
Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro bideratuko ditu 62 lankidetza proiektuetarako. (2015-12-09(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)
LABURPENA
Gobernu Kontseiluak onetsi egin ditu Euskadiko garapenerako GKEek aurkeztutako garapenerako lankidetzaren arloko 62 proiektu, guztira, 20 milioi euro behar dituztenak. Onartutako proiektuak eta proiektu bakoitzari esleitutako laguntza bihar, hilak 10, emango dira argitara EHAAn.
Lankidetza-proiektuetarako laguntzak dira Eusko Jaurlaritzaren jardunbide nagusia lankidetzaren arloan, eta horietara bideratzen da ELANKIDETZA - Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatzen dituen funtsen zatirik handiena.
Hainbat motako proiektuak lagunduko dira:
1. Garapenerako lankidetza-proiektuak.
Mota horretakoak dira Lankidetzarako Euskal Agentziak lankidetza-eragileen bitartez aurten finantzatuko dituen 62 proiektuetatik 43. Proiektu horiek onartutako 20 milioiko aurrekontutik 16.398.980 euro hartuko dituzte. Proiektu gehien egingo diren herrialdeak hauek dira: Peru, Guatemala, Kolonbia, El Salvador eta Kongo.
2. Ekoizpena garatzeko proiektuak, pobreziaren aurkako borrokan lagundu, eta hegoaldeko herrialde pobretuen prozesu endogenoak eta gaitasunak sendotzen dituztenak, eta laguntza teknologikoa emateko proiektuak.
Mota horretako bi proiektu onartu dira, guztira, 600.000 euro hartuko dituztenak. Helburuko herrialdeak Kuba eta Euskadi dira.
3. Garapenerako hezkuntza-proiektuak, munduan desberdintasunak sorrarazten dituzten arrazoiak ulertarazteko trebakuntza ematen dutenak, eta herritarren inplikazioa eta konpromisoa eskatzen dutenak sortutako gizarte-ereduak eraldatzen.
Mota horretako 17 proiektu onartu dira, guztiak ere Euskadin egitekoak, eta 3 milioi euro xedatuko zaizkie.
Proiektu horien helburuko esparruak dira, besteak beste, herri-ekonomiaren garapena, emakumeen ahalduntzea, oinarrizko gizarte-premiak, giza eskubideak, tokiko boterea, prestakuntza, gizarte-eragina, komunikazioa eta ikerketa. Proiektu guztiek barneratua dute genero-berdintasunaren ikuspegia, eta garapen integrala dute xede.
Gaur egun, 320 proiektu inguru abiarazi dira, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzaketarekin.
Proiektuetara bideratutako laguntzez gain, Eusko Jaurlaritzak -aurten 40 milioi euroko aurrekontua izango duenak- Elankidetzak kudeatzen dituen jarduera-lerroak finantzatzera ere bideratu ditu laguntzak. Hauek dira jarduera-lerroak: ekintza humanitarioa eta larrialdiko laguntza; genero-berdintasunaren aldeko proiektuak; hitzarmenak elkarteekin eta erakundeekin; eta nazioarteko erakundeetan lan egiten duten gazteentzako eta kooperanteentzako bekak.
Horiek horrela, aurten honakoak onartu dira:
Larrialdiko laguntzarako eta ekintza humanitariorako 20 proiektu, guztira 3,5 milioi euro hartuko dituztenak. Helburua: Siria, Nepal, Irak, Kongo, Afrika Erdiko Errepublika, Guatemala, Nikaragua, Libano, Palestina, Sahara eta Haiti.
Ekinbide humanitariorako esparru-estrategiako 3 proiektu. Guztira: 2 milioi euro. Helburua: Saharako Errepublika, Kongo, Palestina.
Genero berdintasunerako antolaketa-aldaketen arloko 5 proiektu. Guztira: 131.280.
Egiturazko lankidetzarako 7 programa, 6 erakunderen eskutik. Guztira: 7.100.000. Helburua: Bolivia, Peru, Honduras, Ekuador, Palestina eta El Salvador.
6 hitzarmen, tartean, Euskadiko erakundeekin, hegoaldekoekin eta nazioartekoekin. Guztira: 1.704.936.
Nazio Batuen 16 beka eta euskal kooperanteentzako 7 diru-laguntza.