Berriak Osasuna
Eu

Osasun Eskolak 2015ean «Paziente Bizia» programan prestatzaile gisa jardundako 219 begiraleen lana aitortu eta eskertu du

2015.eko abenduak 10

Gorazarre-ekitaldia Donostian

Osasun Eskolaren «Paziente Bizia» programak guztira emandako 290 ikastaroetan 3.363 paziente aktibatu dira.

Osakidetzaren Osasun Eskolak gorazarre-ekitaldi bat egin du gaur, Donostia Unibertsitate Ospitalean, «Paziente Bizia» programan prestatzaile gisa diharduten pertsonen lana eskertzeko; bereziki, aurten ziurtatu diren 26 prestatzaileena.

Osasun Eskolak garatutako programa bat da Paziente Bizia eta haren barruan prestatzaileek gauzatzen duten lana aitortu nahi izan dute ekitaldian. Programak gaur egun berezko metodologiarekin bi esku-hartze mota garazten ditu prestakuntzaren arloan: gaixotasun kronikoren bat duten biztanleei zuzentzen zaie bata, «Nire osasuna aktiboki zaintzen» izenburupean, eta 2014tik egiten da; bestea, aldiz,  2 tipoa diabetes gaixotasuna dutenei zuzentzen zaie zehazki, eta «Nire diabetesa aktiboki zaintzen» du izenburutzat.

Begiraleek, ikastaroon bitartez, parte-hartzaileei gaixotasunak beren kabuz kudeatzen irakasten diete, bai eta beren osasunaren erantzukizuna hartzen eta tratamendu-aukera desberdinak egoki maneiatzen ere.

«Nire osasuna aktiboki zaintzen» ikastaroan 2 ordu eta 15 minutuko saioak egiten dira, astean behin, zazpi astez. Aldez aurretik, ordu eta erdiko saio bat egiten dute, programa eta programaren helburuak azaltzeko.

«Nire diabetesa aktiboki zaintzen»  ikastaroan, berriz, 2 ordu eta 30 minutuko saiok egiten dituzte, astean behin, sei astez.

Bi ikastaroetan taldekoak eta parte hartzekoak dira saioak.

Gaur goizean programari buruz jakinarazitako datuen arabera, 2015ean 26 begirale berri ziurtatu dira. Beraz, 219 begirale dituzte orain; hau da, duela bi urteko zifraren bikoitza baino gehiago.  Era berean, aurten 75 ikastaro egin, eta 767 paziente berri aktibatu dira.

Gaur egun, Osasun Eskolaren «Paziente Bizia» programak 3.363 paziente aktibatu ditu; guztira, 290 ikastarotan parte hartu dute.

Gorazarre-ekitaldian, Osasun Sailako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak, Iñaki Berraondok  parte hartu du, eta Programa horretan aritzen diren guztiek (profesional, paziente nahiz zaintzaile) egindako lana eskertu du. Programak helburu oso garrantzitsua du: «pertsonek zeregin gero eta aktiboagoa bete dezaten beren osasunean, informazioaren eta prestakuntzaren bitartez».Adierazi duenez, ohitura osasungarriak indartuz eta pazienteak ahaldunduz osasuna sustatzea eta gaixotasunei aurre hartzea lehentasunezko esparru da Osasun Sailaren ibilbide-orrian; alegia, 2013-2020 aldiko Osasun Planean. Horretarako, besteak beste, «tresna aproposa da Osakidetzaren Osasun Eskola, Euskadiko biztanleek beren osasunean gero eta zeregin aktiboagoa bete dezaten sortutako proiektua» nabarmendu du.

Orobat, Osasun Eskola osatzen duten kide guztiak animatu nahi izan ditu Iñaki Berraondok, Osasun Sailaren babespeko proiektu horretan lanean jarrai dezaten.

Bestalde, jardunaldian, begiraleek balorazio erabat positiboa egin dute Paziente Bizia programan izan duten parte-hartzearen inguruan: pazienteei esperientziak partekatzeko, bizi-ohitura osasungarriak ikasteko eta beren gaixotasuna kontrolpean izateko aukera eman die, bai eta prestatzaile gisa hori guztioir beste pazienteei helarazteko ere;profesionalei, berriz,pazienteekin jokatzeko modua aldarazi, eta haienganako gertutasun handiagoa ekarri die.

Ekitaldi honen klausura Osakidetzako Zuzendari Nagusiak, Jon Etxeberriak,  egin du pertsonen inplikazioaren garrantzia bere osasunaren kudeaketan nabarmendu duena. 

 2015eko abenduaren 10

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)