Berriak
Eu

Gabonetako erosketei begira, Kontsumobideren gomendioa modu seguru eta arduratsuan kontsumitzeko: aurrekontu bat prestatzea, denboraz planifikatzea, prezioak alderatzea eta tiket zein fakturak gordetzea

2015.eko abenduak 11

Berehala datoz Gabonak, eta datozen asteotan izugarri handituko da kontsumoa; izan ere, diru gehien gastatuko dugun urteko sasoia da. Kontsumobideren zuzendari Xabier Legarretak gogora ekarri nahi du kontzientzia kritikoa izan behar dugula sasoi honetan kontsumo-eragineei dagokienez, eta saiatu behar dugula kontsumitzaile zentzudunak izaten, gure poltsikoak kontrolik gabeko gastutik libratzeko.

Horregatik, eta kontsumitzaileak informatzeko eta babesteko helburuz, aholku sorta hau aintzat hartzea gomendatzen du Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak, modu arduratsu, bermedun eta seguruan kontsumitzeko.

  • Prestatu aurrekontu bat, gastu-muga non dagoen jakiteko.
  • Denbora nahikoaz planifikatu erosketak, eta egin ezazu erosi beharreko erosgaien zerrenda bat, gastu gehiegizkoak eta azalekoak saihesteko eta hain modu konpultsiboan ez erosteko.
  • Erosi denboraz eta alderatu saltokien arteko prezioak, hobeto hautatzen da-eta era horretan: horrenbesteko presarik gabe, merkeago eta askoz eskaintza zabalagoan.
  • Eskatu eta gorde tiketak eta publizitate-liburuxkak; izan ere, beharrezko gerta daitezke erreklamaziorik jarri behar baduzu.
  • Produktu bat erosi aurretik, bildu ezazu itzulketa-politikaren inguruko informazioa. Zenbait establezimendutan ez dute itzulketarik onartzen produktua ez bada akastuna.
  • Eskatu ezazu erreklamazio-orria arazorik baduzu. Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikitako establezimenduak kontsumitzaileentzat berme dira: gatazkarik balego, azkar eta doan ebatzi liteke desadostasuna.

Halaber, gero eta gehiago dira erosketak egiteko Internet aukeratzen dutenak. Modu seguruan erosteko, lehenik eta behin, online denda webgune seguru batean kokatuta dagoela ziurtatzea gomendatzen du Kontsumobidek. Zerbitzari seguru batean ostatatutako orrien URLak HTTPS:// du hasieran.

Segurtasun-adierazle dira, halaber, giltzarrapo itxiaren eta giltzaren irudiak (URLren ondoan edo nabigatzailearen beheko aldean). Irekitako giltzarrapoak, berriz, esan nahi du webgunea ez dela segurua.

Online dendaren identifikazio-datuak ere egiaztatu behar dira: enpresaren izena, IFK, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa, enpresa benetan existitzen dela eta Internet bidez ordainketa seguruak egiteko aukera ematen duela ziurtatzeko.

Datu pertsonalak babestu behar dira; horretarako, komenigarria da pribatutasuneko politika irakurtzea, datuei emango zaien erabileraren berri izateko. Egiazta ezazu, halaber, dendak Online Konfiantzako zigilua duen, edota antzeko jokabide-koderen batekin bat egin duen; izan ere, enpresak konpromiso etikoak eta jokaera-konpromisoak hartu dituen berme izango da, bai eta web-orria egiaztatua dagoen berme ere.

Hori bezain garrantzitsua da jakitea ea online dendak baduen bezeroen arretarako zerbitzurik zalantza, kexa eta erreklamazioei erantzuteko. Kexa edo erreklamaziorik aurkezten baduzu, izan gogoan komenigarria dela betiere erreferentzia-zenbakia eskatzea, jarraipena egiteko.

Azkenik, online erosketaren baldintzen inguruko informazioa bildu behar da; zehazki, alderdi hauei dagokienez:

  • Egiazta itzazu produktuaren ezaugarri teknikoak.
  • Egiazta ezazu iragarritako eskaintza erosi nahi duzun produktuari aplikatzen zaiola.
  • Ziurta ezazu produktuaren guztizko prezioa (BEZa barne), eta zeintzuk diren onartutako ordainketa-moduak. Kontuan hartzekoa da ea bidaltze-gastuak, txartelarekin ordaintzeagatiko errekarguak, aduanako gastuak eta abar ordaindu behar diren.
  • Informa zaitez produktuaren entrega-epearen inguruan.
  • Informa zaitez online dendaren itzultze-politikaren inguruan ere (epeak, prozedurak, itzultze-gastuak, etab.) Nolanahi ere, izan gogoan, salbuespenak salbuespen, produktua akastuna izan gabe ere, legeak 14 egun naturaleko gutxieneko epea ezartzen duela urrutiko salmentetan (eta halakoak dira Internet bidez egindakoak) produktua justifikazio beharrik gabe itzultzeko (atzera egiteko eskubidea).

 

Erosketa espezifikoak

Era berean, Kontsumobidek hainbat aholku eman nahi dizkie kontsumitzaileei bereziki Gabonetan egiten diren erosketa espezifikoei dagokienez (jostailuak edo egunero erosten ez ditugun elikagaiak):

Jostailuak erosteko:

  • Hautatu CE bereizgarria duten jostailuak. Jostailuak Europako araudiaren funtsezko segurtasun-baldintzak betetzen dituela adierazten digu bereizgarri horrek.
  • Kontuan hartu jostailua norentzat den (adina, zaletasunak, etab.) hautatzeko orduan.
  • Saihestu sexismoa jostailuak aukeratzean: ez dago mutilentzako edo neskentzako jostailurik, ume bakoitzarentzat egokiak edo desegokiak diren jostailuak baizik.
  • Gogoratu jostailuaren helburua sormena sustatzea dela, eta ez behaketa hutsa.

Bideojokoak erosteko:

  • Hartzailearentzat aproposa den bideo-joko bat aukeratzeko, bideo-jokoen kutxetan agertzen diren piktograma edo irudiei erreparatu behar zaie, edukiari buruzko informazio garrantzitsua ematen dutelako (gomendatutako adinak, bortizkeria/beldur maila, etab.).

Elikagaiak erosteko:

  • Ongi aztertu erosi beharreko itsaskiaren, arrainaren, haragiaren eta abarren egoera: kolorea, usaina, etab.
  • Gogoan izan cava-izenek (brut, brut nature, lehorra, erdi lehorra eta estralehorra) azukre-proportzioaren berri ematen dutela.
  • Gogoratu turroi tradizional bigunen eta gogorren kalitateak (gorena, estra, estandarra, popularra) horien osaeraren eta eraman behar duten almendraren gutxieneko ehunekoaren araberakoak direla.

 

Kontsumobidek gogorarazi nahi du herritarren arretarako zerbitzuak dituela Bilbon, Gasteizen eta Donostian.

 

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduak 11

 

Lotura

Kontsumoko gaiak

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau