Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Bost milioi euro hirugarren sektoreak esku hartze sozialaren esparruan jarduerak gauzatzea sustatzeko. (2015-12-09(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko abenduak 09

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro inguru bideratuko ditu (4.941.480) esku hartze sozialaren esparruan jarduerak gauza daitezen sustatzeko.

Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak hirugarren sektorearen jarduerak sustatzeko ematen dituen laguntzak abenduaren 4ko 271/2012 dekretuan arautzen dira. Helburu hau dute: gizarte-zerbitzuen eta esku hartze sozialaren esparruan aritzen diren erakundeek gauzatutako jarduerak finantzatzen laguntzea; hain zuzen ere, norbanako orok autonomia pertsonala izatea eta komunitatean integratuta egotea sustatzeko direnak.

Gizarte-zerbitzuez gain, honako alor hauetan kokatzen dira halako egintzak: gizarte-inklusioa, familiaren babesa eta haur eta nerabeei arreta eta babesa. Halaber, etorkinen integrazioa dute xede, bai eta, oro har, kultura-artekotasuna, mendekotasun- nahiz desgaitasun-egoeran dauden adinekoei arreta eta babesa, eta dibertsitate eta askatasun afektibo-sexualaren babesa.

Diru-laguntzen ildo batek norbanako, familia, talde nahiz komunitateekin esku hartzeko jarduerak hartzen ditu barruan; hau da, norbanako orok autonomia pertsonala izatea eta komunitatean integratuta egotea sustatuko duten jarduerak, batik bat, esperimentazioa eta berrikuntza dakartzatenak. Enplegu eta Gizarte Politiken Sailak 4.342.480 euroko diru-laguntzak bideratuko ditu guztira ildo horretara.

Horrez gain, bada beste ildo bat, esku hartze sozialaren esparruan ekintza boluntarioak eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak diruz laguntzera bideratu dena. Atal horren barruan, esku hartze sozialaren esparruan ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa gehitzeko jarduerak finantzatuko dira, bai eta esku hartze sozialean diharduten erakundeek entitate, sare nahiz federazioak sortzeko eta hobetzeko jarduerak ere. Autonomia mailako entitate, sare eta federazioak lehenetsiko dira. Ildo horretara 599.000 euro bideratu dira guztira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau