Berriak Osasuna
Eu

Bidasoako ESI-k eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak 2015eko Kudeaketa Aurreratuaren Sarien Zilarrezko «A» eskuratu dute

2015.eko abenduak 09

Osakidetzaren bi erakunde saritu dituzte, osasunaren alorrean kudeaketa aurreratuaren ereduko jardunbide egokiengatik

  • Osakidetza finalista geratu da nazioarteko Quality Innovation of the Year sarietan 2015, berrikuntza potentzialaren kategorian, «Ikerketa klinikoan gizartearen transzendentzia optimizatzeko web zirkuitu bat garatzeko proiektuarekin». Emaitza urtarrilean emango dute, Tallinen.
  • Osakidetzaren beste 12 erakundek eta ospitalek kudeaketa aurreratuaren diplomak eskuratu dituzte.

Bidasoako Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak zilarrezko «A» eskuratu dute Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa aurreratuko sarietan. Hala, sari honen bidez, osasungintzaren sektorean Euskadin jardunbide egokienak dituzten erakunde aurreratuen bezala egiaztatuta geratu dira.

Gaur arratsaldean jakinarazi dituzte sariok, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa aurreratuko sarien galan, Euskalitek antolatuta; bertan, kudeaketa-jardunbide egokienak dituzten Euskadiko erakunde aurreratuenak nabarmentzen dira. Bi erakundeok Zilarrezko «A» jaso dute Osasuneko sailburu Jon Darpónen eskutik, Euskalduna jauregian egindako ekitaldi batean. Bertan izan da, era berean, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere, ekitaldiaren buru.

Errekonozimendu hauek eskuratzeko, Bidasoako ESIk eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak kanpo-ebaluazio bat izan dute, EUSKALITen Ebaluazio Klubeko kideek eginda. Hala, erakunde horietatik kanpoko profesionalek eta adituek balioetsi dituzte aurkeztutako erakundeen kudeaketa-lanak, analisi global eta sistematiko baten bidez balioetsi ere. Egiaztapenak egiteko, kudeaketa aurreratuko eredua aplikatzen da, sei elementuk osatutako eredua, hain justu: estrategia, bezeroak, pertsonak, gizartea, berrikuntza eta emaitzak. Eredu hau orain artean baliatu izan den EFQM ereduaren ordez aplikatu da.

Eusko Jaurlaritzak kudeaketa aurreratuari emandako sariak banatzeko galan, era berean, kudeaketa aurreratuarekin konpromisoa adierazteko diplomak ere banatu dira, eta horietako 12 Osakidetzaren erakundeentzat izan dira.

Gainera, Osakidetzak beste sari bat ere eskuratu du: Quality Innovation of the Year 2015 sariko Euskadiko faseko irabazle izan da. Hala, «Ikerketa klinikoan gizartearen transzendentzia optimizatzeko web zirkuitu bat garatzeko proiektua» nazioarteko finalean izango da, berrikuntza potentzialaren kategorian, urtarrilaren 27an, Tallinen. Euskadik lehendabiziko aldiz parte hartuko du 2007an Finlandian sortutako lehiaketa honetan. Tokiko fasera 23 hautagai aurkeztu ziren, eta, bi kanporaketa-prozesuren ostean, sei enpresa izan ziren finalista, sariko kategoria bakoitzerako bana.

Sariok Osakidetza errekonozitzen dute, kudeaketari aplikatutako kalitate-eredu baten alde azken 17 urte hauetan egin duen apustua nabarmenduta. Osakidetza Euskaliteko Patronatuko kide da sortu zenetik (1992), eta kalitatearen kulturan lanean dihardu zerbitzu-erakunde guztietan. Hala, Euskalit sariak hasiera-hasieratik jaso izan ditu (1998), bikaintasuna errekonozitzeko; esate baterako, 2014an eskuratu zuen kalitatearen «Q» saria. 

 

Bilbo, 2015eko abenduak 9

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)