Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak Hiriko Bide Segurtasunari eta Mugikortasun Seguruari buruzko Jardunaldiari hasiera eman dio

2015.eko abenduak 02

Gaur goizean Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon

Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Herediak, eman dio hasiera gaur goizean, Bilbon, Euskadiko Artxibategi Historikoan egiten ari diren Hiriko Bide Segurtasunari eta Mugikortasun Seguruari buruzko Jardunaldiari. Topaketak bide-segurtasunaren arloko adituak bildu ditu hizlari gisa eta Euskadiko Trafiko Zuzendaritzaren eta udalen arteko lankidetza sakontzeko eta hedatzeko balio izan du, baita udalak euskal udalerrietan mugikortasun seguruago eta iraunkorragoari bide emango dioten tresnez hornitzeko ere.

«Garrantzitsua da tarteko erakunde guztiek bulkada politikoa ematea, norabide berean eramango gaituzten jardute-politika eta -dinamika zehatzak sustatu, bultzatu eta gauzatzeko, eta gure kale eta errepideetan bide-segurtasuna lortzeaz gain, denboran zehar jasangarriak izan daitezela ere lortzeko» adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak inaugurazioan.

Inaugurazioaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok eman die hasiera hitzaldi teknikoei, Euskadiko bide-segurtasunaren azkeneko ekitaldiko balantzea aurkeztuz. «EAEko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako 2015-2020 aldiko Plan Estrategikoak asmo handiko helburuak ezartzen dizkigu: istripu-tasa beheratzea eta azken urteotan bide-segurtasunaren arloan gertatzen ari den kultur aldaketa finkatzea –baieztatu du zuzendariak hitzaldian–. Helburuok betetzeko, administrazio ororen lankidetza eta konpromisoa behar dugu.Horrexegatik antolatu dugu, hain zuzen ere, bereziki toki-erakundeei zuzendutako lan-jardunaldi hau».

Jardunaldiari hainbat hizlarik eman diote jarraipena, bide-segurtasunarekin lotutako esparruetan adituak guztiak. Mª Jesús Iturraldek, Trafiko Zuzendaritzako bide-heziketaren alorreko arduradunak, prebentzioa eta, zehazkiago, bide-segurtasunaren giza aldagai delakoa hartu du ardatz gisa. Hala, hainbat adibide eman ditu, sentikortzeko eta prebenitzeko jarduerak udal-politika eta -antolaketan nola integratu erakusteko asmoz.

Trafiko Zuzendaritzak udal txiki eta oso txikiei beren Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Planak egiteko eman diezaieken laguntza izan da, berriz, Josu Sierra Trafiko Zuzendaritzaren ikerketa-arloko arduradunaren hitzaldiaren gaia. Bestalde, Iñaki Eguiarak, Trafiko Zuzendaritzaren Ingeniaritzako esparruko arduradunak, trafikoa baretzeko tekniken inguruan jardun du, eta hiriko eta hiri-arteko trafikoaren artean desberdindu du; izan ere, hiri-arteko trafikoan apenas dago ibilgailu eta erabiltzaile kalteberen (oinezko, txirrindulari...) arteko elkarreraginik; hirikoan, ordea, nabarmena da elkarreragina. Azkeneko 20 urteotan, trafikoa baretzeko hainbat estrategia eta ekipamendu diseinatu eta abiarazi dira Segurtasun handiagoa lortzeko helburuz.

Mahai-inguru batek eman dio amaiera jardunaldiari, «Mugikortasuna eta segurtasuna herri-barruetan» izenburuarekin. Honako hauek hartu dute parte: Alfonso Gil, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Zirkulazio Politiketako koordinatzailea; Pilar Arana, Donostiako Mugikortasun eta Garraioetako zinegotzia; Álvaro Iturritxa, Gasteizko Udaleko Hirigintza, Ingurumen eta Espazio Publikoetako koordinatzaile nagusia, eta Ager Izagirre, Mungiako alkatea, EUDELen ordezkari. Mahai-ingurua eta osteko eztabaida-saioa Luis Murguiak, RAVCNko Mugikortasun eta Bide-segurtasuneko aholkulariak, moderatu du.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2015.eko abenduak 02

    Comentario de Twitter:
    Segurtasuneko sailburuak Hiriko Bide Segurtasunari eta Mugikortasun Seguruari buruzko Jardunaldiari hasiera eman... https://t.co/ds2x1byIXU

  • @rgartzia
    2015.eko abenduak 02

    Comentario de Twitter:
    Segurtasuneko sailburuak Hiriko Bide Segurtasunari eta Mugikortasun Seguruari buruzko Jardunaldiari hasiera eman... https://t.co/LF3zZARi3S

  • @PNV_Indautxu
    2015.eko abenduak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Segurtasuneko sailburuak Hiriko Bide Segurtasunari eta Mugikortasun Seguruari buruzko Jardunaldiari hasiera eman dio➡https://t

  • @Gob_eus
    2015.eko abenduak 02

    Comentario de Twitter:
    Segurtasuneko sailburuak Hiriko Bide Segurtasunari eta Mugikortasun Seguruari buruzko Jardunaldiari hasiera eman dio➡https://t.co/wCmIR5B2RY