Berriak
Eu

Euskadik eta Quebec-ek ekonomiaren, kulturaren, ingurumenaren eta kanpo harremanen arloko lankidetza bidea irekitzea adostu dute

2015.eko abenduak 08

Iñigo Urkullu lehendakaria Quebeceko lehen ministro Philippe Couillard-ekin bildu da gaur goizean. Quebecek Parisen duen egoitzan bildu dira bi ordezkari taldeak, eta horren ostean, datorren 2016ra begira bi lurraldeen arteko lankidetza-esparruak zehazteko lantalde bat abian jarriko dutela iragarri dute bi presidenteek. Aipatutako lankidetzak gai hauek izango ditu ardatz: ekonomia, bi herrialdeen arteko itsas bidea irekita; kultur jarduera Donostia 2016 ekimenaren esparruan; ingurumena, nazioarteko sareetan sakonduta, eta, azkenik, kanpo-harremanen proiekzioa.

 


Urkullu lehendakariak bi aldeen arteko harreman historikoa nabarmendu du, eta lankidetza-bidea ezartzeko oinarritzat balio izango lukeela adierazi du. Euskadi eta Quebec lotzen dituen itsas bidea irekitzea epe laburrean jorratu beharreko lankidetza-esparruetako bat dela azaldu du lehendakariak. Honela adierazi du lehendakariak: «Euskadi Europan sartzeko atea izango litzateke Quebecentzat alde atlantikoan, eta aldi berean, euskal produktuak Kanadako eta Estatu Batuetako merkatuetan sartzea erraztuko luke Quebecek; Estatu Batuen merkatua da, hain zuzen, euskal esportazioen hirugarren helmuga».


Kulturaren esparruan, Quebecen eta Euskadiren arteko harreman historikoa euskal baleazaleak Quebeceko lurraldean kokatu ziren garaitik datorrela gogorarazi du lehendakariak. Urkulluren ustez iragan partekatu horren balioa nabarmendu beharra dago eta, gainera, sormen- eta kultura-industriak sustatzeko politiken arloko jakintza ere ikasi edo partekatu beharra dago. Horretarako, Donostia 2016k esparru ezin hobea eskaintzen du lankidetza hori batera egindako ekintzen bidez gauzatu ahal izateko.
Gaur egun harremana badago jada ingurumenaren arloan, bi herrialdeok The Climate Group nazioarteko sarearen buru baitira; klima-aldaketaren aurka borrokatzeko konpromisoak aurkeztu ditu aipatutako sareak. Quebecek eta Euskadik ildo horri jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Euskadik eta Quebecek, halaber, kanpoko proiekzioaren ikuspegi bera dute, eta etorkizunean ekintzak elkarrekin egiteko nahia agertu dute

.
Parisen COP21 Klimaren Gailurragatik dagoen euskal ordezkaritzaren burua izan da lehendakaria. Gaur goizean Parisen Quebeceko ordezkaritzan egindako bileran euskal ordezkari hauek hartu dute parte: Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak, Administrazio eta Lurralde Plangintzaren sailburuorde Izaskun Iriartek eta Kanpo Harremanetarako zuzendari Leyre Madariagak. Quebeceko ordezkariak, berriz, lehen ministro Philippe Couillard eta Parisko ordezkari Michel Robitaille izan dira.

Euskadiren eta Quebecen arteko harremana
Quebeceko kostaldeko lurraldeetan izan dira euskaldunak duela mendeetatik. Han, Trois Pistoles udalerrian, esaterako, Euskal Abentura Parkea dago, eta kilometro gutxi batzuetara, Ternua eta Labradorreko probintzian euskaldunek nazioartean izandako lehen kokaleku handiaren hondakinak daude, balearen arrantza eta industriarako egindakoa, alegia.
Geroago, Urkullu lehendakaria KwaZulu-Natal probintziako (Hegoafrika) lehen ministro Edward Senzo Mchunurekin bildu da. KwaZulu-Natal Hegoafrikako bigarren probintzia da BPGari egindako ekarpenari dagokionez. Hango ekonomiak % 3,4 inguruko hazkundea izaten du urtean. Merkataritza KwaZuluko lan-merkatuko % 22,4 da, eta zerbitzuen zein manufakturaren sektoreek ere ekarpen esanguratsua egiten dute enplegua sortzeko.


Euskadi eta KwaZulu-Natal The Climate Group aliantzan daude, eta bilera horren bidez ekonomiaren arloan bi aldeek dituzten alderdi komunak aztertu nahi izan dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)