Berriak Segurtasuna
Eu

Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak informaziopean jarri du Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea, eta udalekin dituen hitzarmen eta ekimenen balantzea egin du

2015.eko abenduak 02

Gaur egun 159 hitzarmen daude sinatuta, guztira, Euskadiko 66 udalerrirekin

Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia buruan, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan bildu da, besteak beste Euskal Herriko Poliziari buruzko Lege-proiektuaren inguruan informatzeko eta, zehazki, Udaltzaingoen gain eragingo duten alderdien inguruan. Honako hauek izan dira bileran: Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga; Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko, Ertzaintzaren eta Araubide Juridikoaren zuzendariak, eta hiru hiriburuetako segurtasuneko zinegotziak, hau da, Tomás del Hierro, Borja Belandia eta Martín Ibabe; haiekin batera izan dira, halaber, Eudelen ordezkari eta Mungiako alkate Ager Izagirre, eta Amurrioko eta Leioako zinegotziak, Alberto Artexe eta Juan Carlos Martínez Llamazares.

Ekinbide – Segurtasun Publikoaren Sistema Hobetzeko Herritar Ekimenen Bulegoa, Euskal Herriko Poliziaren Jardunbide Egokien Batzordea, lurraldez kanpoko jarduerak, hautaketa-prozesuetarako deialdietan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aplikatzea, adina dela-eta egokitutako zerbitzu aktiboa, langileen eta giza baliabideen kopuruaren araberako kategoria profesionalak: horra hor Euskal Herriko Poliziari buruzko Lege-proiektuan sartu diren artikulu berriak eta Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak gaur aztertu dituenak.

Horrez gain, tokiko polizia-koordinaziorako batzordeen balantzea egin dute batzorde horretantxe, baita lantaldeen eta udalekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen balantzea ere. Gaur egun, 159 hitzarmen dituzte sinatuta orotara, Euskadiko 66 udalerrirekin.

Guztira, 45 udalek sinatu dute Udaltzaingoek bitarteko agenteen lan-poltsak baliatuta langileak kontratatu ahal izateko lankidetza-hitzarmena. Abiarazi zenetik, 177 kontratazio egin dira: 105 Bizkaian, 71 Gipuzkoan eta 1 Araban.

Segurtasun Sailak udalekin gauzatzen dituen beste koordinazio-neurri batzuei gehitu zaie ekimen hori: esaterako, gidariengan drogen presentzia baieztatzeko listu-laginak aztertzeko 38 lankidetza-hitzarmenak; komunikazio-sistemak estandarizatzeko 54 Tetra hitzarmenak; listu-laginak tratatzeko sinatutako 17ak eta poliziaren oharretara eta datu-bankuetara sartzeko protokoloetarako 5ak.

Bileran, jakinarazi dute zer egokitzapen egin diren azken lege-erreformetan Estatistikan, salaketa-orrietan eta atestatuen eginbideetan.

Euskadiko udaltzainburuek atzo Erandion egindako bileraren ostean bildu da Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea; atzo 60 bat udaltzainburu elkartu ziren, eta haiekin izan ziren Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Jorge Aldekoa ertzainburua ere.

 

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2015.eko abenduak 02

    Comentario de Twitter:
    La Comisión de Coordinación de Policías Locales somete a información la Ley de Policía del País Vasco y hace... https://t.co/HHEkKADfYb

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)