Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Bitikultura biodinamikoari buruzko esperientziak partekatzen Dordoinako mahastizainekin Arabako Errioxan

2015.eko abenduak 10

Neiker-Tecnaliak bitikultura biodinamikoan erabilitako teknikei buruzko ezagutza partekatzea nahi du, BIOMAHATS proiektuaren barruan. Dordoinako (Frantzia) hainbat teknikari eta mahastizain Arabako Errioxan izan berri dira, Neikerekin batera, bertako mahastiak eta upategiak ezagutzeko.

BIOMAHATS proiektuaren helburu nagusia da gaur egun Euskadin eta Akitanian nekazaritza biodinamikoaren teknikak erabiltzen dituzten upategiek lortutako esperientziak partekatzea. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen Neiker-Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea eta Dordoinako Nekazaritza Ganbera proiektu horretan ari dira lanean gaur egun, Euskadi-Akitania Euroeskualdearen eta Eusko Jaurlaritzaren fondoekin finantzatuta. Nekazaritza biodinamikoak elikagaien balio nutrizionala eta lurraldearen iraunkortasuna areagotu nahi ditu, lurraren bizitasuna elikatuz, naturaren eta gizakiaren gaineko kontzeptu holistiko eta espiritual bat praktikatuz. NEIKERen nahia da nekazaritza biodinamikoaren berezko prestakinen aplikazioak lurraren propietateetan duen eragina ebaluatzea. Horretarako, esperimentu bat egin da Errioxa JDko lursail batean, zeinean nekazaritza biodinamikoaren printzipioei jarraitzen zaien. Lursaila Baños de Ebroko Artuke upategiarena da. Esperientziaren emaitzak, NEIKERen beste proiektu batzuetan lortutakoekin batera, azaroaren 26an aurkeztu ziren, Guardian.

Bai Euskadiko Jatorri Deituretan (Errioxa JD, Gipuzkoako Txakolina JD, Bizkaiko Txakolina JD eta Arabako Txakolina JD) bai Akitaniako JDetan (Frantzia), hainbat mahastizain dagoeneko hasi dira nekazaritza biodinamikoaren printzipioak praktikan jartzen. Biomahats proiektuak mahastizain horiek orientatzen lagundu nahi du, datu erreal eta hurbilekoetan oinarrituta, eta bi eskualdeen arteko upategien artean esperientziak trukatuz.

Euskal ardogileen bisita Dordoinan eta Dordoinakoena Arabako Errioxan

Euskal eta Akitaniar mahastizainen artean ezagutza trukatzen laguntzeko, Dordoinako Nekazaritza Ganberak eta NEIKERek bi bidaia antolatu dituzte, eskualde bakoitzean bana. Lehena ekainean egin zen, eta EAEko lau jatorri izendapenetako 18 teknikari eta ardogilek Frantziako Dordoinako upategiak eta nekazaritzako ustiategiak bisitatu zituzten. Ekainaren 25ean eta 26an sakon bisitatu ahal izan zituzten Les Vignerons de Sigoulès Upategi Kooperatiboa eta Michel Prouillac Upategi Independentea, nekazaritza biodinamikoari lotutako beste ustiategi batzuk bisitatzeaz gain: GAEC d´Eyssal: Biodinamikara aldatzen ari den abeltzaintza eta nekazaritzako ustiategia, eta SARL Altaïr: nekazaritza ekologikoan eta biodinamikoan erabili ohi diren prestakinak ekoizten dituen ustiategia, nekazaritzan eta pertsonen kontsumoan erabiltzeko.

Orain dela gutxi egindako bigarren bidaian 22 teknikari eta mahastizain elkartu dira, Dordoinako eta Euskadiko ordezkarien artean, eta Arabako Errioxako bodegak bisitatu dituzte, bi egun betetan (azaroaren 25a eta 26a). Instalazioak eta mahastiak bisitatu ahal izan zituzten, eta upategietan ardoak dastatu: Azpillaga Urarte, Laukote, Casa Primicia, Eguren Ugarte, Artuke, Tierra Agrícola Labastida, Solaguen, Gil-Berzal eta Compañón Arrieta.

Topaketa horiekin lehen eskutik ezagutu ahal izan dituzte erabiltzen diren teknika agronomikoak, gertatzen diren arazoak eta irtenbideak, eta baita agertzen diren onurak ere.

Nekazaritza alternatiboa 1924tik

Nekazaritza biodinamikoa 1924an aurkeztu zen lehendabiziko aldiz nekazaritza alternatibo moduan, Rudolph Steiner austriar filosofoaren eskutik. Harrezkero jarraitzaile asko irabazi ditu, batez ere Europan, Zeelanda Berrian, Australian eta Indian. Harreman handia du nekazaritza ekologikoarekin, esaterako, lurraren hobekuntza, laboreen errotazio eta konpostatzeari dagokionez. Nekazaritza biodinamikoaren oinarrizko alderdietako bat da prestakin bereziak erabiltzen direla, lurrari, landareei zein konpostari aplikatzeko. Gainera, eguzki, ilargi, zodiakoko konstelazio eta gure eguzki sistemako planeten erritmoen eraginak ere hartzen dira kontuan. Azken urteetan, gero eta upategi gehiagok erakutsi dute horrelako ekoizpenari buruzko interesa, batez ere Frantzian eta Kalifornian.

Neiker-Tecnalia, erreferentziazko zentroa lehen sektorearentzat

Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea irabazi asmorik gabeko sozietate publiko bat da, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoena. Zentro teknologikoak I+Gko helburu hauek lortzeko konpromisoa dauka: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiategietan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @BittorOroz
    2015.eko abenduak 15

    Comentario de Twitter:
    Irekia: Compartiendo experiencias sobre viticultura biodinámica junto a viticultores de la Dordoña en Rioja Alavesa https://t.co/wC0IFivjcM

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)