Berriak Segurtasuna

Segurtasun Sailak larrialdi kimikoaren sirenen sarea aktibatzeko hainbat ariketa antolatu ditu, Gipuzkoan eta Bizkaian

2015-12-13

Ariketak Hernanin, Muskizen eta Santurtzin izango dira,  abenduaren 15ean eta 16an

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bitartez, datorren astean, abenduaren 15ean eta 16an, ariketa batzuk egingo ditu larrialdi kimikoaren sirenen sarea aktibatzeko. Ariketa horiek udalerri hauek hartuko dituzte eraginpean: Hernani, Muskiz eta Santurtzi.

Ekimen honen helburu nagusia izango da hurbileko biztanleak alarma-sistema horretara ohitzea; hain zuzen, SEVESO araudiaren menpeko industria kimikoetan sor litezkeen ihes toxikodun istripuei begira. Araudi horrek substantzia arriskutsuak tartean dauden istripu larriak erregulatzen ditu.

Sirenen aktibazioa abenduaren 15ean hasiko da Hernanin, goizeko 12:00etan, eta eragindako enpresak Kem One eta Electroquímica Hernani izango dira.

Ariketek hurrengo egunean, abenduaren 16an, jarraituko dute. Goizeko 10:00etan Muskizeko Petronorren eta 12:00etan Santurtzin (Bilboko Portua).

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako web gunean, www.euskadi.eus/112 , egongo da eguneratua Euskadiko SEVESO enpresen Kanpoko Larrialdi Planei dagokien informazio guztia.                                                                                 

Simulazioen nondik norakoa

Sirenek argi eta entzuteko moduan bi seinale-mota igorriko dituzte arrisku-gune osoan: bata hodei toxikoagatiko alerta adierazteko eta bestea alertaren amaiera iragartzeko.

Alertari hasiera emateak berekin ekarriko du biztanleentzako lehentasunezko babes-neurri gisa toki itxian konfinatuta geratzea.

Segurtasun Sailak Kanpoko Larrialdi Plana egin du eta bertan ezartzen dira larrialdietan antolamendua eta giza baliabideak eta baliabide materialak koordinatzeko mekanismoak, betiere beroriek fabrikaren kanpoaldean eraginik badute. Halaber, plan horrek barne hartzen du megafonia bidezko abisuak eginez eta prentsan argitaratutako komunikatuen bitartez biztanleak ohartarazteko modua.

Sirenen helburua abisu-sistema hori indartzea da eta, bestetik, alertaren berri berehala ematea, era horretan eragindako biztanleek istripuetarako oinarrizko autobabes-aholkuak balia ditzaten.

Sirenak ezartzeko prozesua 2004an Lantarónen hasi zen eta 2005ean Muskizen, Abanto Zierbenan eta Zierbenan jarraitu zuen. Pixkanakako hedapen horren hirugarren fasea 2006an Hernanin burutu zen.

Güeñesen eta Alonsotegin 2008an jarri ziren eta Bilbo portuaren esparrua sirenak instalatu ziren azken tokia izan zen, zehazki 2009an.

Argibide gehiago dokumentu honetan: hots seinaleak aktibatzeko ariketa (2014) www.euskadi.eus/112

Hots-seinaleen deskribapena

  • Alertaren hasiera:  uhin-soinu eta isilaldi hauetaz osatutako sekuentzia hau entzungo da
  • Alertaren amaiera: 30 segundoz soinu laua eta jarraitua entzungo da.

Biztanleentzako jarraibideak larrialdi kimikoa dagoenean

Eusko Jaurlaritzak abian jarritako informazio-kanpainak biztanleei argibideak ematen dizkie larrialdi kimikoa gertatuz gero hartu beharreko autobabes-neurriei buruz. Hori horrela, alertari hasiera emateko sirena entzutean, herritarrak KONFINATUTA geratuko dira eta oinarrizko aholku batzuk kontuan izango dituzte:

-  itxi ateak eta leihoak (jaitsi pertsianak ahal bada) eta urrundu haietatik

-  entzun irratiak eta telebista, horien bidez agintarien jarraibideak eta gomendioak emango baitira

-  ez erabili aireztapen- eta beroketa-sistemak

-  kalean bazaude, babestu arnasbideak eta joan toki itxi batera

-  ez erre eta ez piztu surik

-  ez erabili telefonorik behar-beharrezkoa ez bada

-  ez joan ikastolara umeen bila: beren irakasleek jarraibide zehatzak dituzte

-  ez irten kalera agintariek alerta amaitutzat jo arte

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan