
Trafiko Zuzendaritzak ibilgailu-milioi erdia aurrez ikusten ditu zubiko asteburu honetarako
«Egin topa bizitzari; baina, topa egiten baduzu, ez gidatu»: jai-egunotan, mezu horixe helarazi nahi die Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak gidariei. Izan ere, hainbatek erabiliko du ibilgailua joan-etortzeko, hala ibilbide luze nola motzetarako (atsedengune turistikoak, bigarren egoitzak, saltoki-guneak).
«Beste behin gomendatu nahi dugu errepideetan erne eta begirunez gidatzea –adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–. Aisialdiaz gozatzeak ez du esan nahi arreta galtzea edo arriskuaz jabetzeari uztea. Ibilbide motzetan ere arduraz jokatu behar dugu, konfiantza gehiegikerian erori gabe. Jakina, komenigarria da, halaber, bidaiari ekin eta ibilbidea planifikatu aurretik aurreikuspen meteorologikoak begiratzea.»
Sortzez Garbiaren zubia hildakorik gabe amaitu zen iaz; hala ere, 173 istripu erregistratu ziren (horietako 44, biktimadunak) eta bost pertsona larri zauritu ziren. Trafiko intentsitate handieneko uneetan zenbait kilometrotako auto-ilarak sortu ziren: ostiralean (abenduak 5), BI-637 Avanzadan, Getxorako norabidean, bai eta GI-20 errepidean ere, 5. kilometro-puntuan, Kantabriarako bidean, Garbera saltoki-gunera zihoazen ibilgailu ugariak zirela-eta; igandean (abenduak 7), Frantziarekin mugan, Frantziarako bidean, 21:30tik 22:30ra bitartean, kamioi-trafikoa zela kausa, eta astelehen arratsaldean (abenduak 8), itzulerak zirela eta, El Hayan eta AP-68 autobidearen 13,5 kilometro-puntuan, Bilborako norakoan).
Informazioa gehiago izateko, Trafiko Zuzendaritzaren webgunea (www.trafikoa.eus) nahiz Twitter kontua (@trafikoaEJGV) kontsultatu daitezke, edo 011 telefono-zenbakira deitu.
Gomendioak
Bidaiatuko baduzu, komenigarria da honako aholku hauek aintzat hartzea:
Gidatuko baduzu, ez kontsumitu edari alkoholdunik ez eta bestelako drogarik.
Erabili segurtasuneko gerrikoa, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu adingabeak haurrentzako euste-sistema egoki batean doazela.
Errepidean txirrindularirik aurkitzen baduzu, jokatu arretaz eta begirunez. Haiek aurreratzeko, gutxienez metro eta erdiko tartea utzi behar da alboan.
Eguraldia txarra bada, are arreta handiagoz jokatu behar da: txikitu abiadura eta handitu aurretik dituzun ibilgailuekiko tartea. Lurzorua bustia badago, distantzia handiagoa behar da ibilgailua gelditzeko.
Higatutako pneumatikoek ez dute ura behar bezala baztertzen eta istripua eragin dezakete. Horregatik, aldian-aldian ordezkatu egin behar dira. Haizetako-garbigailuak beti egoera onean egongo dira.
Izotza dagoenean, ABS bezalako sistema modernoek edo erabateko trakzioak ez dute saihesten ibilgailuak labain egitea eta, beraz, egokiena abiadura murriztu eta zuhurtzia handiagoz gidatzea da.