Berriak Osasuna
Eu

Gernika-Lumo ospitaleak hiru urte beteko ditu

2015.eko abenduak 12
  • Datorren abenduaren 12an hiru urte beteko dira zentroa martxan jarri zenetik
  • Aldi horretan, Gernika-Lumo Ospitaleak 100.000 kontsulta eta 140.000 proba diagnostiko baino gehiago eta ia 3.200 ebakuntza kirurgiko egin ditu.
  • Aurtengo urrian, Gernikaldeko Lehen Mailako Arretako Unitatea ospitaleko instalazioetara eraman dute

Gernika-Lumo Ospitaleak hiru urte beteko ditu. Aldi horretan, arian-arian zerbitzu-zorroa zabalduz joan da osasun-zentro hori, harik eta Busturialdeko, Gernikaldeko eta Lea-Artibaiko 56.000 biztanleen erreferentziazko ospitale bihurtu arte. Zentroak instalazio zabalak eta azpiegitura modernoa ditu; hiru urteotan, beste zerbitzuren artean, kontsultarako gune batez, bi ebakuntza-gelaz, endoskopia-areto batez, Larrialdi zerbitzu batez eta Etxeko Ospitaleratze zerbitzurako gune batez hornitu da.

Zabaldu zenetik, zentroak bere jarduera finkatu du; hala, hari esker, gaur egun 13 espezialitate mediko-kirurgikoetako sendagilek Gernikan ikus ditzakete eriak, inguru horretako biztanleek Galdakao-Usansoloko Ospitaleraino joan beharrik gabe. «Osasun-azpiegitura berria aurrerapauso bat da osasun arloko ekitatearen eta iriste-erraztasunaren bidean. Osakidetzako profesionalek egunero betetzen duten lanari esker, Gernika-Lumoko Ospitalea erreferente bihurtu da inguruko biztanleentzat» adierazi du Osasuneko Sailburuak, Jon Darpónek.

2013ko urrian Gernikako Larrialdiak inauguratu ziren, eta urtero 22.000 paziente inguru artatzen dituzte. Etxeko Ospitaleratze zerbitzua ere orduantxe zabaldu zen, ospitaleratzearen ordezko hautabide gisa; hain zuzen, zerbitzuak pazienteen etxeetara darama ospitaleko arreta.

Era berean, zerbitzu-zorroen azken zabalkuntzan (2014ko urrian), jarduera kirurgikoa abiarazi zen, oftalmologiako, traumatologiako eta dermatologiako ebakuntzak egiteko bi operazio-gela martxan jarririk, bai eta endoskopia-areto bat ere (gastroskopia eta kolonoskopiak egiteko). Horrez gain, Gernika-Lumoko Ospitaleak erabat ekipatutako kirurgia-eremu berri bat du; izan ere, Anestesia ondoko Bizkortzerako Unitate bat eta Kirurgia Anbulatorioko Unitate bat gehitu zaie ebakuntza-gelei, kirurgia-zirkuitua osatzeko beharrezko diren heinean.

Azken urtean, Gernika-Lumo Ospitaleak hartu du Gernikaldeko Lehen Arretako Unitatea ere. Horrenbestez, bi laguntza mailetako arreta integratu eta gerturatu ditu: lehen arretakoa eta ospitalekoa. Amaitzeko, 2015eko erdialdetik ospitale horretan da emaginaren kontsulta ere, ginekologiako eta emaginaren kontsultak elkarri hurbiltzeko. Emakumeei arreta emateko zirkuitu osoa gune berean egiteko aukera eskaintzen du, eta, beraz, baita erosotasun handiagoa ere.

LAGUNTZA JARDUERA, ZIFRATAN

2012an abiarazi zenetik, Gernika-Lumoko Ospitaleak 102.713 kontsulta egin ditu guztira (lehenengoak eta ondorengoak), bai eta bertaratu gabeko 2.391 kontsulta ere. Bestalde, 143.230 proba diagnostiko egin dituzte: horietatik, 7.970 OTAk izan dira.

Orobat, 8.286 mamografia egin dira guztira: hor barruan sartzen dira, bai mamografia sintomatikoak –hau da, medikuak diagnostikoa baieztatzeko edo baztertzeko eskatu dituelako egindakoak–, bai Jaurlaritzaren Osasun Sailak Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko abiarazitako Programaren esparruan egindakoak.

2013ko urrian larrialdiko eremua abiarazi zenetik, 51.567 larrialdi artatu dira. Horietatik, 11.375 larrialdi pediatrikoak izan dira.

 Azkenik, 2013an hasi zen Etxeko Ospitaleratze zerbitzuaren jarduera ere. Hogeita zortzi udalerriri ematen die estaldura, eta Bermeok eta Gernikak dakartzate urtean ospitaleratze gehien. Bi urte eta erdi hauetan, 334 paziente artatu ditu ospitaleratze tradizionalaren ordezko zerbitzu horrek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)