Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Euskaliten Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria banatu du

2015.eko abenduak 09
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Enpresa irabazleen lana aitortu nahi izan du Urkulluk; «krisialdi luze honetan» biztanleen bizi-baldintzei eusteko «isilean ahalegindu den» herrialde baten sentimendua islatzen dute.

Iñigo Urkullu lehendakariak Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria banatu du gaur. Euskalit Fundazioak ematen du, Euskadiko erakunde aurreratuenak eta kudeaketa jardunbide egokienak aitortzeko helburuz. Lehendakariak gogorarazi duenez, Euskadi Europaren buruan dago kudeaketa aurreratuan engaiatutako enpresei dagokienez. Orobat adierazi du «krisialdi luze honetan isilean ahalegindu den» herrialde baten sentimenduaren isla direla enpresok, kudeaketa-lan zorrotza eta ahalegin kolektiboa egin baitute biztanleen bizi-baldintzei eusteko.

Euskalduna Jauregian izan da ekitaldia, eta bertan izan dira, halaber, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Arantxa Tapia; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturakoa, Cristina Uriarte; Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Ángel Toña, eta Osasunekoa, Jon Darpón. Aurten, 20 erakunderi egin diete errekonozimendua: bost industria-enpresari, bost zerbitzu-enpresari, sei hezkuntza-zentrori, administrazio publikoko bi entitateri eta osasun-sektoreko bi entitateri. 

Lehendakariak aintzat hartu nahi izan du saritutako enpresen ekarpena; esan duenez, «epe luzerako konpromisoaren eta baterako lanaren» adierazgarri dira. Haiek guztiek munduan Euskadi-Basque Country marka sustatzeko egindako ahaleginak nabarmendu ditu Urkulluk, eta azaldu du ondo egindako lanaren, kudeaketa serioaren eta zerbitzuaren nahiz bezero-arretaren bikaintasunaren erakusgarri dela marka hori.

Hala, baieztatu du Eusko Jaurlaritzak enpresagintza babesten eta haren beharrei erantzuten jarraituko duela, uste osoa baitu konfiantza dela «euskal ekonomiaren hazkundearen eragilea», eta alderdi hori giltza dela inbertitzeko, berritzeko eta enpresak kanpoaldera zabaldu ahal izateko. «Euskadi krisialditik ateratzera bideratu da; zehaztasunarekiko, egonkortasunarekiko eta lankidetzarekiko konpromisoari eutsiko diogu, aurrera egiten jarraitze aldera» adierazi du.

Kudeaketa Aurreratuen Euskal Saria

Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria sortu da, EAEko erakundeen artean Kudeaketa Aurreratuaren garrantzia lehiakortasunaren funtsezko elementu gisa bultzatzeko eta zabaltzeko.

Kudeaketa-sistemaren etengabeko hobekuntza eta aurrerapenarekin konpromisoa erakusten duten Euskadiko enpresa, hezkuntza-zentro, osasun-zentroek eta bestelako erakundeek, publikoek zein pribatuek, erdiesten dituzte Eusko Jaurlaritzak Euskaliten bitartez ematen dituen aintzatespen horiek.

Sari horien helburua kudeaketako erakunde aurreratuenak identifikatzea eta aintzat hartzea da, era horretan Euskadiko sare sozio-ekonomikoa Kudeaketa Aurreratua lehiakortasunaren funtsezko elementu gisa ezartzearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta erakunde bakoitzaren emaitzak hobetzeko.

Aintzatespen hauek lortzeko erakundeak bere kudeaketa sistemaren garapen maila jakin bat duela erakutsi behar du. Horretarako, Euskalitek Kudeaketa Aurreratuaren Eredua erreferentetzat hartzen duten Kanpo Kontraste eta Kanpo Ebaluazio zerbitzuak eskaintzen ditu.

Zerbitzu bietan, Kanpoko ebaluatzaile talde batek erakunde baten kudeaketaren azterketa orokorra eta sistematikoa egiten du, ikuspegi objektiboa erakutsiz, Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren arabera.

Euskaliteko Ebaluazio Klubak modu altruistan elkarlanean aritzen diren 2.000 zuzendarik eta teknikarik baino gehiagok osatzen dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)