Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: «turismo nautikoa garatzeko elkarlanari esker, Akitaniak eta Euskadik errealitate bihurtzen dugu lehiatzeko lankidetzan leloa»

2015.eko abenduak 09

 

  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak eta Alain Vidalies, «Euskaquitaine» baterako standa aurkeztu dute Parisko Nautic azokan
  • Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan % 15 hazi da jarduera hori: udan, 3.000tik gora laketontzi etorri dira bisitan.

Paris 15 12 09

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, gaur goizean baieztatu duenez, «Akitaniak eta Euskadik errealitate bihurtu dute lehiatzeko lankidetzan leloa, Bordele eta Bilbo arteko kostaldean turismo nautikoa garatzeko egindako elkarlanari esker». Bizkaia eta Gipuzkoako portuak soilik aintzat harturik ere % 15 hazi da jarduera hori, udan 3.000tik gora laketontzi etorri baitira bisitan.

 

Oregik Euskadiren eta Akitaniaren baterako standa, «Euskaquitaine», aurkeztu du Parisko Nautic azokan, Alain Vidalies eta EKPren zuzendari Edurne Egañarekin batera. Bordele eta Bilbo arteko eskaintza nautiko eta turistikoa sustatzeko stand bat da, hain zuzen ere.

 

«Frantziak eta Europak maila ekonomikoan zein sozialean bizi dituzten une zailak gorabehera, indarrez eta emaitza onak lortuko diren konfiantza osoz ari da garatzen Parisko Nautic azoka» adierazi du Oregi sailburuak, eta gaineratu du: «Akitaniak eta Euskadik gizarte esparru guztietan eta etengabe erakusten dute beren lankidetza espiritua».

 

«Atzoko asteartean Phillipe Couillard Quebeceko presidentearekin akordio bat lortu genuen hemen, Parisen. Akordioak itsas garraioaren arloko lankidetzari buruzko atal garrantzitsu bat hartzen du barne; haren bitartez, modu iraunkorrean lotuko dira Quebec eta Bilboko portuak. Gaur, euskaldunek eta akitaniarrek mugaz gaindiko europar lankidetzaren adibide praktiko bat eskaini dugu Versaillesen, “Euskaquitaine” baterako standaren bitartez. Bertan, gure portuak bisita ditzatela proposatzen zaie kirol nautikako zaleei eta belako nahiz motor bidezko kabotaje-nabigazioko zaleei: Bordeletik Bilbora, bostehun kilometrotik gorako kostaldea eta ia hamar mila amarralekutik gora eskaintzen ditugu, zerbitzu guztiekin» nabarmendu du Oregik standaren aurkezpenean.

 

Batzordearen datuen arabera, Europan, turismo nautikoaren sektoreak 3,2 milioi pertsonari ematen dio lana eta 183.000 milioi euro sortzen ditu, guztira, balio erantsi gordinean. Turismo nautikoak estatu eta eskualdeen itsas ekonomiaren heren bat baino gehiago hartzen du. Europako ostatu-lekuen % 51 itsasoa duten eskualdeetan biltzen da. 

 

Hazkundea

Hazkunde urdinaren estrategiaren ikerlanean aurreikusi denez, 2020ra arte % 2-3 bitartean haziko da turismo nautikoa. «Ildo horretan, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Akitania osoko itsasertzean, itsasoak, turismoak eta kulturak askotxo dute ekartzeko» adierazi du Oregik.

 

«Bidasoa inguruan eta Hego Lapurdiko Hirigunean –Hondarribia, Hendaia eta Donibane Lohitzune– 140 bat enpresak du itsas jarduerarekin zuzeneko lotura; 2.300 amarraleku eta 730 ainguratze batzen ditugu bertan, eta 1050 zuzeneko lanpostu eta 4000 zeharkako lanpostu sortzen dituzte» gogorarazi du sailburuak. Aurtengo zifra batzuk oraindik aztertzeke badaude ere, euskal portuei bisitak iazko aldean % 15 goratu direla jo du.

 

Zenbatetsi denez, 3.000 bat itsasontzi porturatu dira Bizkaia eta Gipuzkoako kirol portuetan: 12.000 bisitari inguru ekarri dituzte eta 6.000 gau-igarotze egin dira, bi eguneko batez besteko egonaldiarekin. Horrez gain, 100 euro inguruko batez besteko gastua eragin dute pertsonako eta eguneko; hau da, 2.400.000 euroko oinarrizko gastua, konponketarik, laguntzarik, erregairik eta halakorik aintzat hartu gabe.

 

Baterako webgunea

Duela zenbait egun euskaquitaine.eu webgune berria aurkeztu zuten akitaniarrek eta euskaldunek Hondarribian eta Hendaian. Euskadiko eta Akitaniako portu eta herriak sustatuko dituen webgune bat da, hartara, Europako kostalde atlantikoko belaontzi eta itsasontzi gehiagok bisita dezaten Euroeskualdeko itsasbazterra.

 

«Europako Batzordeak baterako lan hau sustatzen eta babesten du; itsasontziekin zuzenean lotutako zerbitzu-enpresen jardunean agerikoak dira, eta urtetik urtera goratzen dira, elkarlanaren emaitzak. Badira, halaber, hotelak, jatetxeak, museoak eta kultur nahiz museo-baliabideak, eta elkarreragin kulturala sustatzen ari gara Bizkaiko golkoaren txoko bateko nahiz besteko jendeen artean» nabarmendu du Oregik.

 

Ana Oregiren ustez, «Nautic Paris azoka sektorialean, Euskadi eta Akitaniaren eskaintzak argi erakutsiko dio Europa atlantikoari kalitateko eskaintza dugula Bordeletik Bilbora: itsas ingurumenarekiko begirunetsua eta gure herri eta hirietan garatutako ekimen turistiko, kultural eta sozialekin ezin hobeki osatua.  Europar Batasunaren barruan egiten dugun baterako lanarekin, errealitate bihurtzen dugu gure leloa: lehiatzeko lankidetzan».

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Edurne Egaña, Alain Vidalies, Jean François Fontaine,