filosofia eta Letra ikasketak Compostelan eta Madrilen hasi zituen. Hala ere, galegismo mugimendu klandestinoa batzeak gehiago kezkatzen zuen eta ikasketak uztea erabaki zuen. 1945an nazionalismo katalanak, euskaldunak eta galegoak Frantzian erbestean zegoen Gobernu errepublikarrarekin lanean hasi zirenean, Piñeiro lan honetarako galegoen ordezkari izendatu zuten.

Hala ere, Frantziatik itzuli zenean atxilotu egin zuten eta 6 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, nahiz eta hauetatik hiru bakarrik bete zituen (1946-1949). Kartzelatik irten zenean Piñeiro Galiziara itzuli zen eta, harrez geroztik, estrategia galegista zeharo aldatzen saiatu zen. Aldaketa honek Partido Galegistaren zatitzea ekarri zuen. Bere jarrera hau dela eta, “piñeirismo” izenez ezaguna dena, Vigon Galaxia (1950) editoriala (gerra ondoko editorial galegista zen) sortu zen. Enpresa honen zuzendari eta Grial aldizkariko zuzendarikide bezala, kultura galegoa bultzatu eta zabaldu zuen.

1967an Galiziako Erret Akademiako kide egin zuten eta bertan “Lengoaia eta hizkuntzak” izeneko hitzaldia eman zuen. Demokrazia garaian, Alderdi Sozialistaren eskutik, Galiziako Parlamentuko diputatu independentea izendatu zuten. 1983. urtetik aurrera eta hil zen arte (1990, Compostelan), Ramon Piñeiro Galiziako Kultura Kontseiluko presidente izan zen. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)