Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Gobernuak 2016-2019 aldirako Gizarte-Zerbitzuen Plan Estrategikoa onartu du. (2015-12-01(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko abenduak 01

Erabakia, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa 2016-2019 onartzeko.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak EAEko 2016-2019 aldirako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa onartu du, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak hala proposatuta.

Gobernu-plan hori funtsezko tresna bat da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema abiarazteko, haren unibertsalizazioan aurrera egiteko eta 2016ko abenduaren 25etik aurrera sistemaren zerbitzu eta prestazio ekonomikoak eskubide subjektibo gisa eskuratu ahalko direla bermatzeko.

Planak gizarte-premien diagnostikoa ezartzen du, eta horien bilakaeraren pronostikoa egiten (katalogoko prestazio eta zerbitzuen premietan eta eskarian eragin lezaketen faktore giltzarrien azterketa eta maparen gain egindako proiekzioak); horrez gain, ildo estrategikoak, helburuak eta horiek lortzeko egokien diren jarduketak jorratzen ditu. Plan Estrategikoaren bi oinarrizko elementu dira horiek, Gizarte Zerbitzuen legean aurreikusitakoarekin bat.

Horrez gain, proiektuak barruan hartzen du euskal administrazio publikoek, legeak ezarritako eskumen-araubidearen arabera, estaldura eta arreta-ordu horiek bermatzeko egin beharreko gastu korronte publikoaren estimazioa, bai eta diru-sarreren zenbatespena ere. Halaber, EAEko Gizarte Zerbitzuen Mapa bat dakar: hor zehazten dira, besteak beste, estaldurak, arreta-orduak, beharrezko plazak, eta zenbat prestazio ekonomikoen jasotzaile artatu beharko diren 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera (gutxienez, EAEren batez besteko estalduraren % 80 data horretan, eta % 85 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera).

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema finkatzeak esan nahi du EAE osoan prestazio eta zerbitzu berak eskuratu ahal izatea bermatuko dela: hau da, arreta (estaldura) antzekoetarantz -ez, ordea, berberetarantz- aurrera egitea. Gizarte-zerbitzuen behar eta eskarian, faktore demografiko eta sozialek (zahartzea, migrazio-saldoa, krisiaren eragin sozial, aurrez eremu bakoitzean dagoen arreta-sarea) eragiten dute. Nolanahi ere, ez dituzte efektu homogeneoak sortzen, lurralde historikoen artean, baita udal artean ere, desberdintasunak dira-eta.

Azken batean, sistema bakarrerantz aurrera egitea da helburua, baina lurralde bakoitzaren errealitatea harturik abiapuntu gisa eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzu eta prestazio ekonomikoak emateko zuzeneko ardura duen administrazio publiko bakoitzaren kudeaketa-aukerak errespetaturik; betiere, honako hauek ezarritako baldintza eta mugen barruan: Gizarte Zerbitzuen Legeak, prestazio- eta zerbitzu-zorroari buruzko dekretuak, Legea eta zorroa garatzeko dekretuak, Plan Estrategikoak eta Mapak.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Aitorrtxu
    2015.eko abenduak 02

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco aprueba el Plan Estratégico de Servicios Sociales 2016-2019. https://t.co/QltMsUaJga

  • @BetionEJGV
    2015.eko abenduak 01

    Comentario de Twitter:
    Gobernuak 2016-2019 aldirako Gizarte-Zerbitzuen Plan Estrategikoa onartu du. https://t.co/9K633kByMD

  • @BetionEJGV
    2015.eko abenduak 01

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco aprueba el Plan Estratégico de Servicios Sociales 2016-2019. https://t.co/qA3acW6O4U

Komunikabideek behera kargatzeko